Zinegoak

Angeles Cruzi emanen diote Zinegoak jaialdiko ohorezko saria

Zuzendari, gidoilari eta aktore mexikarraren «konpromiso soziala» nabarmendu dute festibaleko ordezkariek. Cruzek komunitate indigenetako errealitateak irudikatu ditu sarri. 2022an, jalaldiko Lesbianismoaren eta Generoaren saria jaso zuen, Nudo Mixteco lanagatik.

Angeles Cruz zuzendari, gidoilari eta aktorea, artxiboko irudi batean. ZINEGOAK
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko ekainaren 6a
12:05
Entzun

Angeles Cruz zinemagile, gidoilari eta aktore mexikarraren lanari eginen dio aitortza aurtengo Zinegoak jaialdiaren ohorezko sariak. Zinemaldiak hogeigarren aldia izanen du 2023an, eta, hain zuzen ere, gaur jakinarazi dute nork jasoko duen zinema ibilbideak omentzeko saria. Mexikoko zinemagintzaren erreferente argia da Cruz, Oaxaka estatukoa batez ere. «Balio zinematografiko ukaezina dauka, diskurtso konprometituaren zerbitzukoa betiere», adierazi du jaialdiko zuzendari artistiko Alaitz Arenzanak. Sarituak ekainaren 26an jasoko du garaikurra.

Hala, zinemagile mexikarrak urteetan eginiko bideari eginen diote aitortza. Arenzanaren esanetan, Cruzen lanek erakutsi dute haren ahotsak «zilegitasuna» duela normalean ezkutuago egoten diren gaiez jarduteko. Zinemagileak sarri irudikatu ditu landa eremuko eta komunitate indigenetako errealitateak. Are, Arenzanaren iritziz, «ausardia handiz» egin du horren alde, eta horrek nabarmen balio izan du gai batzuen gaineko hausnarketa eta elkarrizketa franko bultzatzeko.

Emakumeen kontrako indarkeria, haurren abusua, matxismoa, bazterkeria, pobrezia eta sexu aniztasuna; Cruzek horiek eta beste jorratu ditu lanetan. Hain justu ere, Zinegoak festibalak hari eman zion iaz Lesbianismoaren eta Generoaren saria, Nudo Mixteco film luzeagatik. Bere komunitatean egin zuen lan hura, eta haurren abusuen eta komunitate indigenetako harreman lesbikoez jardun zuen, besteak beste.

Cruzek Oaxacako Miguel Cabrera heziketa zentroan ikasi zuen, eta, antzezpenerako prestatu zen gero, baita lizentziatu ere, Mexikoko Arte Ederren eta Literaturaren Institutu Nazionaleko Antzerki Artearen Eskolan. 1994an ekin zion aktore ibilbideari, eta 2011n hasi zen gidoigintzan eta zuzendaritzan. Hauek dira eginiko lanetako batzuk: La tiricia o cómo curar la tristeza (2012), La carta (2014) eta Arcángel (2018).

Sarituak ekainaren 26an jasoko du Zinegoak-en garaikurra. Bilbon izanen da egun horretan, festibalaren inaugurazio ekitaldian. Zehazki, jaialdia 26an hasiko da, eta uztailaren 3an bukatu. Gainera, ekainaren 25ean, Cruz solasaldi batean arituko da Bilborocken, Irantzu Varela kazetaria lagun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.