Zinema. Estreinaldiak

Apaizen zalantzak eta engaiamendua

'Elefante blanco' Pablo Trapero zuzendari argentinarraren seigarren film luzea da

Gotzon Agote
2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Mende berria hastearekin batera zinema argentinar berriaren jaiotza eman zen. Krisialdi ekonomiko eta sozial larria bizitzen ari zen Argentina eta testuinguru horretan hainbat zinemagile gaztek beteranoen lekukoa hartu, eta arnasa berria eman zioten herrialdean egiten ziren pelikulei. Horietako bat Pablo Trapero izan zen, beharbada bere herrialdetik kanpo sonarik handiena lortu duen zinemagilea.

1999an egin zuen bere lehen film luzea, Mundo Grua; nolabait, pelikula hori izan zen arestian aipatutako mugimenduaren abiapuntua. Veneziako zinemaldian eman zuten, eta harrera oso beroa lortu zuen. Hortik, munduko leku askotan ikusi ahal izan zen Rulo eta haren semearen istorio hunkigarria.

Film horretatik abiatuta, filmografia interesgarria eta sendoa eraiki du Traperok: El bonaerense, Familia rodante, Leonera… eta orain arte bere azken lana zuen 2010eko Carancho ilun eta bikaina.

Elefante blanco honekin, aurrekoaren thriller giroa alde batera utzi, eta drama sozialera itzuli da zuzendaria. Oraingo honetan, erlijioaren inguruko istorio batekin etorri da, eta, horren bitartez, bere herriko gizarteari begiratu bat emateko aprobetxatu du.

Geronimo eta Julian apaiz katolikoak dira. Biek behartsuenei lagundu nahi zietela erabaki zuten, Geronimok hirugarren mundua delakoan, eta Julianek, berriz, Argentinan. Geronimok egoera latza bizi du, eta, Julian lagunaren bitartez, lanean hasiko da Buenos Aireseko aldiri batean, Villa Virgenen.

Han dagoelarik, Geronimori zalantzak hasiko zaizkio. Ez dago batere seguru Eliza katolikoa ote den ahulenei babesa emateko tresnarik onena. Julian ere gero eta sartuago egonen da borroka politikoan. Bi apaizen ikuspegiari kontrapuntua Luciana da, auzune berean lan egiten duen abokatu ateoa.

'ELEFANTE BLANCO'

Zuzendaria: Pablo Trapero.

Aktoreak: Ricardo Darin, Jeremie Renier, Martina Gusman, Federico Benjamin Barga, Mauricio Minetti, Walter Jakob.

Herrialdea: Argentina. Urtea: 2012.

Iraupena: 106 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.