Anton Txekhoven 'Osaba Vania' estreinatuko du gaur Chimeresek

Bizitza huts egina duten pertsonaiak ekarriko ditu gaur Baionara, euskara eta frantsesa nahasiz

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2010eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Anton Txekhovek 1897an idatzi obrari lotu zaio Miarritzeko Chimeres antzerki taldea. Oncle Vania / Osaba Vania taldearen lan berria gaur Baionako antzokian estreinatuko dute, 20:30ean. Euskal Herriko lehena dute. Eta ostegunean Hendaiako Variete aretoan emango dute, tenore berean.

Izenburuak berak dioen bezala, frantsesez eta euskaraz prestatua dute obra. Emanaldi berean bi hizkuntzak nahasten dituzte. Aktoreak taula gainean hizkuntza batean edo bestean ari direla, bazterreko pantailan itzulpena irakur daiteke. Euskaraz ari direlarik, frantsesezkoa, eta frantsesez ari direlarik, euskarazkoa. Frantsesak presentzia handiagoa du euskarak baino, Jean-Marie Broucaret taula zuzendariak zehaztu duenez. Horiek horrela, hizkuntza batetik bestera pasatze horretan datza interesa, haren iduriko. Gaur egungo errealitate bat delako nahi izan ditu jarri horrela: «Unibertsala den problematika bat aipatu nahi dugu gure bizitokiaren bitartez». Leku izenak Errusiakoak utzi dituzte, haatik.

Broucaretek berak ez daki euskaraz, eta ez duela ikasi nahi izan ere errana izan du. Badu 45 urte baino gehiago Euskal Herrian bizi dela: «Ez dudalakotz ezer ulertzen, gehiago ikusten dut. Baina nire baitatik ez bada pasatzen ere, ikusleak harrapatuko du», deritzo. Ikusle euskaldunarentzat, preseski, zer interes ote hizkuntz nahasketa horrek? «Zaila egiten zait publiko euskaldun baten lekuan pentsatzea». Hasteko, hark «plazera» sentitzen du nahasketan: «Adibidez, pertsonaia bat ari da 'maite zaitut' erraten euskaraz, eta handiz idatzirik, Je vous aime frantsesez irakurtzen da. Maitasunaren nozioa irekitzen dit horrek. Bat-batean ohartzen naiz hori ez dela bakarrik nire hizkuntzan existitzen».

Antzerkiarekin plazaratu nahi duen filosofia hauxe du zuzendariak: «Bizia erdiesteko, ez dago jarraibiderik, ez frantsesez, ez euskaraz, ez errusieraz. Beti gaude horren bila». Berez, hainbat konturen artean, huts egin biziak dituzte taula gainera ekartzen pertsonaiek, existentziari buruzko galdeketa bat proposatuz: «Baina azpimarratu behar da komikoa dela», beti Broucareten hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.