Estreinaldia

Anarik Nacho Vegasen 'Vinu, cantares y amor' abestia moldatu du

Tradizioz udako oporren osteko lan egutegiaren hasiera ezartzen duen eguna aukeratu du Anari kantariak grabatu duen azken abestia plazaratzeko. Nacho Vegas asturiarraren Vinu, cantares y amor kantuaren bertsio bat egin du, euskarara egokituta. Abestiaren bideoklipa BADOK atariak estreinatu du, gaur.

Badok.eus
2021eko irailaren 1a
11:26
Entzun

Zarauzko (Gipuzkoa) Putzuzulon grabatua da bideoklipa, «amets fabrikaren eraiste neurtuaren bezperetan», plano sekuentzia bakarrean, eta Anari Alberdiren eta Iker Trebiñoren zuzendaritzapean. Anariren taldeko ohiko kideez gain —Mariano Hurtado (teklatua), Mikel Abrego (bateria), Xabier Olazabal Drake (baxua), Ander Mujika (gitarra) eta Xabi Etxeberri (biola)—, hainbat lagunek parte hartu dute abestiaren grabazioan, koruak eginez; besteak beste, Mursego eta Miren Narbaiza musikariek, Maialen Lujanbio bertsolariak, eta Eider Rodriguez eta Kattalin Miner idazleek.

Vinu, cantares y amor abestia Ramon Bilbao bodegaren enkarguz sortu zuen Vegasek, eta ondoren Canciones populistas diskoan (2015) jaso zuen.

Hurrengo kontzertua irailaren 11n emango du Anarik, Lemoan (Bizkaia), formatu akustikoan, Lemoakustik jaialdiaren barruan. Eneritz Furyak, Abereh, Hartz eta Serge ere bertan izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.