«Arte eszeniko tradizionalak etengabe dabiltza beren burua berrikusten. Egunetik egunera. Saiorik saiora». Gertutik ezagutzen du errealitate hori Fernando Perez Bilboko Alondegiko programazioaren arduradunak, eta horregatik eskaini nahi izan dio tarte bat arte eszenikorik berritzaileenari. Horregatik bultzatu du 3, 2, 1, Forma Eszeniko Berrien Nazioarteko Topaketa. Alondegia eguneratze prozesu horren erakustoki bilakatzeko. Bost eguneko jaialdia antolatu dute horretarako. Hilaren 22tik 25erako egunek hartuko dute egitarauaren muina, baina hilaren 18an eta 31n ere izango da emanaldi bana. Eta estreinaldiak izango dira saio guztiak Euskal Herrian.
Antzerki tradizionalaz harago jo, eta arte eszenikoen ertz esperimentalean jarri nahi izan dute begia antolatzaileek: antzerkia, dantza eta performanceak bat egiten duten bidegurutzean. Eta bertako zein nazioarteko artisten 13 emanaldi eskainiko dituzte, horregatik, jaialdiak iraun bitartean. «Oso emanaldi bakanak dira, arte eszenikoen ohiko merkatuetan nekez ikus daitezkeenak», eman du azalpena Perezek.
Hiru urteko iraupena izango du, printzipioz, jaialdiak. Aurten abiatu, eta 2015ean amaitu. Perezek azaltzen du zergatia: «Hiru urte behar izaten dituzte jaialdiek heldutasunaren ateetara heltzeko. Guk freskotasunari eutsi nahi diogu. Hiru jaialdi barru baloratuko dugu egindakoa, eta orduan erabakiko dugu zer egin. Halako jaialdi batek programazioa ere sortzailea izan behar duela uste dugu». Oraingoz, ¿Y por qué John Cage? (Eta zergatik John Cage?) performanceak estreinatuko du aurtengo jaialdia, Guillem Mont de Palol eta Jorge Dutor artisten eskutik.
Arkitektura eta haragia
Alondegi ia osoa hartuko dute emanaldiek, eta, auditoriumean ez ezik, patioan, erakusketa gelan, eta Bastida aretoan ere egingo dituzte saioak. Sonia Gomezek eramango du muturrera esperimentazio jarrera hori. Izan ere, arkitekturaren eta gorputzaren arteko harremana da Konposizio animatua piezaren oinarria. Jantzi elastiko koadrodun txuri eta beltz bat jantzirik, Alondegiko txokoak neurtzeko baliatuko du bere gorputza hamaika egunez sortzaileak. Harriari haragia eta haragiari harria jarriz, aurrez beste hainbat lekutan egin duen moduan. Plastikozko eraikin bat ere jarriko dute patioan, bestalde, festak iraun artean.
«Erabat kontzertu ez den kontzertua». Hala deskribatu du Ainara Legardon musikari bilbotarrak Alvaro Barriuso musikariarekin batera jaialdian eskainiko duen emanaldia. 23an eta 25ean izango dituzte saioak. Gitarra jotzaileak dira biak, baina badira bi urte ahotsarekin esperimentatzen dabiltzala, eta lan horren emaitza da taula gainera eramango duten Archipiel saioa. «Ahozko poesia inprobisazio emanaldi bat da, baina keinuek ere badute garrantzia: gure gorputzak bihurtzen dira diogunaren partitura».
Ez da Legardon izango jaialdian egongo den Euskal Herriko sortzaile bakarra. Bi pieza eskainiko ditu, esaterako, Idoia Zabaleta dantzari eta artista gasteiztarrak —bere bi ahizpekin egindako Per-Fora eta Paseo izeneko irakurketa dantzatua—; eta Psicodrama 4 performancea eskainiko dute Oskar Gomez eta Espe Lopez L'Alakran taldeko kideek 24an eta 25ean. Horiez gainera, besteak beste, Jan Fabre belgikarrak maiatzaren 23an eta 24an egingo duen Preparatio Mortis ikuskizuna, eta Naoka Tanakaren maiatzaren 31ko emanaldia ere nabarmendu dituzte antolatzaileek.
Egitarau osoa ikusi, eta informazio gehiago biltzeko, bisitatu webgune hau: www.alhondigabilbao. com
Antzerki hutsa baino gehiago den antzerkia
3, 2, 1, Forma Eszeniko Berrien Nazioarteko Topaketa egingo dute hilaren 18tik 31ra bitarte Bilboko Alondegian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu