'Arantzazu', ekarpen zabalaren begirada intimo bat

Bilboko Zinebi jaialdian estreinako proiekzioa izan bazuen ere, Durangoko Azokara begira jarri, eta gaur egingo zaio aurkezpen ofiziala 'Arantzazu' dokumentalari.

Arantzazu
Arantzazu
garbine ubeda goikoetxea
2023ko azaroaren 28a
05:00
Entzun

Arantzazu. 36 zm - 5 mende - Herri 1. Izenburuarekin batera datorren definizioak hiru zenbaki dakartza, eta haien artetik lehena da, beharbada, ezezagun bakarra. Arantzazuko bidea makina bat bider egindakoek ere nekez identifikatuko dute berehalakoan, baina badu bere funtsa. 36 zentimetro luze ditu hango Ama Birjinaren figurak, eta, beraz, sorburuari egiten dio erreferentzia; hots, naturaren, kulturaren eta espiritualtasunaren gunetzat jotzen den horren abiapuntuari.

Haren historia mardula den arren, gutxi gorabehera azken 70 urteetakoa jaso du dokumentalak, eta frantziskotarren begietatik egin ere. «Bertan gelditzen diren fraideak 50eko hamarraldian iritsi ziren santutegira, haurrak zirela, eta haien bizipenei jarri genien arreta», azaldu du Arantzazulab fundazioko zuzendari nagusi Naiara Goiak. Zehaztu ere egin du, zer axola zitzaien: «Batez ere 50eko, 60ko eta 70eko urteetako hainbat esparrutako loraldiak nola bizi izan zituzten, ordutik gaurdainoko urteak nolakoak izan diren eta, bide batez, etorkizunari zer taxu hartzen dioten».

 

Goiak aipatutakoak hamarraldi esanguratsuak izan ziren, inondik ere. Bederen, euskal nortasunaren bilaketan, eta zer esanik ez, hizkuntzaren berreskurapen prozesuan. Ordukoak ditugu, besteak beste, artearen indartzea, kulturaren birbalorazioa, santutegiaren modernizazio ia pentsaezina, Oteizaren ekarpen estetiko ideologikoa, Jakin aldizkaria eta beste hainbat artista gazteren sormen lan berritzaileak.

Frantziskotarren testigantzen osagarri, Arantzazuri aldez edo moldez lotu zaizkion hainbat lagunen bizi esperientziak erantsi zaizkie. Euskal herrigintzako eta bereziki kulturgintzako elementu aktibo eta ezagunak dira denak ere, eta norbere esparruan erreferente. Ahots horiek «Arantzazuk egindako ekarpena ikuspegi laikotik indartzea» izan dute helburu, Goiaren hitzetan. Tartean dira, esate baterako, Jon Sarasua, Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta humanismoen esparruko pentsalaria; Xabier Euzkitze, bertsolaria, esataria, aurkezlea eta ohiko bisitaria Arantzazun; Migel Angel Alonso del Val, Gandiaga topagunearen arkitektoa; Jose Ramon Beloki, kazetari eta diputatu jeltzale izandakoa, frantziskotarrekin ikasitakoa; Lorea Agirre, Jakin-eko zuzendaria; baita Joseba Intxausti zena ere, garai hartan frantziskotarra eta Jakin aldizkariaren sortzaileetako bat; Miren Elgarresta, jaiotzez oñatiarra, gaur egun Emakundeko zuzendaria, urte askoan albaitari izandakoa eta Nikolas Segurola artzain fraidearekin batera buruz buru jardundakoa, ardi latxaren lanketan eta Idiazabalgo Gazta sor-markaren hastapenean.

Herriarekin harreman estuan

Zuzendari lanetan aritzeko gonbita «errebotean» heldu zitzaiola dio Pello Sarasuak. Dokumental forma hartuko zuela erabaki aurretik, frantziskotarren testigantzak grabatu eta ondare immaterial gisa jasotzea zuen hastapeneko asmoa Arantzazulab fundazioak, eta Arteman produkzio etxearekin jarri zen harremanetan. «Ardura hartuko zuenarentzat profil argirik ez artean, baina, halako elkarrizketa sakonak eta luzeak egiteko, ezinbestekotzat jo zuten frantziskotarren konfiantzazkoa izatea», Sarasuak dioenez. Bestalde, galdezka arituko zenak «gaia ondo samar ezagutzea» ere lehenetsi zuten, hiruzpalau orduko saioei behar bezala eutsiko bazien. «Halaxe bururatu zitzaien nire izena, duela hamabosten bat urte Arantzazun aritu bainintzen lanean, Baketik fundazioan». Fraideak ezagutu arren, «elkarrekin halako gai intimoak sekula hizpide hartu gabeak» zirela nabarmendu du, halere.

Grabaketarik gehienak Arantzazuko koruan egin dituzte, eta beste hainbat, frantziskotarrekin, Donostiako elizako koruan. Hastea izan da beti zailena: «Kamerak, argiak, hori guztia oso ezerosoa egiten zaie; ez daude ohituta». Ordu erdirekin aski izango zutela edo antzekoak esanda esertzen ziren, «baina, solasaldian sartutakoan, ahantzi egiten zitzaigun denoi, eta, azkenerako, hiru orduko saioak ere motz izan dira zenbaitetan». Gaiak aldez aurretik definituta eta adostuta zekartzan Sarasuak, baita galdera zehatzak ere, fraide guztientzat berberak, Joseba Intxausti eta Paulo Agirrebaltzategirentzat izan ezik: «Haiei Jakin-en gainekoak gehitu genizkien espresuki».

Dokumentalak zer transmititu behar duen argi izan du Sarasuak: «Frantziskotarrak herritik gertu eta herriarekin harreman estuan egon direla beti». Harago doa Goia: «Herririk gabe, Arantzazu ez zen izango gaur egun dena, ezta herria bera ere gaur ezagutzen dugun bezalakoa, Arantzazuko kide batzuek une jakinetan egindako ekarpenagatik ez balitz». Gaineratu du «berritzaileak, ausartak eta komunitate erlijioso ezohikoa» izan direla, erabaki ausart horiek sarritan arazoen iturri izan zaizkien arren.

Esperientziagatik edo hurbiltasunagatik, haientzat gauza gehienak jakinak zirelakoan zeuden, baina ikasi ere egin dute. Sarasua: «Euskara batua han sortu zen, baina ez nekien euskararen aldeko tirabirak haien artean 90eko hamarkada arte luzatu zirenik».

Grabaketa osoa, 25 ordu guztira, «70 minutura ekarri beharra» egin zaio eginkizunik zailena Sarasuari, eta «Arteman produkzio etxeak egindako jostun lan paregabea» goretsi du. Gertaeren gaineko azalpen orokorrak, esaterako, dokumentaletik at gelditu dira, eta zalantzarik ere piztu izan dio horrek: «Arantzazu ezagutzen dutenei gustatuko zaiela iruditzen zait, maite duten historia hitz egiatiz eta irudi politez jantzi delako». Aldiz, Arantzazuren berri ez dutenei «motz» gerta dakiekeela aitortu du: «Nolanahi dela ere, gertaera guztien zertzeladak hor daude, eta Oteizak egindakoaz eta bestez gehiago jakin nahi duenak dokumental ugari aurkituko du sarean».

Sarasuarentzat, teknikarien erreakzioak izan dira testik argigarriena; esate baterako, Mikel Serratorena (edizioa eta postprodukzioa). Zuzendariaren arabera, 30 urte inguruko gazteak aritu dira lanean kameren atzean, «ziurrenik halako gaietan batere interesik ez dutenak», eta «gustura ateratzen ziren grabaketetatik, sorpresa eta jakin-mina erakutsiz, baina batez ere frantziskotarren motibazioak ulertuz, horretarako ez baitago sinestuna izan beharrik». Irudi zaharren bila santutegian emandako egunak ere aberasgarriak egin zitzaizkiela dio, eta, horren harira, uste du «dokumentalaren izenburuan Arantzazu ikusi eta proiekziora etortzea» izango dela erronka, baina ziurtzat jo du «etorriz gero pozik» aterako direla.

Sarasolak laudorioa baizik ez du fraideentzat: «Arantzazulabek demokraziaren eta gobernantzaren berrikuntza sustatzen du, eta esan izan diet: zuena berrikuntza bai, baina nobedadea ez, frantziskotarren aldean».

 

ArantzazuLab eta ondare iMmateriala

 

Dokumentazio lan horren lehen hazia duela hiru urte ingurukoa da, Arantzazulab fundazioak santutegiko ondarearen dinamizazioa, gizarteratzea eta koordinazioa ere bere gain hartu zituenekoa. Goiak azaldu du ekin orduko jabetu zirela «fraideen lekukotzek duten balio sozial eta historiko izugarriaz», eta, halaber, «ondare immaterial gisa altxor paregabea» osatuko luketela, jasoz gero. Sailkatu ahal izateko, hainbat atal aurreikusi zituzten: euskara eta kultura, artea, literatura, musika, natura, eta espiritualtasuna eta humanitatea, besteak beste.

Gero ezinezkoa egin zitzaien jasotakoa artxiboan uztea, besterik gabe. Grabazioak ikusi ahala, burutazio bat eta bera sortzen zitzaien denei, Goiaren arabera: «Etorkizuna zer izango den ez dakigu, baina egungo gizarteak jakin behar du Arantzazutik zer ekarpen egin den esparru askotan, ez soilik erlijiosoan». Halaxe sortu zen ikus-entzunezkoaren ideia.

Dokumentala gizarteratzeko, egutegian mugarri bat behar, eta Donostiako Zinemaldirako aurkeztu zuten lehendabizi. Han, ordea, ez zuten onartu. Estrategia birplanteatu, eta Durangoko Azokan jarri zuten begia, «euskarari lotutako plaza ederra delako», Goiaren hitzetan. Garai bertsuan, Bilboko Zinebin aurkeztu zuten, «batere itxaropenik gabe». Baita proiektatu ere.

 Durangoko Azokan Irudienean proiektatuko da, eta, horren ostean, Euskal Herri osoko antzokietara zabaltzeko ahalegina egingo dute.

«Euskararen inguruan eztabaida asko izan ditugu; denak ez gara euskaldunak izan».

MIGEL ANGEL TXABARRI Frantziskotarra

«Euskara batuaren sorrera, modu grafikoan esanda, bakeroz janzten zirenen eta sotanaz janzten zirenen arteko konbergentziaz gertatu zen».

JON SARASUAMondragon Unibertsitateko irakaslea

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.