Koldo Almandoz.
Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldia. PLANO SUBJEKTIBOA

ZzzZzzZzz

2014ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Mendi buelta edo eskiatzen amaitu ostean botak kentzen dituzun une horren modukoak dira, Zinemaldian, pelikula proiekzioen artean dituzun bakardade momentu eskas horiek.

Atzo, tarte horietako batean, menu bat bazkaltzera sartu nintzen taberna batera. Egurrez eta alanbrez eginiko pintza erraldoi horrek hartutako berripaper bat irakurtzen hasi nintzen. Izugarri gustatzen zaizkit pintza horiek. Egunkariari duen balioa ematen diotela iruditzen zait. Estatus moduko bat. Arkitektura bat. Pisu bat. Haurtzaroan, etxean, jaten den bitartean irakurtzea edukazio txarrekoa dela entzun dudalako, oraindik lotsaz irakurtzen dut bazkaltzen dudan bitartean. Egunkariko orrietatik begirada ahalik eta gutxiena altxatzen saiatzen naiz ingurukoen gaitzespen begiradak saihestearren batetik eta lasaitasun une horietan ezagunen bat ez topatzearren bestetik. Bakardade une horiek, komunekoak bezalaxe, sakratuak direlako.

Egunkaria atzealdeko orrietatik ireki eta berehala ikusi nituen boligrafo urdinez eginiko anotazioak. «Parece majo!!», Denzel Washingtonen argazkiaren azpian. «Guapisima!», Edurne Ormazabalen argazkiaren gainean idatzita.

Berripapereko orrialde guztiak ikuskatu nituen irakurle anonimoaren komentario gehiagoren bila. Ez nuen besterik topatu. Dirudienez zinema orrialdeetako argazkiek soilik piztu zuten irakurle anonimoaren grafiti grina. Eskoziako bozketek adibidez ez zuten aipamenik merezi. Gurutzegramara iritsi nintzenean azaldu zen berriro egunkari komentaristaren marka. Gurutzegramaren alboan gezi bat eta «hijoputa!» idatzi zuen. Esango nuke norbait aurreratu zitzaiola atzo gure grafiti egileari gurutzegrama egiteko orduan.

Tabernetako egunkarietan idatzi beharko genituzke gure komentarioak. Eguna pasatu ahala, egunkaria grafitiz aberasten eta ahotsez betetzen joango litzateke. Nik adibidez, Denzel Washington aktore estajanobista bat dela idatz nezakeen (bere filmografia errepasatzea besterik ez dago). Edo Ormazabalek urtero aurkezle lanetan haren alboko aktoreak irensten dituela ere idatz nezakeen. Baina aukeran, ZzzZzzZzz idatziko nuke. Atzetik datorren irakurleari (edo gurutzegrama egileari) inaugurazio, sariketa eta halako galek zenbat aspertzen nauten adierazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.