Antzerkiari emandakoa eskertuz

II. Antzerkizale Eguna ospatuko da Mungian hilaren 8an; Amale Arzelus antzerkizalea omenduko dute han

Antzerkizale Eguna aurkezteko EHAZEko kideek Mungiako alkatearekin eginiko agerraldia. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Mungia
2011ko irailaren 29a
00:00
Entzun
«Eme ekintzailea omendu nahi dugu, emakumea bera. Herria, kultura eta hizkuntza uztartuz sortutako antzerkia omendu nahi dugu, euskara bera». Hitz horiekin deskribatu du Idoia Gereñu Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko (EHAZE) idazkariak Amale Arzelus antzerkizalea. Horrela, antzerkiaren inguruan egindako lanagatik omenduko dute Arzelus, urriaren 8an Mungian ospatuko den II. Antzerkizale Egunean. Antzerkizale Saria emango diote euskaltzale donostiarrari.

Ander Arzelus Luzear antzerki idazlearen alaba izanik, antzerkiari estuki lotuta egon da txikitatik Amale Arzelus. Luzear lehenengo euskal irratsaioaren sortzailea izan zen, eta antzerki lan ugari idatzi zituen. Aitaren eskutik, herriz herri ibili ohi zen Arzelus, hizlari eta aktore lanetan. 1933an, zortzi urte zituela, Luzearrek alabarentzat propio idatzitako Neskamearen marmarrak lana antzeztu zuen Donostiako Poxpoliñetan.

«Baina, iritsi zen gerra, eta, gerrarekin batera, antzerkiaren eta Euskal Herriaren historiak norabide gordin bat hartu beharra izan zuen», adierazi du Gereñuk. Horrela, Arzelus eta bere familia Donostiatik alde egin beharrean egon ziren. Bilbora iritsi ziren orduan, eta, Gereñuk azaldu duenez, oroitzapen latzak utzi dizkio Arzelusi hiriburuan eginiko egonaldiak: «Oraindik ere sirena entzutean garai hartako beldurra, bonben zarata eta gordelekua berpizten zaizkio».

Ostera, gerra garaian ere izan zuen Neskamearen marmarrak antzezteko aukera. Ipar Euskal Herrian bolada bat pasa ostean, Donostiara itzuli zen Arzelus, eta antzerkigintzari ekin zion, aitaren zuzendaritzapean. Luzearrek ihes egin behar izan zuen, ordea, eta Arzelusek antzerkia egiteari utzi zion. Hori dela eta, EHAZEk gerra aurreko garaiak eta ezkutuko antzezkizun haiek omendu nahi dituela azpimarratu du Gereñuk.

Sari banaketaz gain, ekintza ugari izango dira Antzerkizale Egunean. Euria esan eta euria erortzea antzezlana izango da lan nagusia. Gaitzerdi antzerki taldearen eskutik, Joseba Sarrionandiaren hitzetan oinarritutako antzezlana ikusi ahal izango da 20:00etan. «Hasiera batean laua eta grisa dena, haurren begietatik eta poesia puntu horretatik, ametsa bihurtuko dugu», azaldu du Iosu Florentino aktoreak.

Pausoka eraikitako bidea

Urtebete joan da EHAZE sortu zenetik, eta egindako aurrerapausoak nabarmendu nahi izan ditu Josu Camara lehendakariak. Horrela, bidea «geldo-geldo» egin nahi dutela azaldu du, eta helburu nagusia euskal antzerkigintzak bizi zuen sakabanaketarekin bukatzea dutela argitu du. Era berean, antzerkizaleentzako bilgune bat sortzea lortu dutela nabarmendu du, Antzerkizale Eguna omenaldi gisa aitortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.