bertsolari Txapelketa Nagusia

Andoni Egaña txapeldunak "indartsu" ikusten du bertsolari belaunaldi berria

Abenduaren 13an jokatuko dute Txapelketa Nagusiko finala BECen eta, harez gain, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi eta Sustrai Colina ariko dira. 14.500 ikusle izango dira, 2005ean baino mila gehiago.

2009ko abenduaren 2a
20:59
Entzun
Abenduaren 13ko Txapelketa Nagusiko finalari begira bertsolari belaunaldi berria "indartsu" ikusten duela adierazi du gaur Andoni Egaña egungo txapeldunak. Finalak eta jendetzak sortzen duten "ikarak indarra" ematen diola aitortu du.

Harez gain, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi eta Sustrai Colina ariko dira finalean, Barakaldon (Bizkaia), BECen. Duela lau urte ere han izan zen txapelketako azken saioa, aurreneko aldiz.

14.500 ikusle izango dira, duela lau urte baino mila gehiago. Agortuta daude sarrerak. 11:00etan hasiko da lehen saioa, 16:30ean bigarrena. Gaur aurkeztu dute finala, aretoan bertan, eta han izan dira finalistak.

Joxe Agirre bertsolari beteranoa izango da aurten irabazleari txapela jarriko diona. 2005ean Imanol Lazkano izan zen Egañari txapela ipini ziona.

Finaleko zortzi bertsolariak

Andoni Egaña. 48 urte, Zarautz (Gipuzkoa). Bera Txapelketa Nagusiko egungo txapelduna. 1993an, 1997an eta 2001ean ere jantzi zuen txapela. Finalean zazpigarrenez izango da.

Maialen Lujanbio. 33 urte, Hernani (Gipuzkoa). Laugarren Txapelketa Nagusia du, eta 2001ean txapeldunorde izan zen. 2003an Gipuzkoako txapeldun geratu zeb. Hernaniko bertso eskolan hasitako bertsolaria da.

Amets Arzallus. 25 urte, Hendaia (Lapurdi). Hirugarrenez kantatuko du Txapelketa Nagusian. Iparraldeko txapelduna da. Hendaiako bertso eskolako irakaslea da.

Aitor Mendiluze. 34 urte, Andoain (Gipuzkoa). 2001ean eta 2005ean Txapelketa Nagusiko finalerako sailkatu zen. Gipuzkoako egungo txapelduna da. Hernani eta Andoaingo bertso eskoletan ibilitakoa da. Ikasle ez ezik, bertso irakasle ere jardun du.

Jon Maia. 36 urte, Zumaia (Gipuzkoa). Hiru aldiz abestu du Txapelketa Nagusiko finalean; horietatik bitan, Donostiako belodromoan. Zumaiako bertso eskolan aritutakoa.

Unai Iturriaga. 35 urte, Durango (Bizkaia). Egungo txapeldunordea da. Txapelketan parte hartu duen guztietan iritsi da finalera. Bi aldiz izan da Bizkaiko txapelduna. Durangoko bertso eskolan ibilitakoa.

Aitor Sarriegi. 32 urte, Beasain (Gipuzkoa). Txapelketa Nagusiko azken hiru edizioetan finalaurrekoetara heldu da, eta aurten ariko da lehenengoz finalean. 2007an Gipuzkoako Txapelketan finalista izan zen. Goierriko bertso eskolako kidea da.

Sustrai Colina. 26 urte, Urruña (Lapurdi). 2001 eta 2005eko Txapelketa Nagusietan finalista izan zen, eta Iparraldeko 2008ko txapeldunordea da. Hendaiako bertso eskolan ibilitakoa da ikasle eta irakasle.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.