Antton Valverdek jasoko du Adarra saria

Euskal musikan egindako bidea aitortuko diote Antton Valverde musikariari. Ekainaren 21ean kontzertua emango du Viktoria Eugenia antzokian, Donostian.

Antton Valverde gaur, Viktoria Eugenia antzokian. JON URBE / FOKU
Antton Valverde gaur, Viktoria Eugenia antzokian. JON URBE / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2025eko apirilaren 29a
11:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Antton Valverdek jaso du Donostia Kulturaren 2025eko Adarra saria. Sarituak, urtero bezala, kontzertua emango du Musikaren Europako Egunean; alegia, ekainaren 21ean. Viktoria Eugenian izango da, 19:30ean. Egun horretan, Joxan Goikoetxea (akordeoia), Ivan Carmona (biolontxeloa), Francisco Herrero (biolina) eta Txema Garces (kontrabaxua) izango ditu aldamenean. Sarrerak gaur jarriko dira salgai Donostia Kulturaren webgunean bai eta Antzoki Zaharreko eta Viktoria Eugeniako txarteldegietan ere, 20 eurotan.

Ibilbide luzeko musikaria da Valverde. Ia hirurogei urte daramatza musikari lotuta, eta haren diskografian era askotako lanak aurki daitezke. Batzuetan proiektu baten partaide moduan aritu da, beste batzuetan bakarka, eta artista batzuen laguntzaile ere izan da. Haren lehen lanak hiru EP izan ziren, eta bakoitzean launa kanta bildu zituen. Lehen lan luzea, berriz, Antton Valverde izan zen. Hain zuzen, aurten bete ditu 50 urte lan horrek, eta, besteak beste, efemeride hori baliatu du epaimahaiak Adarra saria Valverderi emateko. Bere diskografia ez zen horretara mugatu, ordea, eta lehen albumaren atzetik etorri ziren Lauaxeta (1978), Antton Valverde-Euskal kanta berria (1979), Urte giroak ene begian. Lizardi (1986), Larogeitamazazpi (1997), Hamabi amodio kanta. Charles Bordes (2007) eta Gaua. Ausentziaren itzala (2020).

Edurne Otamendik, Gorka Iribarrek eta Odile Kruzetak osatu dute epaimahaia, eta artista donostiarrak hainbat alorretan izan duen «eragina» aitortu nahi izan dute. Besteak beste, herri kanten eta bertso zaharren berreskurapenean edo euskal poeta klasikoen obraren zabalkundean. Lan hori goraipatu nahi izan du Jon Insausti Donostiako Kultura, Euskara eta Turismo zinegotziak: «Antton Valverdek lan nekaezina egin du euskal musikagintzan. Hari esker ezagutzen ditugu gure poeta handien ahotsak, eta haren soinuari esker berpiztu dira herri kantak, bertso zaharrak eta amodio koplak». Era berean, emakumezkoen poesiaren alde erakutsitako sentiberatasuna eta euskal kanta modernoaren agertokietara pianoaren soinua eramatea ere baloratu du epaimahaiak. «Eta batez ere, bere konposizio, grabazio eta zuzeneko emanaldiekin hainbeste musikazale gozaraztea estilo pertsonal zaindu eta dotoreaz», gaineratu dute.

«Eskertua eta maitatua»

Gaur goizean antolatu du prentsaurrekoa Donostia Kulturak, Viktoria Eugenia antzokian, sarituaren berri emateko. Bertan izan da Valverde, eta esker oneko hitzak egin dizkie haren ibilbidea saritu nahi izan dutenei: «Oso eskertuta nago horrelako sari bat jasotzeagatik. Oso maitatua sentitzen naiz, eta asko pozten nau horrek». Musikariak Marijose Rekalde eskultoreak egindako garaikurra jasoko du sari moduan.

Gitarra nagusi zen garaian pianoa jotzen hasi izana goraipatu du Insaustik, eta horri umorez erantzun dio sarituak. «Egia da garai horretan inork ez zuela pianoa jotzen kantatzerakoan. Neroni ere harritu egiten naiz zergatik tardatu ote nuen hainbeste pianoa hartzen».

«Oso eskertuta nago horrelako sari bat jasotzeagatik. Oso maitatua sentitzen naiz, eta asko pozten nau horrek»

ANTTON VALVERDEMusikaria

Valverdek gogoratu du «berandu» hasi zela kantuan, 27 urterekin hain zuzen. Baina, geroztik, «batetik bestera» aritu da, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo. Ia hirurogei urte eman ditu lanbide horretan, eta kantagintzari «asko zor» diola nabarmendu du. «Kantagintzari esker, nire herria geografikoki ondo ezagutu dut. Horri esker, jende asko ezagutzeko aukera ere izan dut, eta lagun asko egin ditut». Ez ditu denak aipatu, baina horietako batzuekin «nahi eta nahi ez» oroitu da. Xabier Lete, Karlos Gimenez, Joxean Artze, Julen Lekuona eta Lurdes Iriondo ekarri nahi izan ditu gogora, denak haren bidelagun izandakoak. «Haiekin askotan gogoratzen naiz, eta dauden lekura besarkada handi bat bidali nahi diet», esan du artistak, hunkituta.

Musikari donostiarrak ez du oraindik iragarri ekainaren 21eko kontzerturako zer errepertorio hautatuko duen, baina ohiko kolaboratzaileekin arituko dela ziurtatu du. Joxan Goikoetxea akordeoi jotzailea da horietako bat, eta Valverdek ondoan izan du musikaria, saria iragartzeko antolatutako prentsaurrekoan ere.

Badira urte batzuk Valverderen laguntzaile lanetan ari dela, eta lan hori «pribilegioa» dela adierazi du. «Karlos Gimenezekin, Xabier Leterekin eta Imanol Larzabalekin batera estilo baten sortzaile izan da, eta eredu horri eusten dio Anttonek oraindik ere, berrogeita hamar urteko ibilbidearen ostean. Bada zerbait!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.