Katuajeak

Antzinako memoria bat

Lorea Agirre.
2011ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Kandelaria eguna izan aurretik, hartza esnatzen zen eguna izan ohi zen otsailaren 2a. Hartza neguko lozorrotik esnatu, leize-zulotik irten, eta gauez zerura begiratzen omen zuen: ilun bazegoen, kanpora irteten zen, udaberria bertan zela jakiten baitzuen; argitsu eta itzaltsu ikusten bazuen, berriro leizera erretiratzen zen, lotara, negua oraindik berrogei egunez luzatuko zela jakin bazekielako. Honezkero kandelaria eguna kandelaria eguna da, ez hartzaren eguna. Eta deskuidatuz gero, ezta kandelaria eguna ere aurki, errazago izango da marmotaren eguna izatea, Estatu Batuetan oro har, eta Pensilvaniako Punxsutaweny hirian ospatu ohi dena, Phil marmota (izena ere bai baitu) lozorrotik irten eta bere buruaren itzala ikusiz gero lotara itzultzen dena udaberria urrun dagoelako, eta eguzkirik ez bada kanpora irteten dena, udaberria bertan dagoenaren seinale. Hartzaren kontu antzekoa, baina ez bera.

Hartzaren kondairak atzerabide luzea du mendi herrietan. Txomin Peillenek kontatu zigun ez dela hainbeste, nola Santa-Grazin, Zuberoan, hartzaren inguruko kontuak jasotzen zebilela, hartza gizakiaren oso antzekotzat zuten bertako bi zaharrek. Horregatik hartza ez zen ehizatzen, halabeharrean hil behar izaten zen, hil aurretik otoitz bat zor zitzaiola zoritxarra ekarriko ez bazuen, eta hil eta gero hartzaren atzaparrak ganbaran zintzilikatzen ohi zirela, zoriona ekar zezaten. Bi hanken gainean zebilen animalia horretatik basagizona eratorri zela, eta basagizonetik gizakia, argi kontatuzion bertako zahar batek.

Peillenekin egon eta hilabetera Alaskaraino bidaiatu genuen. Han bai, han egunero zen hartzaren eguna. Beti zegoen erasoren baten albistea egunkarietan, kotxe txikituen argazkiak, etxeko zabor ontzian ustez aztarrika ibiliaren arrastoak, halako etxaldera gehiegi hurbildutako hartzaren kontua tabernan, hartzaren arriskuaz ohartarazten zuten kartelak nonahi, hartza uxatzeko motxilan zintzilik eramateko zintzarriak, hartz atzaparren itxurara egindako pasta zerbitzatzeko gailuak, hartza elastikoetan, saltoki handietan... Nonahi.

Bidezidor ondo zedarritutako batetik sartu ginen basora, turista esanekoen gisan, motxilan gure joaretxoak eta guzti. Eta hara non topatu genituen bi esku lokatz artean, bata bestearen ondoan, norbaiti erauzitako bi esku, ustelak erdi hartuxe. Alaska basan, zibilizazioa oraindik iritsi ez den Alaska mitikoan ginen inondik ere, lurralde basati urrunekoenean, konkistatu gabeko lurretan, turistentzako esku orritan aldarrikatzen den legez. Kontu kitatze bat, agian, armaz josita goizero ehizara joaten ikusten genituen ehiztarien arteko liskarren bat, beharbada. Kuatroporkuatroaren gurdian beste kuatroporkuatro txikiago bat baina gurpil zabalago eta koska handiagokoak zituena eta gure ustetan bazokak ere bazeramatzan ehiztari bat geratu zitzaigun alboan. Burlaz egin zigun irribarre, ezetz, ez zirela inoren eskuak, hartzarenak baizik. Halako deskuidorik nola izan genezakeen ezin sinetsita nengoela, ulertu nuen Santa-Graziko zaharrak, Peilleni hartza gizonaren berdina dela esan izana.

Zuberoan hartz atzaparrak etxean gordetzen ziren, hartza gizakiaren taldekoa izaki, gutarra zenez. Alaskan, basoan uzten dituzte, jateko balio ez dutela-eta, hartza animalia izaki, ez-gutartzat baitute.

Gurean dagoeneko ez dago hartzik, eta ez da gutarra, ez bada Zubietan, Iturenen, Arizkunen eta Auñamendietako beste mendi-herrietako inauteetan. Astelehenean ikusi genituen joaldunak eta mozorroak hartzarekin batera Iturengo kaleetan. Inaute horien basatasun zahar baina aldi berean gaur-gaurkoak barneko zokoren batean duzun antzinako memoria edo sen edo soka zahar bat, zer dakit,inarrosten dizu eta halako mundu batekin lotu. Lur batekin.

Lurra da kosmosa euskal mitologia zaharrean, lurrean bizi da kosmosean bizi den guztia, jainko deabru eta gizaki. Lurrean dute sorlekua ekaitz hodei, erauntsi eta haize beldurgarriek, eguzkia lurraren sabeletik jaiotzen da egunero berriro hara biltzeko. Horrela jasotzen du Juan Ignazio Hartsuagak, euskal mitologia konparatuaren bere saiakera eder bezain ahaztuan. Horregatik, dio, lur hori mundu oso eta asetu bat denez, ez dago inora mugitzeko beharrik. Ez du lur berririk behar, ez du hedatu nahi, sustraitua dago, iraun egin nahi du. Eta horrenbestez gizakiaren izanaren funtsa lekuak ematen du —hortik leku-izenak gure deitura eta topografian— eta lekua beti berdina da, beti bertan dago, mugikaitza da, ez du lehenik ez orainik ez gerorik. Betierekoa da. Eta horrelaxe dira joaldunak mozorroak hartzak, gero eta aldakorrago den mundu honen eta berriaren berriz bizi behar dela esaten diguten gaurko mitologien kontrara.

Hartzak aurten zer esan duen ez dakigu. Marmotak bai, hedabide batzuek jaso dute haren ibileren berri. Udaberria bertan omen dago. Estatu Batuetan bai behintzat, eta han hala bada, hemen ere antzera ikusiko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.