Argazkilari baten disekzioa

Thomas Struth argazkilari alemaniarraren 116 lan biltzen dituen atzera begirakoa zabaldu du Bilboko Guggenheim museoak. Piezekin batera jarri dituzte ikusgai sortzailearen lanerako ohar eta irudiak

Pergamo museoa 1, Berlin, 2001, Thomas Struth artistaren artelana. THOMAS STRUTH.
Inigo Astiz
Bilbo
2019ko urriaren 2a
00:00
Entzun
«Atzera begirakoak deitu ohi ditugu halakoak», aitortu du Thomas Struth artistak (Geldern, Alemania, 1954). Baina ezinbestekoa zuen aitorpena. Argazkilariaren bost hamarkadako ibilbidea agertzen duen erakusketa zabaldu du Bilboko Guggenheim museoak: 114 argazki eta bi bideoko bilduma, 70eko hamarkadako lehen lanetatik hasi, eta azken urteetan egindako piezarik berrienetarainoko guztiak, eta, beraz, ezin ebidentzia ukatu. Artista ez da guztiz eroso sentitzen definizio horretan, ordea, eta berehala gehitu du oharra horregatik. «Niretzat, ez da erabat hala, lanik zaharrenek ere lotura dutelako egungo munduarekin». Lantzen dituen gaiak «itsatsi» egiten zaizkiola dio, eta luze eramaten dituela gainean. Kronologikoki aurkeztu beharrean, atzera-aurrerako jauziekin antolatu dute erakusketa horregatik. Lan metodo horrek bilakatu du Bigarren Mundu Gerraz geroztiko argazkilari europar esanguratsuenetako bat, eta, haren lan ikonikoekin batera, sortzailearen tailerra erakusten duten 400 artxibo ere jarri dituzte ikusgai museoan. 2020ko urtarrilaren 19ra arte egongo da irekita.

Ezagunak dira Struthen lanak arte esparruan. Bereziki estimatuak dira 80ko hamarkada amaieran hasitako museoetan egindako argazkien serieak, esaterako. Eta pieza horietako batzuk biltzen ditu erakusketak. Jendea Berlingo Pergamo museoko eskaileretan eserita ikusi daiteke batean; eskolako soinekoz jantzitako neskatoak Diego Velazquez margolariaren menina ezagunen alboan; publikoa multzoka bilduta, Theodore Gericault artistaren Medusaren baltsa-ren irudi dramatikoari begira... Txalotu egin dizkio lan horiek kritikak, baina hor dator artistaren baina. «Bitxia da. Hauek dira arte merkatuan hobekien mugitu diren nire piezak, baina gainditutako bide bat da niretzat».

Baina badira oraindik irekita sentitzen dituen bideak. Horregatik ez ditu serie deitzen argazki bildumak. Itxi gabe daudelako. Itsatsita daramatzalako. Eta hamarkadaz hamarkada arrastaka eraman dituen gai horien arabera banatu dituzte bigarren solairu osoa hartzen duten erakusketako aretoak.

Sorkuntzarako bidelagun izan du musika urteotan guztiotan artistak, eta musikagintzaren hiztegia darabil erakusketa deskribatzeko ere. Haren hitzetan, «bederatzi mugimendu» dituelako Bilboko bildumak. Museoei eskainitakoa da «mugimendu» horietako bat, baina badira beste zortzi gehiago ere: familia erretratuei eskainitako bilduma; hirigintza eta arkitektura ardatz duten irudiak; oihan trinkoetan ateratako Paradisuko irudi berriak izeneko argazki multzoa; tresneria zientifikoari egindako erretratu sorta; ospitaleko gaixoentzako egindako irudi seriea; Palestinako gatazka erakusten duten erretratuak; jolas parke artifizialetan ateratakoak; eta, azken-azkenak, Berlingo zooan hildako animaliekin egindako lanak.

Nola begiratzen den

Begirada da lan guztien sakoneko gaia, halere. Struth: «Giza begiradarekin zuzeneko lotura dauka argazkigintzak. Erakusten du zerbait, baina erakusten du, halaber, norbaitek nola begiratzen dion zerbait horri». Eta hori da gakoa, argazkilariaren hitzetan.

Artistak oraindik ere martxan du hildako animaliei eskainitako lana, esaterako. «Zoologikotik deia jasotzen dut tarteka, esanez, adibidez, jaguar beltz bat daukatela, eta joateko argazkia ateratzera». Heriotza naturala izan dute serie horretan ageri diren hildako animalia guztiek, eta haien habitat artifiziala hobetzen laguntzeko hartzen dizkiete laginak zooko langileek. Disekzioarekin hasi aurretik jasotzen du, ordea, haien deia Struthek, eta orduan ateratzen die argazkia. Bare ikusten dira animaliak argazkietan. Eder eta dotore, detailerik txikienari ere erreparatzeko besteko zehaztasunez. Baina, artistak adierazi duenez, ezinbestean, norbere heriotzari buruz hausnartzera darama bisitaria irudi horietako bakoitzak.

1970eko hamarkadan hasi zen lanean, eta gogoan du hasierako une hori. «Utzi egin nuen pintura». Argi identifikatuta du argazkigintzara eraman zuen bidegurutzea Struthek. Pintura ikasten hasi zuen ibilbidea Dusseldorfeko Arte Ederren Akademian, baina berehala igarri zuen norabidea aldatzeko beharra. «Jadanik ez nekien zer gehiago egin pinturan, pinturaren historia burutu samar zegoen niretzat, eta ez nuen egiteko askorik ikusten. Gainera, esparru nahiko pribatua zen, eta niri publikoarekin harreman zuzenagoa edukitzea interesatzen zitzaidan». Eta, hain zuzen ere, momentu horren lekukotza ematen dute erakusketan bildu dituzten artistaren tailerreko zirriborroek.

Kronologikoki antolatu dituzte artistaren lan material horiek, eta margolanak dira nagusi horregatik 70eko hamarkadari eskainitako atalean. Kolore bakarreko giza figurak dira gehienak, eta artistak horiz koloreztatutako argazkiak ikusten dira haien ondoan. Eta hor ikus daiteke sortzailearen bilakaera. Elkarrekin doazelako margolanak eta argazkiak, tarte batez, hasierako sasoi horretan, baina desagertu egiten delako pintura berehala, eta argazkiek hartzen dutelako erabateko protagonismoa ondoren. Disko azalak, liburuak, eta argazkiak prestatzeko egindako testu eta irudi zirriborroak ere ikusi daitezke hormetan. Hedabideetako albisteak. Marrazkiak. Eskutitzak. Erakusketen argazkiak.

Artistaren lan egiteko moduaren «disekzio bat», Lucia Agirre komisarioaren hitzetan.

Goi mailako artistekin parekatu du argazkilaria Agirrek. Haren hitzetan, generoak lantzeko duen modu propioak egiten du berezi Struthen lana, eta beti igartzen da haren begia egiten dituen erretratu, paisaia, zein natura hilen atzean. «Modu garaikide batean egiten ditu lan horiek guztiak, eta gure gizartetik. Oso era konplexuan dabil genero lan horien guztien artean irristean, baina oso era sinplean aurkezten dio gero lana ikusleari».

Unea izan ohi da argazkigintzaren lehengaia. Argia, ezinbestean, eta unea. Baina harago doa Struthen lana, komisarioaren ustez. «Ez du momentu bat dokumentatzen. Behatu egiten du, lantzen du gaia, prestatzen du irudia, argazkia aukeratzen du, eta ordu askoko behaketaren ondoren lortzen du argazkia. Eta irudi horrek ez du soilik unea harrapatzen, baizik eta baita inguruan gertatzen den guztia ere».

Opari historikoa

Baina historiak ere badu bere pisua Struthen ibilbidean. Berak ere onartzen du. «Eskerrak jadanik ez naizen ikaslea, ez nuke jakingo orain zer egin». Haren hitzetan, oraindik ere esperimentazio esparru zabala zen argazkigintza berak bide hori hautatu zuenean; oraindik ere sortu gabe ziren egungo sare sozialak eta jendeak ez zuen sakelakoari itsatsitako argazki makina etengabe gainean eramateko ohiturarik. Gainera, ez zen bera pinturaren bidea agortu antza sentitzen zuen bakarra, eta, horregatik, sasoi hartan asko izan ziren berak egindako bide bera egin zuten sortzaileak. Giro horrek eraman zuen argazkigintzara, alegia, baina desagertua da jadanik hori guztia. «Opari historiko bat izan zen», laburbildu du. Eta aski izan du esaldi bakarra bere egungo posizioa zein den argitzeko. «Aingura baten pare sentitzen naiz».

Aurrez ere egin dituzte argazkigintza erakusketak Bilboko Guggenheim museoan, baina sekula ez dute egin orain Struthi eskainitakoaren pareko atzera begirako indibidual zabalik. Munichen egon da aurrez bilduma, 2017an, Haus der Kunst museoan, eta hango erakundearekin elkarlanean antolatu dute Bilboko atzera begirakoa. Alemaniakoak baino lan gehiago biltzen ditu Bilbokoak, halere. «Oso bidaia osoa eskaintzen du», nabarmendu du Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak.

Bilboko eraikinaren aurka borrokan aritu behar izan duela onartu du Struthek inaugurazio ekitaldian. Proposamena jaso, Guggenheimera bisita egin, eta dena uzteko zorian egon zela esan du. «Lehen kolpean pentsatu nuen bertan behera utzi behar nuela erakusketa, espazioa oso handia zelako». Frank Ghery arkitektuak sortutako formek gain egin ziotela aitortu du. Izan ere, «oso probokatzailea» da eraikina, Struthen hitzetan, eta lanak izan ditu argazkiak haren formetara egokitzeko. Azkenean, ordea, pozik geratu da emaitzarekin. «Inoiz egin didaten erakusketarik handiena da».

Icebergaren alde ezkutua

Argazkien sakontasuna eta dotorezia nabarmendu ditu Thomas Weski komisarioak. Urte eta erdi eman zuen artistaren lan guztiak arakatzen eta harekin elkarlanean egin zituen hautaketa lanak, Municherako lehenik eta Bilborako orain. Aski ongi ezagutzen du horregatik Struthen lan egiteko modua, eta irudiak eraikitzeko duen modua da giltza, haren ustez. «Ikusgarria da zenbat prestaketa eta ikerketa lan ikusezin dagoen argazki hauen atzean. Icebergaren punta ikustera ohituta gaude normalean, baina oraingoan haren azpiko partearen zati bat ere ikusteko aukera dago».

Erakusketaz gainera, hainbat ekintza didaktiko ere antolatu ditu museoak, eta arte ikasleentzako tailer bat ere eskainiko du argazkilariak urtarrilaren 17an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.