Antzerkigintzak gordailu berri bat dauka: Ganbila. Hiru lehen aleak liburutegietan dira jada. Susa argitaletxeak abiatu du bilduma, EHAZE Euskal Herriko Anzterkizaleen Elkartearekin batera, eta gaur aurkeztu dute Donostian, Udal liburutegiko sotoan. Oier Guillanek egin ditu aurkezpen gidari lanak, Miren Tirapu (Iruñea, 1981), Patxo Telleria (Bilbo, 1960) eta Manex Fuchs (Larzabale-Arroze-Zibitze, Nafarroa Beherea, 1974) antzerkigileak ondoan zituela. Ez alferrik, Guillan da bildumaren koordinatzailea, eta berak eman ditu bildumaren inguruko lehen azalpenak. Ganbila hitzaren definizioa irakurriz hasi da: “Kanpo aldera kurbatua duen ispilu bat da ispilu ganbila, non fokua ispiluaren barruan dagoen puntu bat den. Ispilu ganbilak, oro har, ikuspegi zabala hartu nahi den egoeretan erabiltzen dira. Hala ere, irudi deformatua ematen dute”. Bilduma berria definitzeko metafora perfektua horixe, Guillanen ustez. «Proiektu berriarekin ikuspegi zabala eman nahi genukeelako euskal antzerkiaz, unean-unean fokua obra edota ahots jakin batzuetan jarriz». Antzerkiak agertu ohi duen errealitatea, baina, deformatua da, ispilu ganbilarena bezalaxe. «Nolabaiteko maitasun eta gorroto harreman bat egon izan da historikoki antzerkiaren eta literaturaren artean», antzerkilariaren hitzetan. «Segur aski, antzerkia da literatura izateari uko egiten dion literatur genero bakarra». Are gehiago: segur aski, antzerkia idazten duen idazle gutxik izango du bere burua literatur idazletzat. Zergatik eta zertarako argitaratu antzerkia paperean, beraz, gaur egun? Antton Luku antzerkilariaren hitz batzuk ekarri ditu gogora Guillanek galdera erantzuteko: «Antzerkia liburuan jartzearen zentzua izan daiteke, Lukuren arabera, belaunaldi berriek aldiro hutsetik hasi diren sentsazioa saihestea, lehendik egindakoaren alde edo kontra belaunaldi berriak inspiratzea eta probokatzea».
Liburua dokumentazio eta bilduma gordailu izan daitezke, bada; mugimendu etengabea bermatzeko tresna. «Bilduma honekin, zentzu batean, euskal antzerkian orain gertatzen ari dena erretratatu nahi genuke, egun gertatzen dena azaleratu. Eta, ahal dela, horren inguruan gogoeta egin. Euskaraz egun dagoen antzerki aniztasunaren isla izatea nahi genuke». Dokumentazio izaeraz gain, beraz, asmo soziala ere badu Ganbilak. Horregatik, antzezlan bakoitza inguratzen duten testu periferikoekin lagunduta datoz testu nagusiak, hitzaurre, hitzoste, dramaturgiari buruzko ohar, egileen gogoeta eta egileei buruzko azterketekin batera.
Bat, bi eta hiru
Miren Tirapuren Bazterreko ahotsak da bildumako lehen alea. Bertan jasotzen dira Beheko Larraine konpainia sortu zuenetik, 2016tik, taularatu dituen bi obren testuak: Atte hil aurretik eta Manifestu bat. Maika Etxekoparrekin elkarlanean ondu zuen lehena, eta Gaizka Sarasolarekin bigarrena. Inprobisaziotik abiatuta bietan. «Atte hil aurretik-en, pertsonaia berezi bat sortu nuen. Harekin maitemindu nintzen, eta bigarren lana hari eskaintzea erabaki nuen. Hori da Manifestu bat», zehaztu du Tirapuk. «Nire apustua izan da, hasieratik, euskara hutsean lan egitea. Nafarroatik nator, eta inportantea iruditzen zitzaidan Nafarroan euskara hutsean sortzen duten konpainiak egotea». Alde horretatik, Beheko Larraine erronka bat bihurtu zaio. «Gero, artistikoki lengoaia propioa bilatzeko aukera ematen dit».
Ganbila bildumako bigarren alea Tartean konpainiak estreinatu berri duen Simplicissimus da. Patxo Telleriak idatzi du, eta Jokin Oregi antzerkigileak idatzitako hitzaurrearekin dator. Baita Telleriaren ibilbide luzearen errepasoa eginez Oier Guillanek idatzitako hitzostea ere. Ibilbide horrek ekarri dizkion pentsamenduak azaldu ditu Telleriak: «Denborarekin, atzera begiratuta, badirudi aktorea, zuzendaria eta dramaturgoa naizela. Dramaturgo hitza beti iruditu izan zait pixka bat beldurgarria, eta idazlea ere, ez dakit. Antzezlan baten argitalpena da antzezlanaren une jakin bateko argazki bat, eta argazki hori atera aurretik eta ondoren, antzezlana mugitu egiten da. Antzerkia, azken finean, izaki biziduna da». Simplicissimus lanaren argazkia bainoago, zirriborro bat marraztu du Telleriak, hitzez, ez zaiolako gustatzen antzezlanak kontatzea: «Umorearen inguruko hausnarketa bat da. Umorea egoera gordinetan kokatu dut, Alemanian gerra artean bizi ziren kabareteko hiru komikoren bitartez. Umoreak oso esanahi eta erabilera desberdinak dituela erakutsi nahi nuen, eta horretaz da obra».
Ximun Fuchsek eman ditu Ganbilako hirugarren alearen inguruko zehaztapenak. Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu konpainietako kideek Igor Elortzarekin eta Unai Iturriagarekin batera kolektiboki idatzitakoa da Francoren bilobari gutuna, eta, testuaren ontzen eta taularatzen aritzeaz gain, gaur aurkeztu duten aleko hitzostea ere idatzi du Fuchsek —hitzaurrea Arantxa Iturbek sinatua da—. Bertan azaltzen du bi adarreko familia duela: bata, judu alemana; bestea, euskalduna. «Baditut bi jatorri, eta XX. mendeak ekarri dituen gerlengatik eta hainbat peripeziarengatik, nire familiaren bi ardatzak egon dira kontzentrazio eremuetan. Bat, judua izateagatik; eta bestea, euskalduna izateagatik». Hortik hasi omen zen interesatzen hainbat teoriarekin, trauma kolektiboaren transmisioarekin eta hura gainditzeko erekin. «Trauma kolektiboak izan direnean gure kulturarengatik, gure kulturak behar ditu atxeman tresna egokiak horiek gainditzeko. Teoria hori antzerkira eramaten saiatu ginen lan honetan». Eta lan horrek ondorio zuzena izan zuen Fuchsengan: euskaraz eta frantsesez aritzeko sortua zuten Le Petit Theatre de Pain konpainia frantses handia utzi, eta kolektibo txiki bat abiarazi dute Manex anaiak eta berak: Axut. «Ikusi genuen ez dela posible frantsesa eta euskara batera lantzea, beti frantsesak irabaziko duelako. Baliabide gehiago du. Orduan, Iparraldetik egitea hautatu dugu; euskara hutsean ez, baizik eta euskara betean». Zaldi urdina taularatzen ari dira orain, Artedramako eta Dejabukoekin batera.
Durangoko (Bizkaia) San Agustin antzokian aurkeztuko dute Ganbila bilduma, etzi, 17:00etan. Ekitaldi berezi bat izango da, zeinetan hainbat aktoreren kolaborazioa izango duten. Eta aukeratuak dituzte jada bildumako hurrengo hiru aleak: Eneritz Artetxeren Isiltasuna; Kepa Errastiren Mami Lebrun; eta itzulpen bat, Sarah Kane-ren 4.48 psikosia. Gaur aurkeztutakoak eta badatozenak eskuratzeko, ganbila.eus gunetik egin daitekeen harpidetza sistema ere abiarazi dute.