Antzinako kantuekin aitzina beti

Zazpi herrialdeetako herri kantu argitaratu gabez osatu du Aintzina taldeak bigarren diskoa, 'Kosinatik kanberala'

Juanjo Otxandorena (buzukiarekin), Zigor Sagarna (baxua jotzen eta kantuan) eta Alan Griffin (albokarekin), Kosinatik kanberala-aren aurkezpenean. Arkaitz Miner taldekideak ez zuen agertzerik izan. GARI GARAIALDE / ARP.
Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Antzinako kantuak eguneratu eta orainari eta geroari begira jartzea du xede Aintzina taldeak, antzina eta aitzina hitzen adiera batuz osatutako izenak iradokitzen duen legez. Sukaldean sortu, goxatu eta mamitutako taldea denez, Sutian izenburua eman zioten taldeko kideek estreinako diskoari, duela zazpi urte, suit hitza sukalde adieran erabilita. Bigarren diskoa kaleratu berri dute orain —hau ere, hura bezala, Aztarna zigiluarekin—, bide beretik joz, baina Sukaldetik kanberala jauzi eginez. Beren sukaldeetan sortu, goxatu eta mamitu duten hori plazan zuzenean erakusteko gogoz baitira, izan ere, Juanjo Otxandorena, Zigor Sagarna, Arkaitz Miner eta Alan Griffin, Aintzina taldeko musikariak.

«Diskoan sartu ditugun kantu gehienak argitaragabeak dira, hala musikaren nola hitzen aldetik», Alan Griffinek adierazi duenez. «Taldearen asmoa ezagunak ez diren kantuak grabatzea eta zabaltzea da, jakitun eta espezialistentzat ezagunak diren arren oraindik ere publiko zabal batengana iritsi ez direnak».

Pieza instrumentalak ere txertatu dituzte Sukaldetik kanberala diskoan, «berriak, gainera, euskal herri musikan inspiratuak beti», Griffinek dioenez. Adibidez, Ilemozketa izeneko pieza instrumentala —Griffinek sortua— «taldeko kide bati egindako ilemozketa harrigarri baten ikara eta haserrearen adierazgarri artistiko bat» da, diskoaren barruko liburuxkak argitzen duenez.

Gaurko eta antzinako tresnak

Taldeko kideek erabiltzen dituzten musika tresnak «egungo euskal herri musikan ohikoakdira», baina badira «antzinakoagoak» ere, «hala nola arrabita —garai batean galdu eta gaur egun berreskuratzeko bidean dagoena— edo buzukia, adibidez».

«Kantu narratiboak dira diskokoak, istorio bat kontatzen dute guztiek», Griffinek azaldu duenez. «Erromantzeak dira gehienak, baladak, oso zaharrak. Zaharrenak 500 urtetik gora izango ditu». Kantu horiek kontatzen dituzten istorioak «nahiko serioak eta tragikoak» dira, «tremendismoak beti izan duelako harrera ona herriaren aldetik, baita hemengo baserrietan ere». Dena den, kantu batzuk «arinagoak eta samurragoak» dira, «are komikoagoak ere».

Diskoko grabazioak «akustikoak eta oinarrian ia-ia zuzenekoak» dira. «Estudioan denok batera eta etenik gabe grabatu ditugu funtsean kantu guztiak, eta espero dut hori antzeman egingo dela. Gero gainetik beste gauzatxo batzuk grabatzeko aukera izan dugu, hala ere. Grabazioetan nagusitzen den egiaren barruan gezur txiki batzuk daude, beraz». Jonan Ordorikak grabatu, nahastu eta masterizatu du diskoa, Azkarateko (Nafarroa) Katarain eta Mamia estudioetan.

Taldekideentzat «plazer handia eta harrotasuna» da diskoan zazpi lurraldeetako kantuak bildu izana, eta bereziki estimagarritzat dute Arabako bat ere izatea, Eskribauaren alaba, Resurreccion Maria Azkuek Legution jasoa; kantu horren hitzak Gorka Knorrek argitaratu zituen 1974an. Andre Emili kantuaren doinua ere Araban jasoa da, Aramaion zehazki, hitzak Jose Ariztimuño Aitzol-ek Lazkaon (Gipuzkoa) jaso bazituen ere.

Disko berria argitaratu ahal izan duelako pozik dago Joxean Goikoetxea Aztarna zigiluko arduraduna. «Ikusirik disko honetan 14 kantu daudela, gehienak argitaragabeak, gure altxor hori agorrezina dela dioen topikora jo behar dugu diskoa aurkeztean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.