Euskal konpositoreek mendeetan ondutako lanak harribitxiak balira bezala gordetzen dituzte Eresbilen. Musikagileen partiturak dira Musikaren Euskal Artxiboaren ondare nagusia, eta, urtetik urtera, bilduma handituz doa. Iaz beste 568 gehituta, euskal musikagileen 29.000 partitura dituzte Errenteriako egoitzan (Gipuzkoa). Askotariko lanak eta egileak biltzen dira, asko dohaintzan jasotakoak, baina badira bilaketa eta lanketa berezia eskatu dutenak ere. Horien artean dago iaz artxiboari gehitutako beste funts bat: Andres Isasi konpositorearen partiturak (Bilbo, 1890-Getxo, Bizkaia, 1940).
Zarauzko Photomuseumeko erakusketa batean hasi zen dena. Erakusketa hartan kristalezko argazki negatibo batzuk erakutsi zituzten. «Oso negatibo bereziak dira, inoiz argitaratu gabeko Isasiren partiturak gordetzen baitituzte», azaldu du Jon Bagues Erriondok, Eresbileko zuzendariak. Negatibo horiek bilatzeko lanak hasi zituzten orduan, eta Bizkaian zeudela jakin zuten, bildumagile baten etxean. Haiek digitalizatzeko eskaintza onartu zuen bildumagileak, eta modu horretan lortu zituzten.
Haiek lortzeko prozesua bezain bitxia da partiturak gordetzeko euskarria. «Isasi oso pertsona berezia eta interesgarria zen. Ikerketa asko maite zuen; esaterako, txorien kantei buruzko hainbat liburu ditu. Eta argazkilaritza ere maite zuen». Isasik argazkiak egiteko hainbat bide ikertu zituen, eta froga horien fruitua dira topatutako kristalak, Baguesen ustez. «Uste dut ez direla argazki artistikoak, baizik eta horiek ateratzeko eginiko probak. Baina proba horiei esker berreskuratu ahal izan ditugu orain arte ezagutzen ez ziren partiturak».
Behin Eusko Ikaskuntzaren laguntzaz 33 kristalak digitalizatu ostean, orain haien edukia aztertzen ari dira. Lan horretan laguntza ematen ari da Isasi laukotea, partituretatik obra osoak atera ote daitezkeen aztertzen, gero interpretatzeko. Partiturak garbira pasatzen ari dira orain. «Berreskuratze prozesuak oso motelak dira, aurrera begira partiturak edo diskoak editatzeko asmoz eginak, baina lehenago material horiek guztiak prestatu behar dira. Batzuetan horrela, modu isilean lan egiten dugu artxiboan».
Bilduma handituz doa
Poliki-poliki batzuetan, Isasiren lanekin bezala, edo lan sorta handiagoak eskuratuta beste batzuetan, hazten jarraitzen du Eresbilen bildumak. Iaz 200.000 dokumentuen langa gainditu zuen, artxiboari 2.893 dokumentu berri gehituta. Partiturak dira ondare nagusietako bat (74.441 dituzte dagoeneko). Horiei dagokienez, iaz artxiboari gehitutako «harribitxi bat» nabarmendu du Baguesek: XIII. mendeko Tibalt I.a Trobadorea Nafarroako erregearen poesien partitura bilduma, bi liburukitan poema horiek jasotzen dituen 1742ko Parisko edizio bat lortu baitzuten iaz Eresbilekoek. Horrez gain, Louis Vierneren organorako obra osoa edo errenazimendu garaiko Siziliako musikari buruzko bilduma daude, besteak beste.
Liburuen artean, berriz, Nemesio Otaño konpositore azkoitiarraren biografia, edo XX. mende hasieran Euskal Herriko Adiskideen Elkarteak musikaren inguruan eginiko lana gehitu dizkiote artxiboari, baina baita lan berriagoak ere, Bilboko rockaren historia jasotzen duen Lluvia, hierro y rock and roll Alvaro Herasen liburua, esaterako. Bestalde, iaz dantzari buruzko atala zabaldu zuen artxiboak, eta hori osatzen joateko, Olaeta baletei buruzko liburu bat, Bilboko txistulari taldeak argitaratutako Urraska dantza jauziak: Sagasetaren bidetik dantzarako gida, edo Diaghilev eta bere balet errusiarrei eskainitako lana artxibatu dituzte. Liburuekin batera, musikari buruzko aldizkari, kartel, dosier, argazki, prentsako idatzi eta bestelako 32.000 dokumentuk osatzen dute funtsa.
Ikus-entzunezkoen atala beste 93.997 dokumentuk osatzen dute. Iaz gehitutakoen artean, besteak beste, Angel Illarramendiren 3. sinfonia eta Iñaki Salvador Trioren Lilurarik ez diskoa nabarmendu ditu Baguesek, biak Musikasten eskainitako kontzertuen ondorio baitira.
Erabiltzaile kopurua %11 handitu zen iaz 2009aren aldean, eta 800 bat lagunek baliatu zituzten Eresbilen dokumentazio zerbitzuak. Gehienek dokumentu bila artxiboaren egoitzara joatea hobetsi zuten, baina gero eta gehiago dira posta elektronikoz eskariak egiten dituztenak.
Webgunea da Eresbilen beste lan tresna garrantzitsu bat. Iaz 40.500 bisitari izan zituen webguneak, aurreko urtean baino %5 gehiago. Mundu osoko 50 herrialdetatik jasotzen ditu bisitak webguneak, eta iaz bisitarien erdia baino gehiago (%55) Euskal Herritik, Herrialde Katalanetatik, Galiziatik eta Espainiatik iristen zitzaizkion. Gainerakoen artean, nabarmentzekoa da AEBetatik jasotako bisitari kopurua (hamarretik bi). Internetek duen garrantziaz jabetuta, Facebook sare sozialean ere badago Eresbil, eta 272 lagun ditu dagoeneko.
2011rako, hamaika proiektu
Aurten ere ekimenez josita dator Eresbilen agenda. Iaz bezala, euskara eta euskal musikaren ikerketa sustatzeko Juan Zelaia Letamendia Beka antolatuko du, bosgarren urtez, eta deialdia laster kaleratuko du. Bekari eskainitako webgunea sortzeko asmoa du, eta bertan argitaratuko du iaz aukeratutako proiektua, Varun de Castroren Doinuen hitzak, hitzen doinua: euskal abestien prosodia aztertzeko proposamena.
Bestalde, 39. urtez Musikaste euskal musikaren jaialdia antolatuko dute maiatzaren 14tik 21era bitarte. Urteurrenak aitzakiatzat hartuta, Jose Bakedano eta Andres Lonbide musikariak omenduko dituzte. Jesus Aranbarriren ganbera lanak ere entzuteko aukera izango da, besteak beste.
Barrura begirako lanen artean, berriz, dokumentu gehiago biltzen eta beste erakunde batzuekin elkarlanean hainbat proiektu lantzen jarraituko du Eresbilek, besteak beste, Musika Liburutegien Nazioarteko Elkartearekin. Mundu osoko musika artxibo bat sortzeko proiektua lantzen ari dira, eta kongresua izango dute Dublinen ekaina bukaeran. Bestalde, musika liburuzainaren perfilari buruzko bilerak egingo ditu Eresbilek beste elkarte batzuekin, Euskal Herriko musika kontserbatorio bakoitzean musika liburuzain bat egotea sustatzeko.
Argazkietatik ateratako notak
Andres Isasi musikagilearen hainbat obra berreskuratu ditu Eresbil Euskal Musikaren Artxiboak, eta partiturak aztertzen ari diraEgun 200.000 dokumentu baino gehiago ditu, eta erabiltzaileen kopurua ere gora doa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu