Ezagutzen du antzoki handien erosotasuna eta ezagutzen du areto txikien nekea ere. Izan da antzerki idazlea, antzerki zuzendaria, antzerki ekoizlea eta antzerkiko aktore.Erabateko antzerki gizona da Ramon Barea (Bilbo, 1949). Ertz guztiak ezagutzen dizkio ofizioari, eta horregatik eman diote Espainiako Antzerki sari nazionala. Ibilbide osoa aitortzeko. Argia da epaimahaiko kideen erretratua: «Antzerkiari osoki emandako gizona». 30.000 euroko saria jaso du. Bareak honela esan du, umoretsu: «Ezagutu dut porrota eta arrakasta, eta dena da iragankorra».
Bere kasa ikasi du ofizioa Bareak.Antzerkia irentsiz. «Nahiago nuke maisuak izan banitu. Baina, bestalde, iruditzen zait errealagoa izan dela nire ikasketa prozesua. Presa gutxiagokoa». 60ko hamarkadan hasi zuen bere ibilbide profesionala. Comicos de la Legua eta Karraka antzerki taldeak sortzen lagundu, eta etenik gabe aritu da geroztik, lan konbentzionalak eta arrisku handikoak tartekatuz. Bereak dira, besteak beste, Bilbao, Bilbao;Euskadi, Euskadi;Palabrarismos;Alias Molier, eta Okupado piezak. Dioenez, ordea, batez ere aktore sentitzen da bera.
Eta ez soilik teatroan. Ibilbide oparoa du zineman ere, eta ezagutzen ditu zeluloidearen koskak. Hor ere izan da zuzendari, izan da gidoigile, izan da dokumentalgile, eta izan da aktore ere. Hor ere aktore batez ere, besteak beste, Imanol Uribe, Alex de la Iglesia, Montxo Armendariz eta Juanma Bajo Ulloa zuzendarien esanetara.
Pozik dago orain Espainiako antzerki sariarekin. Bere antzerkia ulertzeko modua aitortu dutela dio: «Maiz, badirudi apustu ziurrentzat izaten direla sariak, eta ni ibilbide luzeko korrikalaria sentitzen naiz; harrigarria da arreta eusten ari den horrengan jarri izana, gelditu ez den horrengan. Ongi dago halako gauzak ere saritzea».•
Pertsonaia. Ramon Barea
Antzerkiari osoki emandako gizona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu