Antton Elizegi argazkilaria hil da

Euskal Herrian azkeneko bost hamarkadetan gertatutako bilakaera erakutsi zuen bere argazkietan.

Antton Elizegi
Antton Elizegi, 2020an. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2023ko abenduaren 27a
16:35
Entzun

Antton Elizegi Beloki argazkilaria Lasarte-Orian sortu zen (Gipuzkoa), 1938an, eta Hernanin hil da (Gipuzkoa), bizitokitzat hartutako herrian, hain zuzen; 85 urte zituen. Elizegi Euskal Herriaren eraldaketaren lekuko bizia izan zen, eta haren lanek landa eremuan nahiz hiriguneetan azkeneko bost hamarkadetan gertatutako bilakaera erakusten dute.

Elizegi delineatzailea zen ofizioz, baina argazkilaria pasioz. 15 urte zituela, Laborde Hermanos enpresan hasi zen lanean, Andoainen (Gipuzkoa), eta han sortu zitzaion argazkigintzarako grina. Lan mundurako lehen urratsak ere han egin zituen, industriarako makina, erreminta eta delineazio tresnen artean.

Argazkilari gisa, 1970eko hamarkadatik aurrera finkatu zuen bere estiloa, batez ere gaikako serieak landuz; esate baterako, Gipuzkoako herriak, baserriak, Arantzazuko apostoluen frisoa, margolari eta eskultoreak, industria arkeologia, natura... Haren jardunaren bereizgarrietako bat zuriaren eta beltzaren arteko kontraste bizia izan zen. Argi-ilunen jolasak zituen gustuko.

2019an, Donostiako San Telmo museoaren esku utzi zuen bere obra osoa, tartean diapositibak, negatiboak, argazkiak paperean, liburu maketak eta oharrez betetako koadernoak. Elementu artistiko horien guztien iraupena bermatzea eta herritarren eskura jartzea zen haren asmoa; guztira, 45.000 artxibo baino gehiago jaso zituen San Telmo museoak, dohaintza gisa. Urteetan erabilitako argazki kamerak eta argazkigintzari lotutako objektu ugari ere utzi zituen.

2020ko otsailean, afizioz egindako milaka lan horiek aztertu, haren ibilbidean jorratutako gaien arabera sailkatu, irudi adierazgarrienak zerrendatu, eta 150 argazki inguru jarri zituzten ikusgai museoan, Atzera begirako poesia izenburupean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.