Literatura

Behatzaile konprometitua

Apartheidaren aurka borrokatu zen Nadine Gordimer, eta literaturarako gai ere izan zuen auzia. Nobel saria jaso zuen lehen emakume afrikarra, eta lehen idazle hegoafrikarra izan zen. Jaio zela mendea bete da asteon.

Gordimer, 2010eko argazki batean. ALEJANDRO ERNESTO, EFE
Nadime Gordimer, 2010eko argazki batean. ALEJANDRO ERNESTO / EFE
Ainhoa Sarasola.
2023ko azaroaren 26a
05:00
Entzun

Behatzaile aparta izatea. Gaitasun hori nabarmendu izan zioten Nadine Gordimer idazleari, beste hainbaten artean. Eta berak ere ezaugarri horri lotuta ulertzen zuen idazle langintza. «Abeslari batek kantatzeko ahots korda egokiekin jaio beharra dauka —nik bainugelan baino ezin dut abestu—. Eta idazle batek berdin; gizakiaren motibazio sakonenetaraino iristeko beharrezkoa den adorearekin eta sentsibilitatearekin jaio behar du». Horixe egiten zuen berak; ingurua eta ingurukoak behatu, eta, ondoren, ikusitakoak sorrarazten ziona narrazioetara eraman, apaingarririk gabeko prosa garden eta zuzen batekin. Apartheidaren garaiko Hegoafrikan jaioa izanik, segregazioaren auzia ezinbestean bihurtu zitzaion literaturarako gai, baita komunitate beltzaren aldeko militantzian engaiatzeko motibo ere. Idazle konprometitua, Literaturako Nobel saria irabazi zuen lehen emakumezko afrikarra izan zen, baita lehen idazle hegoafrikarra ere. Ehun urte bete berri dira Gordimer sortu zela.

Springs mehatzari udalerrian, Johannesburgo hiritik gertu sortu zen Gordimer, 1923ko azaroaren 20an. Juduak zituen gurasoak; lituaniar jatorrikoa aita, eta ingelesa ama. Dantzari izan nahi ei zuen txikitan, baina gaitz baten ondorioz, bestelako bide bat hartu zuen. Behaketarako zuen joerak bultzatuta hasi zen, ziurrenik, idazten. «Maiz pentsatu izan dut besteei batere diskreziorik gabe adituz hasi nintzela idazten, edo, behintzat, entzuten nuenari esker ikasi nuela elkarrizketak idazten», azaldu zuen solasaldi batean. 9 urte baino ez zituela ekin zion bide horri, eta 13 urterekin argitaratu zituen bere lehen ipuinak, prentsan; helduentzako lehen narrazioa 16 urte zituela eman zuen. Witwatersrand Unibertsitatean urtebete egin zuen, baina ez zituen ikasketak amaitu, eta 25 urterekin, Johannesburgon behin betiko kokatu zuen bere bizilekua.

Bien bitartean, narrazio laburrak idazten eta argitaratzen segitu zuen, geroago Face to Face (1949) liburuan bilduma gisa plazaratu zituenak. Bere lehen eleberria 1953an argitaratu zuen: The Lying Days. Kutsu autobiografikoko kontakizuna da, zeinetan meatzari herri bateko neska bat Johannesburgora lekualdatzen den, familia girotik urrundu eta ingurune intelektual eta liberalago batean murgiltzeko. Urte berean plazaratu zuen The Soft Voice of the Serpent ipuin laburren bilduma; narrazio horietan ekin zion bere herrialdearen egoera aztertzeari, betiere arretagunea pertsonaien barne munduetan eta jarreretan kokatuz, baina atze-oihal gisa segregazioaren auzia agertuz.

1960an, apartheidaren aurkako borrokari lotzea erabaki zuen; bere lagun baten atxiloketak eta Sharpeville herrian manifestazio baketsu batean Poliziak egindako sarraskiak eraman zuten urratsa egitera.

Izan ere, ordurako jabetua zen bere herrikide beltzen zapalkuntza egoeraz; gazte garaitik izan zuen horren kontzientzia. Bere eskolan neska zuriak baino ez zeuden, zinemara edo liburutegira joaten zenetan ez zuen sekula beltzik ikusten... 1960an, apartheidaren aurkako borrokari lotzea erabaki zuen; bere lagun baten atxiloketak eta Sharpeville herrian manifestazio baketsu batean Poliziak egindako sarraskiak eraman zuten urratsa egitera. Afrikako Kongresu Nazionalean, klandestinitatean egin zuen lan, iheslariak bere etxean gorde zituen, nazioartera eraman zuen salaketa, eta Nelson Mandelari bere aurkako epaiketako hitzaldia idazten lagundu zion, besteak beste. Idazle gisa irabazten hasia zen sona sarritan baliatu zuen ahotsa altxatu eta apartheida salatzeko.

Segregazioa bukatu arte jardun zuen borrokan, eta, ondoren ere, beste hamaika auzitan erakutsi zuen bere konpromisoa. Tartean, adierazpen askatasunaren alde eginez. Hark ere ezagutu baitzuen zentsura garai hartan: A World of Strangers (1958) nobela ezin izan zuen Hegoafrikan publikatu —segregazioa oinarri duen Hegoafrikako gizartea deskubritzen duen gazte ingeles bat du protagonista—, ezta Occasion for Loving (1963) —gizon beltz baten eta emakume zuri baten arteko ezinezko maitasun harremana— nahiz The Late Bourgeois World (1966) —emakume baten istorioaren bidez, herrialdearen erretratua egiten duena— eleberriak ere. Beste hainbat lan ere zentsuratu zizkion aginteak.

Baina segitu zuen idazten, nobelak eta narrazio liburuak tartekatzen, eta haren sona handituz joan zen nazioartean The Conservationist (1974), Burger's Daughter (1979), July's People (1981), A Soldier's Embrace (1980) eta beste hainbat lani esker. 1991n jaso zuen Literaturako Nobel saria; «bere lan epiko apartekin gizateriari zerbitzu bikaina» eman izana aitortu zion epaimahaiak.

Egiaren bilaketa

Gordimerrek ingelesez idatzi zuen bere obra osoa, eta, Coetzeerekin batera, XX. mendeko Hegoafrikako literaturako idazle nabarmenetakotzat jotzen da. Bere bizitza eta obra elkarri lotuta joan ziren ezinbestean, eta inguruak sorrarazten ziona maiz eraman zuen paperera. Berak ere iritzi izan zion idazleengan «erabateko eragina» duela bizilekuak, eta bera ez zela salbuespen bat horretan. Hegoafrikan ez beste herrialde batean jaio izan balitz, zer-nolako idazlea izango ote zen galdetzen zion bere buruari; eta, halere, ez zuen uste idazle batek «gatazkak edo gai handiak» beharrezko zituenik. Izan ere, haren hitzetan, «poesia, narrazioa, pintura... ez dira sortzen gertakarietatik, haien oihartzunetatik baizik».

Adituek maiz goretsi zioten errealitatearen eta fikzioaren arteko oreka maisuki menperatzea. Bere izatea eta bere langintza bereiztea beharrezkoa zuela ere esan izan zuen: «Bereizi beharra dauzkat. Nire bizitza, nire beldurrak eta esperantzak gauza bat dira, baina ez dagozkie nire pertsonaiei, ez bada ni bezalako pertsonaia bat sortu nahi dudala. Ez dut halakorik egin nire lehen eleberritik, lehen nobela beti delako autobiografikoa. (...) Baina begiratu, esaterako, The Conservationist-eko protagonistari; izan liteke norbait nigandik desberdinagoa?». Hain zuzen, pertsonaiak eta beren barne munduak eraikitzeko zuen abilezia da gehien txalotu izan dioten ezaugarrietako bat. Horiek sortzeko, istorioa kontatuko zuen ahotsa entzuteko beharra zuela azaldu zuen behin: «Ez badut entzutea lortzen, orduan badakit ez dudala hori idatzi behar, ez baitut nahikoa ezagutzen».

Behatzearekin lotzen zuen, beste behin ere, langintza hori. Bizikide bat lotan ikustearekin alderatu izan zuen: «Gorputz horri begiratu, eta ezagutzen ez duzun zerbait baino ezin duzu ikusi, inoiz ezagutuko ez duzun zerbait, zuretzat sekretua den zerbait. Noski, idazleak osatu egiten du hori, asmatu egiten du». Idaztean baino ez zuen hori lortzen, haren hitzetan. «Idatziz joan ahala iristen naiz pertsonaiak ezagutzera». Haren ustez, «fikzioa barne munduaren esplorazioa» baita.

Pertsonaiak eta haien barne-munduak eraikitzeko abilezia handia izatea txalotu zioten gehien.

Idazketa egia bilatzeko tresna bat ere bazen Gordimerrentzat. Baina idazle bakoitzak «egiaren ale txiki bat» besterik ezin zuela antzeman ere argi zuen. «Geure gizarteetan kuxkuxean ibiltzen gara, ulertzen saiatzen, behatzen, entzuten, geure buruak eta besteak aztertzen. Prozesu horretan lor dezakegun gauza bakarra, idazle zintzoak bagara, egiaren zatitxo bat da». Edonola ere, literatura zen harentzat mundua ulertzeko bidea. «Nik uste dut deskubritzeko prozesu batean gaudelako idazten dugula; bizitza esploratzen, gizakiek egiten duten historia, eta gizakiak egiten dituen historia. Erlijioak eta ohiturak esploratzen ditugu, horiek direlako giza izaeraren inguruan dauden egiturak». Bestela esanda, hala azaldu zuen auzi hori beste elkarrizketa batean: «Norbait atzerrira doanean eta gauza berriak ezagutzen dituenean bezala da. Berdin gertatzen da liburuekin, errealitate berriak esploratzen laguntzen digutela. Ezagutzen dugunaren eta ezagutzear gaudenaren arteko espazioa betetzen dute eleberriek. Erdian dagoen arrakala horrek elikatzen du irudimen literarioa».

Gordimer 2014ko uztailaren 13an hil zen, Johannesburgoko bere etxean. Haren lanik ez dago euskaraz argitaraturik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.