Antzerkirako testu labur sarituak bildu ditu Cafe Bilbaok bi liburutan

Euskarazko hamar obra daude argitalpenetako batean, eta besteak gaztelaniaz idatzitako zortzi jasotzen ditu

Bilbo
2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Teatro Laburreko Sariak irabazi dituzten hemezortzi lanak biltzen dituzten bi liburu argitaratu ditu Bilboko Zazpikaleetako Cafe Bilbao tabernak, Artezblai argitaletxearekin batera. Teatro Laburreko Sariak 'Cafe Bar Bilbao' 2001-2011 izenburupean, azken hamar urteetan taberna ezagun horrek antolatzen duen antzerkirako gidoi laburren lehiaketan saritutako lanak jaso dituzte. Aizpea Goenaga, Galder Perez, Pako Aristi eta Oier Guillanen lanak biltzen dira, besteak beste.

Aurten ehun urte beteko ditu Cafe Bilbaok. Mikel Martinez aktorea tabernako gerentea da, eta Borja Relaño Artezblai argitaletxeko kidearekin batera aurkeztu ditu liburuak. Izan ere, urtemugaren harira, ekintza kultural ugari antolatzen ari dira, tabernaren erritmoa kulturarekin uztartuz.

Teatro Laburreko sariketa da tabernak antolatzen duen ekimen esanguratsuenetakoa. 2001. urtetik egiten da lehiaketa hori, eta saritutako lanak tabernaren webgunean ezagutarazi izan dira orain artean (www.bilbao-cafebar.com helbidean).

Aurten, tabernak ehun urte beteko dituela eta, saritutako lan guztiak bi liburutan biltzea erabaki dute. Batean euskarazko lanak jasotzen dira; bestean, gaztelaniazkoak. Guztira hemezortzi dira bildutako lanak: hamar euskarazkoak eta zortzi gaztelaniazkoak. Drama, komedia eta kultuko antzerki lanak daude irakurgai. Teatro Laburreko lehiaketaren garrantzia nabarmendu dute Martinezek eta Relañok, antzerki lanak zabaltzeko balio duelakoan. Euren helburua, diru saria emateaz gain, lanak argitaratzeko aukera ematea da, antzeztuak izateko bideak zabaltzeko asmoz.

Hurrengo lehiaketa martxan

Martinezek azaldu duenez, sariketaren bederatzigarren ekitaldia martxan da dagoneko, eta idazlanak bidaltzeko epea azaroaren 30era bitartean zabalik egongo da. Lehiaketaren oinarriak urterokoak dira: alde teknikoari dagokionez, formatu txikiko lanak izatea eta lanaren luzera 30 minutu ingurukoa izatea eskatzen da. Gaztelaniazko eta euskarazko modalitateak egongo dira, eta sariak 1.400 eta 1.200 eurokoak izango dira, euskarazko onenarentzat eta gaztelaniazko onenarentzat, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.