Liburu aurrerapena

Apenas

Karlos Linazasorok (Tolosa, 1962) bide luzea egin du literaturgintzaren alorrean. Genero ugaritako lanak argitaratu ditu: eleberriak (Altzeta, Urperatze handia), narrazio liburuak (Ipuin arriskutsuak, Ipuin errotikoak, Diotenez), antzerkia (Burdindena), aforismo lanak (Esan gabe doaz), baita poesia liburuak ere (Udazkeneko karabana erratua, Gaur orain da betiko). Apenas (Utriusque Vasconiae) poesiaz bustiriko egunkari bat da. Hauek dira pasarteetako batzuk.

2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Gasolindegian

Gasolindegian izan nintzen atzo. Ez naiz askotan joaten, egarri naizenetan baizik ez. Herri irteeran dagoen horretaraxe. Gaugiro ederra zegoen, ez hiltzeko modukoa. Haize firrindak aingeruak zekartzan berarekin besataraka. Betetzeko tankea esan nion K.-ri, berunik gabekotik. Meza entzuten ari zen K. irratian, pirataren baten beatifikazioa. Jainkoaz hitz egin genuen puska batez, gasolinaren garraztasunaz. Ez gentozen bat ia ezertan, K. oso gizon analitikoa baita. Baina hura ere nekatuta zegoen. Spleen?, esan nion. Spleen, esan zidan. Apenas hitz gehiago gurutzatu gabe, mahuka bana hartu genuen. Gasolinaz bete genuen gasolindegia, irribarre malenkoniazko batez. Pospoloa erakutsi nion; pospoloa erakutsi zidan. Biak piztu, eta su eman genion munduari. Inoiz ez dugu ez K.-k ez nik halako gauza miresgarririk ikusi. Nik uste dut ulertzen dela zer adierazi nahi dudan, ala?

Txepetxaren fabula

Zerua beti dago goian eta beti da geroko. Udaberrian, zerua apenas denean alu zabal eta lorez leherturiko bat, eskuek dardarizo bat eskatzen didate, epitafio bat harago bizitzeko. Begira zauzkat, txepetx, habiako txulo txiki txepeletik, eta ni ere begira nagokizu, zer argi ekartzen duzun mokoaren punttan zoriari izen eder bat ipintzeko. Gero esango dute guk biok ez dugula deusetarako balio, tiro bakar batez akabatuko gaituztela biok eta otoitzean. Zu isilik bazaude, ni zure isiltasunaren oihartzunean galduko naiz, erroraino. Ogi zuria daukat bizirauteko, eta lurrak ematen didan astronomia eta neurtitza, eta txistu egiten dakit zure izenarekin, etor zaitezen, behar balitz, nire musu klandestinora.

Irakurle maiteak

Ez dakit irakurlea maitatzen. Ez dakidan gauza bakarra da, eta dakidan guztia ez da ezer. Nire eskuetatik pasatzen diren irakurleak harroak izan ohi dira, hantusteak baina maitagarriak, ezpain bat baino luzeagoak. Dena didate lapurtzen eskutik eskura, hizkien itolarria ere bai, eta nik ezin ditut eraman, begitan hartuta dauzkat. Maitatzen ditut begi-ninietan, baina ez ditut begiko ez adiskide ere. Ispiluan ikusten ditut laidoka, elur-lanbroan bilduak, aiztoa hortzetan prest. Apenas izanen diren milaka batzuk, banaka-banaka konta litezkeenak. Bakea eskatzen diet, pozoi goxo baten loa, lore ximel baten loria. Eurek nahiago naute hilda, epitafio baten azpian lo, betiko loa idatziz, lur eta hezur.

Oso aldatuta zegoen

Lagunak deitu didanean pijama jantzita nengoen. Ezkaratzera jaitsi naiz estropezuka. Zer esan didan ez dakit: Tunezera joan behar genuela, Armeniara, Indonesiako azken mutur galdura. Ez diot ongi ulertu: Letoniara, Mexikora, Zelanda Berriko azken mugalde konkistatura. Ametsetan ote nengoen egin dut zalantza, edo sonanbuluarena eginez. Begietara egin diot so lagunari: ez nuen gizon hura ezagutzen. Nor den galdetu nahi izan diot, zertara etorri den nigana, baina hitzak ebatsi dizkit eskutada batez. Haserretu egin da, baina ez ni baino gehiago. Apenas daukagun arma zuririk, eta hortaz besarkadetara jo dugu, irri mortuetara. Bila etorri bazait, zazpi etxe dauzkalako Frantzian dela, eta gauzatzeke daukagulako lau eskutara sekula idatziko ez dugun nobela. Orduantxe jabetu naiz nor etorri zaidan bila. Azkenekoz ikusi nuenetik, oso aldatuta zegoen. Baietz esan diot, jakina. Batek badaki noiz galdu duen, noiz ez dagoen irtenbiderik. Ez nuen uste, hala ere, txanda hain azkar tokatuko zitzaidanik, ez eta hain era amarrutian.

Ispilutxoa

Nire aurrean dago. Ispilu ttikiarekin eta matxardatxoekin begitarteko urteak kentzen ditu, apenas banaka-banaka, belar txarrak balira bezala. Eta bekainetako arrosa urdinak edo tximeletak, eta betileetako hosto ihartuak. Gero atzazalak egingo ditu, moztu, kimatu, soildu eta leundu, eta limarekin biolina joko dio ateri den egunari. Pintatzen baditu atzazalok (baina ez beti), kolore ezinezko batez ditu pintatuko, Borgesen tigreak bezalaxe; eta ez hamar edo hamabi behatzak, apenas sei edo zortzi baizik, batzuetan bederatzi ere bai. Bukatzen duenerako beste mende batean gaude beti, eta ni beti nago begira. Ispilutxoaren barruan neu ote nagoen ez dakit, ez dut-eta inoiz halako atrebentziarik izan. Gustura galdetuko nioke horixe, baina gero eta ederrago dagoenari utzi egin behar zaio gero eta gehiago edertzen.

Alkandora

Alkandora bat behar nuen aspaldidanik. Bukatu da azaroa. Bukatu da nire ametsa ere: domus aura bat nahi nuen, gomutak eta liburuak gordetzeko. Ezetz esan dit errekaren murmurio mutiriak. Sartu naiz bada alkandorara, barka, dendara, eta atorrasagasti. Dena lore zuritan biluzik. Koadroduna, pinpirina, ni bezain ederra nahi nuela. Barruratu naiz errezelen atzean errezelorik gabe, eta dendaria etorri zait bertara, bularka zerutik jaitsia. Apenas biluztu gabe biluztu nau osorik, eta bere ipurdi simetrikoan ezin zitekeen gauza txarrik egin. Hantxe gelditu gara hormaturik, metro koadro hartan koadroka, eta neskatoak esaten zidan mahukak jaisteko belardiraino, kasu egiteko hanken artean piztu zitzaion eguzki kotoizkoari. Eta nik ezetz bada, lihozkoa nahi nuela, ehun-lihozkoa, linazisoro pottoloetan jasotako alkandora. Bular bat ukitu nion gero edo segidan nahi gabe, nahigabez, eta bestea ere ez zen ilargia baino itsusiagoa. Musu eman zidan neskatoak gibel-harrian, musu berriro ere birikaren estuasunean. Halako batean, errezelak ireki ziren. Ispiluaren aurrean biluzik geundelako lotsaz, alkandora ipini zidan esekitoki haragigorrituan. Ondo neukala esan zidan kulerorik gabe, barkatzeko baldreskeria hura guztia. Nik, ordea, baldreskeriarik batere ez zegoen tokian ezin izan nuen batere baldreskeriarik ikusi.

Jakitateak

Beldurrez airean bizi naiz. Beldur diet asko dakiten askojakinei, beldur, halaber, gutxi dakiten gutxijakinei. Nik uste dut, klasikoekin bat eginik, neurri-neurrian jakin behar dela, eta apal-apal erakutsi behar dela dakizun neurria. Neurria, beti, besteen begietan dago, entzuten dizunaren eskuzabaltasunean. Koska hori gainditzen baduzu, izua eragingo duzu bazterretan, eta horrexegatik sortzen dira gero ludian sei lurrikaretatik zortzi. Hori gutxi balitz, maisuka mintzo bazara, ezizen itsusi bat jarriko dizute istantean, zikina baino gehiago iraingarria, bizialdi osorako iltze gori bat bezala eraman beharko duzuna. Horrek, ezizenarenak, beldur izugarria ematen dit niri, eta horregatik egoten naiz isil-isilik baita ezer ez dakidanean ere.Ez dakit ezer eta badakit franko, badakidalako ez dakidala ezer. Eta apenas oroitzen dudan dakidana, beldur ematen didalako askojakintzak eta laborrizjanzten nauelako nekiena ahantzi beharrak. Birtuoso bat naizela uste dut, baina ez dakit zerena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.