Anima jaialdiak Tim Burtonen obran eta Italiako animazioan sakonduko du

Sail ofizialeko film kopuruari eutsiko dio Basauriko jaialdiak, egun bat gutxiago iraungo duen arren

Aitor Herreroren Bihotz umel bat film laburra Animako sail ofizialean emango dute. - / BERRIA.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Diru arrazoiak tarteko, egun bat gutxiago izango du aurten Basauriko (Bizkaia) Anima jaialdiak. Nolanahi den, maila handiko egitarauari eutsi egin diotela esan du Maria Jesus Diez zuzendariak. Apirilaren 1etik 7ra bitartean, gai eta teknika askotariko animazioen erakusleiho izango da. 30 herritako filmak izango dira lehian. Pakistan, Iran, Korea, Txile, Txina, Japonia, AEB, Mexiko, Argentina, Frantzia eta Euskal Herrikoak, besteak beste. Zortzi film luze, 35 milimetrotan ekoitzitako 35 film labur eta DVD euskarrian sortutako 75 lan labur izango dira sail ofizialean. Chelo Loureiro, Jose Luis Farias, Juanjo Elordi, Jesus Maria Mateos, Lucia Olaziregi eta Miguel Gomez-Tejedor zinemagileek epaituko dituzte.

Lehian izango diren filmen artean, Luc Besson frantsesaren Arthur eta Munduen Gerra eta Liu Jian estatubatuarraren Piercing nabarmendu ditu Diezek. Maiatzaren 6an estreinatuko da Bessonen filma Euskal Herrian. Ordea, Animak jaialdiaren irekiera festan eskainiko du, alegia, ostiral honetan Social antzokian 20:00etan izango den ekitaldian. Jianen Piercing filmak, berriz, Annecyko jaialdi entzutetsuan lehen saria irabazi du. Laburren artean, lau euskal zinemagileren lanak lehiatuko dira Basaurin: Aitor Herreroren Bihotz umel bat, Pedro Riveroren Birdboy, Isabel Hergueraren Amar eta Galder Arriagaren Muxu bat.

Orobat, Tim Burton eta Pablo Llorensen lanak emango dituzte, atzera begirako ziklo banatan. Bere filmetan bazterreko pertsonaiak sartzeko joera du Burtonek. «Animazio kritikoa, bizia eta zirikatzailea egiteagatik da ezaguna», Diezek azaldu duenez. Alabaina, Disneyrentzako lan egin zuen bere ibilbidearen hastapenean, eta orduan egindako lanak ere izango dira ikusgai Animan, 1982an Disneyrentzat egindako Vicent-ekin hasi eta iaz estreinaturiko Alice in Wonderland arrakastatsuarekin buka. Arizko dorretxean, gainera, Burtonek sortutako pertsonaien zirrimarren eta marrazkien erakusketa izango da, apirilaren 10era arte.

Telesailen indarra

Pablo Llorensen animazioa «oso bitxia» dela uste du Diezek. «Stop motion eta plastilinaren teknikak garatuz sortu ditu bere pelikulak». Espainiako bi Goya sari lortu ditu, Caracol, col, col psiko-thrillerrarengatik lehena, 1996an; eta El enigma del chico croqueta lan fantastiko surrealistagatik bestea, 2005ean. Llorensen beste hainbat film ere erakutsiko ditu Animak.

Italiako sortzaileen animazioari erreparatuko dio Animak, Italia herri gonbidatua izango denez. Besteak beste, Bruno Bozzetoren 1976ko Allegro no tropo «ezaguna» eta Enzo d'Aloren 1998ko La gabbianella e il gatto «arrakastatsua» emango dituzte, azken hamarkadetako film laburren bilduma batez gainera.

Diezek azaldu duenez, telesailek indar handia hartu dute animazioaren alorrean, eta tankera horretako gero eta lan gehiago jasotzen dituzte. Hainbeste, ezen sail batean biltzea erabaki duten.Layla Atkinsonen Nasty Habits (Erresuma Batua), Jokson Johnen Indian Fables (India), Isabelle Lenobleren It's Chinese (Frantzia) eta Tom Petterhansen eta Frank Mosvolden Hubert-Modern Art (Norvegia) emango dituzte lehiatik kanpo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.