Antzerkizaletasuna bultzatuko dute Villabonan

Antzezlanak eta tailerrak eskainiko dituzte, Udalak eta EHAZEk sinatutako hitzarmenari esker

Ainhoa Sarasola.
Villabona
2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Iazko azaroan I. Antzerkizale Eguna egin zuten Villabonan (Gipuzkoa), EHAZE Euskal Herriko Antzerki Zaleen Elkartearen ekimenez. Orduko haziak fruitua eman du, antzerkirako zaletasuna sustatzeko hitzarmena sinatu baitute EHAZEk eta Villabonako Udalak. Herritarrak antzerkira hurbiltzeko, tailerrak eta ikuskizunak antolatuko dituzte.

Urte osoan izango dira antzerkizaletasuna sustatzeko jarduerak. Batetik, antzerkiak eskaintzen duen guztia herritarrei ezagutarazteko, tailerrak egingo dituzte hilean behin. Parte hartu nahi duen orok izango du parte hartzeko aukera, udaletxean aurrez izena emanez. Aurrera begira, antzerki talde egonkor bat sortzea da sustatzaileen asmoa.

Bestetik, talde amateur nahiz profesionalen euskarazko ikuskizunak izango dira hilero, zinema aretoan, kalean, gaztetxean edo jubilatuen egoitzan. Haur, gazte nahiz heldu, herritar guztientzako euskarazko programazioa osatuko dute. «Egun badago aukera urte osorako euskarazko eta kalitatezko programazioa osatzeko. Euskal Herrian antzerkiaren abangoardiak euskaraz hitz egiten du egun, eta aurrerantzean ere hala izatea nahi genuke», adierazi du Joxe Mari Agirretxek, EHAZEko kideak.

Eredua zabaltzeko asmoa

Antzerkirako zaletasuna bultzatzeko lanean herritarrak protagonista direla nabarmendu dute bai Udalak, bai EHAZEk. Hitzarmenarekin «kultura parte-hartzailea sustatu» nahi dutela azaldu du Hautsi Izagirrek, Kultura zinegotziak. Herritarren parte-hartzearen garrantzia nabarmendu du Agirretxek ere, baita beste eragileekin aritzeko beharra ere. Hitzarmena lantzeko, Villabonako hainbat elkarterekin bildu dira, eta guztiengan sumatu dute proiektuaren inguruko ilusioa.

Hitzarmenak ekarriko duenaren adibide gisara, heldu den asteburuan izango diren jarduerak aipatu dituzte. Hilaren 28an, Azpeitiko Lakrikun taldeak eskainiko du ikuskizuna, eta antzerkira hurbiltzeko lantegia izango da hurrengo egunean, Ainhoa Alberdiren eskutik. Hilaren 30ean, Dejabu panpina laborategiak Azken portua lana emango du.

EHAZE iazko ekainean sortu zuten, euskarazko antzerkiaren egoera hobetzeko, «negar egitetik irri egitera pasatzeko eta ereiteko», Agirretxek gogora ekarri duenez. «Antzerkizaletasunean sinesten dugu, kulturan eta geure hizkuntzan sinesten dugulako». Horregatik, Villabonako Udalarekin sinatutako hitzarmenarekin «lehen alea» jarri dutela eta aurrera begira hitzarmena beste herri batzuetara zabaltzeko lan egingo dutela iragarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.