Antzerkiaren ispilu izateko, Ganbila

Susak sortu du bilduma berria, EHAZErekin. 'Bazterreko ahotsak', 'Sinplicissimus' eta 'Francoren bilobari gutuna' lanekin abiatu dute

Ezkerretik eskuinera, Ximun Fuchs, Miren Tirapu eta Patxo Telleria, atzo, Ganbila bildumaren aurkezpenean. G. RUBIO / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Antzerkigintzak gordailu berri bat dauka: Ganbila. Lehen hiru aleak liburutegietan dira jada: Bazterreko ahotsak, Simplicissimus eta Francoren bilobari gutuna. Susa argitaletxeak abiatu du bilduma, EHAZE Euskal Herriko Anzterkizaleen Elkartearekin batera, eta atzo aurkeztu zuten, Donostian. Oier Guillanek egin zituen aurkezpen lanak, Miren Tirapu (Iruñea, 1981), Patxo Telleria (Bilbo, 1960) eta Manex Fuchs (Larzabale-Arroze-Zibitze, Nafarroa Beherea, 1974) antzerkigileak ondoan zituela. Ez alferrik, Guillan da bildumaren koordinatzailea, eta ganbila hitzaren definizioa irakurriz hasi zituen bildumari buruzko azalpenak: «Kanpoaldera kurbatua duen ispilu bat da ispilu ganbila, non fokua ispiluaren barruan dagoen puntu bat den. Ispilu ganbilak, oro har, ikuspegi zabala hartu nahi den egoeretan erabiltzen dira. Hala ere, irudi deformatua ematen dute». Bilduma berria definitzeko metafora perfektua horixe, Guillanen ustez. «Ikuspegi zabala eman nahi genukeelako euskal antzerkiaz, unean-unean fokua obra edota ahots jakin batzuetan jarriz. Bilduma honekin, zentzu batean, euskal antzerkian orain gertatzen ari dena erretratatu nahi genuke, egun gertatzen dena azaleratu. Eta, ahal dela, horren inguruan gogoeta egin». Dokumentazio izaeraz gain, beraz, asmo soziala ere badu Ganbilak. Horregatik, antzezlan bakoitza inguratzen duten testu periferikoekin lagunduta datoz testu nagusiak, hitzaurre, hitzoste, dramaturgiari buruzko ohar, egileen gogoeta eta egileei buruzko azterketekin batera.

Bat, bi eta hiru

Miren Tirapuren Bazterreko ahotsak da bildumako lehen alea. Bertan jasotzen dira Beheko Larraine konpainia sortu zuenetik—2016tik— taularatu dituen bi obren testuak: Atte hil aurretik eta Manifestu bat. Maika Etxekoparrekin elkarlanean ondu zuen lehena, eta Gaizka Sarasolarekin bigarrena; inprobisaziotik abiatuta bietan. «Atte hil aurretik-en, pertsonaia berezi bat sortu nuen. Harekin maitemindu nintzen, eta bigarren lana hari eskaintzea erabaki nuen. Hori da Manifestu bat», zehaztu zuen Tirapuk. «Nire apustua izan da, hasieratik, euskara hutsean lan egitea». Alde horretatik, Beheko Larraine erronka bat bihurtu da harentzat. «Gero, artistikoki lengoaia propioa bilatzeko aukera ematen dit».

Ganbila bildumako bigarren alea Tartean konpainiak estreinatu berri duen Simplicissimus da. Patxo Telleriak idatzi du, eta Jokin Oregi antzerkigilearen hitzaurrearekin dator liburuan, baita Telleriaren ibilbide luzearen errepasoa eginez Oier Guillanek idatzitako hitzostea ere. Ibilbide horren ikuspegitik hitz egin zuen atzo Telleriak: «Antzezlan baten argitalpena antzezlanaren une jakin bateko argazki bat da, eta, argazki hori atera aurretik eta ondoren, antzezlana mugitu egiten da. Antzerkia, azken finean, izaki biziduna da». Simplicissimus lanaren argazkia baino gehiago, zirriborro bat marraztu zuen antzerkigileak, hitzez, ez zaiolako gustatzen antzezlanak kontatzea: «Umorearen inguruko hausnarketa bat da, Alemanian gerra artean bizi ziren kabareteko hiru komikoren bitartez kontatua».

Ximun Fuchsek eman zituen, azkenik, Ganbilako hirugarren alearen inguruko zehaztapenak. Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu konpainietako kideek Igor Elortzarekin eta Unai Iturriagarekin batera kolektiboki idatzitakoa da Francoren bilobari gutuna, eta, testua ontzen eta taularatzen aritzeaz gain, atzo aurkeztu zuten liburuaren hitzostea ere idatzi du Fuchsek —hitzaurrea Arantxa Iturbek sinatua da—. Bertan azaltzen du bi adarreko familia duela: bata, judu alemana; bestea, euskalduna. «XX. mendeak ekarri dituen gerlengatik eta hainbat peripeziarengatik, nire familiaren bi ardatzak egon dira kontzentrazio eremuetan. Bat, judua izateagatik; eta bestea, euskalduna izateagatik». Hortik hasi omen zen aztertzen hainbat teoria, trauma kolektiboaren transmisioaz eta gainditzeko eraz. «Trauma kolektiboak izan direnean gure kulturagatik, gure kulturak behar ditu atzeman tresna egokiak horiek gainditzeko. Teoria hori antzerkira eramaten saiatu ginen lan honetan».

Lan horrek ondorio zuzena izan zuen Fuchsengan: euskaraz eta frantsesez aritzeko sortua zuten Le Petit Theatre de Pain konpainia frantses handia utzi eta kolektibo txiki bat sortu dute Manex anaiak eta berak: Axut. «Ikusi genuen ez dela posible frantsesa eta euskara batera lantzea, beti frantsesak irabaziko duelako. Orduan, Iparraldetik egitea hautatu dugu; euskara hutsean ez, baizik eta euskara betean». Zaldi urdina taularatzen ari dira orain, Artedramakoekin eta Dejabukoekin batera.

Durangoko (Bizkaia) San Agustin antzokian aurkeztuko dute Ganbila, bihar, 17:00etan, eta hainbat aktorek hartuko dute parte. Aukeratuak dituzte jada bildumako hurrengo hiru liburuak: Eneritz Artetxeren Isiltasuna; Kepa Errastiren Mami Lebrun; eta itzulpen bat, Sarah Kaneren 4.48 psikosia. Aleok eskuratzeko, Ganbila.eus gunetik egin daitekeen harpidetza sistema ere abiarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.