Urtearen hasieran plazaratu zuen Arantxa Iturbe idazle eta irrati esatariak Koadernoa zuri nobela —lehenago antzerki testu eta antzezlan izan zen lana—. Orain, berriz, ipuingintzari heldu dio Susa etxearekin argitaratu berri duen Honetara ezkero lanean. 29 narrazio dira. Neurriz laburrak diren arren, Gorka Arrese editoreak nahiago du "ipuin bizkorrak" direla esatea. "Arantxaren estiloak lengoaia ekonomia darabill, batetik, eta, bestetik, zentzu bat baino gehiago emateko ateak zabaltzen ditu". Honela dio liburuaren kontrazalak: "...ipuin maleziatsu hauetan ere ustekabeko asko izango dira, pertsonaiak eta gertakariak katramilatzen ikusiko dituzu isilpekoen kariaz, oker ulertuak bezainbat ager litezke susmoak. Umorezkoak batzuetan, gaiztoak sarritan".
Gaur goizean aurkeztu du liburua, Donostian, Iturbek, eta nabarmendu du "editorearen eskariz" ipuinen bat "gehixeago luzatu" duen arren batez ere istorioak "kimatu" egin dituela, "esentzia minimora" eraman. "Hats laburrekoa naiz idazketan", esan du. 29 istorioek hitz bakarreko izenburu iradokitzailea dute. Potroak du izenburutzat lehenak, eta Etorkizuna azkenak. Eta tartean, Profanazioa, Sektretua, Terapia, Ezpainak, Galdera, Haizagailua eta Izenordainak, besteak beste. Ipuin guztiek hartu-emanak dituzte ardatz, gizon eta emakumeen artekoak batez ere, "baina ez beti eta ez bakarrik". Eta inkomunikazioak, gaizki ulertuek eta susmoek zeharkatzen dituzte istorioak. "Esan gabekoek, isilik gordetakoek, erdizka adierazitakoek" ere lekua dute liburuan, eta "irakurleari ere badagokio esaten ez den hori betetzea".