The Black Power Mixtape ikusi beharreko dokumentala da. Besteak beste, Angela Davis ageri da gaztetan, Soledad anaien auziagatik kartzelan zela, kazetari suediar baten galderei erantzuten. Indarkeriaz galdetzen dio, eta haren erantzuna antologikoa iruditzen zait. Birminghamen (Alabaman) hazi zela kontatzen dio, bere lagunik onenetako batzuk arrazistek jarritako bonbek hil zituztela. Oso txikia zenean kalearen beste aldean eztanda egiten zuten bonbak gogoratzen ditu. Bere aitak armak eraman behar zituela beti aldean, edozein unetan edonori eraso ziezaioketelako. Bonba batek hil zituen auzoko lau neska gazte aipatzen ditu: familiaren lagunak ziren. Amaieran esaten du norbaitek indarkeriaz galdetzen dionean sinestezina egiten zaiola, horrek esan nahi duelako galdetzen duenak ez dakiela ezer beltzek Estatu Batuetan bizi izan dutenaz.
Zinematik ateratzean, 13 urte inguru nitueneko kontu bat gogoratu nuen. Negu Gorriak izan zen umetan eta gaztaro hasieran gehien entzun nuen taldea. Taldearen elastikoa eta bisera aldi berean jantzita ere ibiltzen nintzen. Gogoan dut JFK kanta entzun nuenean Ferminek aipatzen zituen lagun amerikar guztien berri bilatzen hasi nintzela entziklopedian—badakit erridikulua dela, baina sasoi hartan orduak ematen nituen entziklopedian edozein gauza bilatzen—. Aurkitu nuen Che Guevara, aurkitu nuen Malcolm X… Angela Davis ez zen inon ageri, nik eskura nituen entziklopedietan ez behintzat. Behin eta berriz begiratu nuen. Angela Davis nire laguna omen zen, lagun amerikarra, eta nik ez nekien berari buruzko ezer. Izen asmatua ere izan zitekeen. Urte batzuk geroago jakin nuen emakume aktibista beltz, marxista, feminista, lesbiana bat zela, besteak beste. Entziklopedietan leku bat izateko curriculumik onena, inondik inora. Baina indarkeria justifikatu omen zuen, eta denok dakigu pertsona biolentoak ez direla azaltzen entziklopedietan.
Bi ahotsetara
Angela Davis, gure laguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu