Ordu laurden inguruko esketxak prestatu dituzte; horietako gehienak aktoreek gaur egun antzezten ari diren obren pasarteak dira. Horiekin batera, bi ikuskizun berri ere izango dira, galarako bereziki sortuak. Hala, galak ordu eta erdi inguru iraungo du. Pako Revueltas Pabellon 6 aretoko kideak eta galako antolatzaileak azaldu bezala, antzerkilariek beren lanarekin kolaboratu nahi dute BERRIArekin: «Antzerki munduko jendea diruz oso gaizki gabiltza, baina gure lanarekin kolaboratzea otu zitzaidan. Nik Pabellon 6ko kidea ere banaiz, eta plataforma hori erabiliz proposatu nien beste kideei, eta denek baietz esan zuten berehala».
'Aurkezle hutsa'
Ander LipusAnder Lipus aktoreari egokitu zaio aurkezle lana egitea. Eusebio baserritarra, Juan Junda, Manex Dominitxine Ipar Euskal Herriko kantaria eta Erregea eta bufoia obrako beste zenbait pertsonaia ekarriko ditu eta antzerki piezen arteko lotura egingo du.
Galan parte hartzeko arrazoi sendoa du Lipusek: «Euskal eremuan bizi naiz, euskal eremutik egiten dut antzerkia eta euskal eremuak ere behar du BERRIA bezalako komunikazio esparru bat. Besteetan, sarritan gure kultur ekintzek ez dute izaten lekurik, eta kasu honetan BERRIAn bai, eta hori ezinbestean eskertu beharra daukagu, eta ahal dela laguntza eman», zehaztu du. «Eta gero betikoa da, erresistentzian bizi den herri bat gara, euskara beti da bigarren mailan dagoen kontu bat eta guk bultzatu behar dugu, gure hizkuntza delako eta gure herria egiten duen tresna delako. Komunikatzeko ezinbestekoa da prentsa bat horretara bideratua egotea, euskara huts-hutsean, inongo elebiduntasunik gabe».
'Gartziaren bakarrizketa'
Jon UrrazaMorritsonik gabe ariko da Gartzia oraingoan. Jon Urrazaren pertsonaiak gaurkotasunezko gaiei helduko die bakarrizketa batean. Morritson eta Gartzia: Kultuzko antzezlana ikuskizuneko pertsonaia umorezko bakarrizketan ariko da, BERRIAren egoera eta Gartziaren beraren kezkak bilduz, besteak beste.
«BERRIAri laguntzeko modurik onena da aktoreontzako, geure lana eginez kolaboratzea. Pako Revueltasek deitu zidan eta segituan baiezkoa eman nion. Uste dut ezinbestekoa dela egunero euskaraz sortu eta plazaratzen den kalitatezko egunkari bat egotea, eta neure ekarpen txikia egin ahal izateak ilusioa egiten dit», azaldu du Urrazak.
'Xentimorik gabe'
Ramon Agirre eta Inazio TolosaXentimorik gabe, baina laguntzeko eta barrea eragiteko gogotsu dira euskal antzerkilariak. Komediari helduko diote Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak. Urte eta erdi inguru daramate Xentimorik gabe antzezlana taularatzen. Komedia musikatuaren pasarte bat antzeztuko dute Pabellon 6 aretoan, eta Ray eta Nik bikoteak musika ekarriko du denon gozamenerako.
«BERRIA euskal erreferente bat da, eta zaindu eta maitatu egin behar dugu», Tolosaren ustez. Agirre ere uste berekoa da: «BERRIA zalea naiz eta dosia behar dut egunero. Informatua egon nahi dut eta nire ingurukoaren berri izan, eta hori BERRIAk ematen dit».
'Berria ikusteko begiak'
Ane Zabala eta Galder Perez8 begi ikuskizuneko hiru esketx aukeratu dituzte Ane Zabala eta Galder Perez aktoreek. Guztiak ere ikusezintasunarekin eta irakurketarekin lotuak. «Horiek hartuta, hari berri bat sortu dugu, zerikusia daukana prentsa idatziarekin, euskarazko egunkari batekin», azaldu du Zabalak.Ikuskizunari, Berria irakurtzeko begiak deitu diote, «BERRIA irakurtzeko ezinbestekoak ditugu begiak, eta segun eta nola begiratzen dugun, berriak modu batekoak edo bestekoak izan daitezke», azaldu du Perezek. «Bestetik, gu nola ikusten gaituzten kanpotik ere jorratu dugu, eta 'gu' esaten dugunean 'euskaldunak' diogu».
Perezek eta Zabalak behar-beharrezkotzat jotzen dute euskara hutsezko egunkari bat izatea Euskal Herrian, bai irakurle gisa, bai sortzaile gisa. «Irakurle eta euskaldun moduan, BERRIA ezinbestekoa da, bakarra delako, egunero ateratzen dena. Eta sortzaile moduan, nik uste dut euskal sortzaileenganako begirune handia daukan egunkaria dela; horrela sentitzen dut nik. Beste egunkari batzuek ez digute ezta begiratu ere egiten, ikusezinak gara, eta BERRIAk beti ikusi du bere inguruan zer duen», adierazi du Zabalak.
'Bizitza titularrik gabeko albiste bat da'
Dejabu eta MetrokoadrokaGalarako ikuskizun berria sortu dute Metrokoadroka sormen laborategiko eta Dejabu panpina laborategiko kideek. Esperimentatzen aritu dira, eta Herio heroi eta Gure bide galduak lanetako lau pertsonaia batu dituzte Bizitza titularrik gabeko albistea da ikuskizunean: «Pertsonaien izaera errespetatuz, eszena bat sortu dugu, zeinetan lantzen den BERRIAren gaia oso modu umoristiko, abstraktu, absurdo eta kritikoan. Guretzako talka kuriosoa izan da, oso barneratuak ditugun lau pertsonaia hartu eta elkarrekin jartzea», azaldu du Oier Guillan Metrokoadrokako kideak. «Gainera, antzezlan biak oso ezberdinak dira; Gure bide galduak errealismo magikoa da, gai erreal bat; historia lantzen da, baina, antzerkiari dagokionez, oso modu fisikoan eta berezian; eta Herio heroi da absurdoaren teatroa zentzu oso politikoan. Haiek elkartzea oso jostagarria eta interesgarria izan da».
Metrokoadrokako Ainhoa Alberdi eta Maider Corral eta Dejabuko Urko Redondo eta Miren Alcala igoko dira taula gainera. Redondok azaldu duenez, lan bietako pertsonaiak batuz, BERRIAren egoeraren inguruko pieza sortu dute. «Azkenean, BERRIA da euskaraz dugun egunkari bakarra, eta niri pertsonalki gustatzen zait, egunkariaren izaera eta jarreragatik, eta iruditzen zait egoera larria dela. Badirudi ekonomia krisiak guztian eragiten duela, baina horrelako zerbaiti eragitea gogorra egiten zait, horrelako momentuan behar diren oholtzak direlako komunikabideak eta gure artean, jendearen artean, komunikatzeko sarea osatzeko tresna bat da».
'Eguzkiaren bidaia'
Galder Perez eta Aiora Sedano (Irrien Lagunak)Txikienen irriak bildumatuko dituzte goizean Galder Perezek eta Aiora Sedanok Irrien Lagunen Eguzkiaren bidaia antzezlanarekin. Oso-osorik antzeztuko den obra bakarra izango da, eta, horretan, Largabista eta Ane Pirataren abenturak ekarriko dituzte.«Gaztetxoenei ere gure egunkaria zer den erakustea polita da», uste du Perezek. Azaldu duen bezala, normalean antzezlanean egunkaririk erabiltzen ez badute ere, gaurkoan BERRIA mendira eramango dute; izan ere, garrantzitsua deritzote gazteenek ere egunkariaren berri izatea eta «gure BERRIA ezagutzea».