Arabako kultur arloko 300 profesional eta eragile bildu ditu dagoeneko Mahaiak, sektorea egituratzeko iazko urrian sortu zen plataformak. Antolakuntzan sakondu ostean, eskaera zehatzak aurkeztu dizkiete orain administrazio publikoei. Plataformak argi du sektore artistikoaren ordezkari nagusi bihurtu dela Araban, eta pisu hori aintzat hartzeko exijitu dute, diseinatzen diren politiketan parte hartze aktiboa izan nahi dutelako.
Hala, Arabako Aldundia eta Gasteizko Udala prestatzen hasiak dira kultur esparrua gidatuko duten plan estrategiko berriak. Politika horiek garatzeko orduan ez dute aholku emaile hutsak izan nahi; ekintzez eta proposamenez «erabakitzeko ahalmena» izatea galdegin diete. «Gai izan gara geure burua antolatzeko. Etxeko lanak egin ditugu, eta erakundeek onartu behar dute orain pisu handiko mintzaideak garela», azaldu zuen Roberto Ercilla arkitektoak, plataformaren bide orria azaltzeko herenegun Gasteizen egindako jardunaldian. Erabakitzeko gaitasuna praktikan jartzeko legezko arazoak daudela aitortu zuten, baina borondatea agertu zuten konponbideak bilatzeko.
Mahaia bera sortzeko prozesuaren hasieran nabarmendu zuten sustatzaileek herrialdeko kultur sorkuntza eta zabalkundea «koman» daudela. Azken urteotan galdutakoa berreskuratzen hasteko proposamen ugari aurkeztu dituzte. Datozen urteotan krisiaren harira galdu den aurrekontuaren erdia berreskuratzeko konpromisoa hartzea galdegin diete Gasteizko Udalari eta foru gobernuari. 2017 eta 2021 bitartean konpromiso hori nola gauzatuko den plan estrategikoetan zehaztuta agertzea nahi dute.
Obren %1, kulturarako
Galdutako beste politika batzuk berriro martxan jartzeko garaia dela uste du Mahaiak. Garai batean, Gasteizen obra publikoetarako gastatzen zen aurrekontuaren %1 artelanak egiteko erabiltzen zen. Denborarekin, alde batera geratu zen hori. Berriro martxan jarri, eta lehengo irizpideak zabaldu behar direla uste dute. Beste puntu esanguratsu bat laguntza ekonomikoak eta pizgarriak dira. Neurri handi batean, Arabako kultur sorkuntza garaikideak proiektu pribatu txikiei esker egiten du aurrera, eta ezinbestekotzat jo dute horiei laguntzea. Beste ezer baino lehen, sektoreko areto, ekipamendu eta eragileen errolda eguneratzea defendatu dute.
Eusko Jaurlaritzari ere kargu hartu diote. Plataformaren ustez, kultur politika «desorekatuak» egiten ditu, Arabaren kalterako. Adibide bat jarri du Ercillak. «Tabakaleran 80 milioi gastatu dira, ikaragarrizko gehiegikeria. Hemen, aldiz, Krea martxan jartzeko hamasei milioi behar ziren, eta ezinezkotzat jota utzi zuten».
Arabako kultur politiketan «erabakitzeko ahalmena» izatea eskatu dute artistek
Nahi dute sektorea ordezkatzen dutela aintzat hartzea foru aldundia eta Gasteizko Udala prestatzen ari diren plan estrategiko berrietan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu