Argia sar dadin

Jabier Muguruzak, intimismotik aldendu, eta «aldaketak eta argitasuna» bilatu ditu 'Taxirik ez' hamargarren diskoan

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2009ko urriaren 8a
00:00
Entzun
«Aldaketa egon da, bilakaera bat». Jabier Muguruzak hala laburbildu du Taxirik ez (Resistencia) disko berria. Gaiak aldatu ditu, oinarri erritmikoa jarri dio... Nahita bilaturiko metamorfosia izan da, eta hala eskatu zien hitzen egileei, «beste ikuspuntu bat» nahi zuelako. Konplizeak (Elkar) azken lan intimistaren ondoren «leihoak ireki» nahi zituen, argia sar zedin, eta gustura gelditu da emaitzarekin.

Taxirik ez urtebeteko jardunaren ondorio da, eta abeslariaren bakarkako hamargarren diskoa. Lanak Leonard Cohenen omenezko Acordes con Leonard Cohen (EMI) diskoan eta biran eginiko kolaborazioan du iturburua, eta Azkarateko Katarain estudioetan grabatu zuen iragan udan. «Jende oso onarekin aritu nintzen biran, luze egin genuen lan gainera, eta hurrengo diskoan oinarri erritmikoa nahi nuela garbi ikusi nuen. Javier Masekin aritzeko aukera izan, eta hari instrumentuetako haren lanean argia ikusi nuen, mediterraneokoa, eta hori transmititu nahi nuen. Argi horren bila ibili naiz».

Aldaketak dira nagusi, hitzetan zein musikan, eta aurreko lanarekin zerikusi gutxi du, baina ez da prozesu traumatikoa izan, «normala» baizik. «Aldaketak normalak dira sortzaileengan, gure lanaren fruitu dira. Gure jarrera adi egotea da, hausnarrean, eta horren ondorio iristen dira».

Muguruza musikariz inguratu da, eta azken laneko «biluztasuna» atzean utzi du. Angel Unzuk (gitarra akustikoa) eta Mireia Otzerinjauregik (ahotsak) haren alboan jarraitu dute, eta Txema Garcesek (baxua eta konponketak), David Gomezek (bateria) eta Roberto Yabenek (gitarra elektrikoa) oinarri erritmikoa ezartzen lagundu diote. Hirurak aurretik Muguruzarekin lan egindakoak dira, «musikari oso onak», nabarmendu du, eta, abeslariaren iritziz, konfiantza horrek lana asko erraztu die.

Hitzei dagokienez, Muguruzak ez du abestirik idatzi. Aurreko lanean bakarra idatzi zuen, hil berria zuen aitari zuzendurikoa;inork ezin baitzituen bere sentimenduak berak baino hobeto espresatu. Taxirik ez-en, ordea, idazle eta olerkari ezagunen esku utzi ditu hitz guztiak. «Izan ere, letragile oso onak dira, eta onena euren esku uztea da. Oso zaila da hainbat gai eurek lortzen duten bezala enfokatzea», azaldu du. Hitzak Bernardo Atxagak, Harkaitz Canok, Jose Luis Padronek, Gerardo Markuletak, Iñaki Irazuk eta Iban Zalduak, aurrenekoz, idatzi dizkiote.Muguruzak, baina, abestiak nahi zituen, ez olerki musikatuak, eta ondo azpimarratu zien nahia egileei. «Urrundik zetorkidan ardura zen, buelta asko eman dizkiot. Eurak olerkariak dira, baina abestiak egiten asmatu dute, errepika eta guzti».

Abeslariak aldaketa nahia helarazi zien guztiei, eta ez zen lan erraza bere ustez, besteen hausnarketak norberarenak balira bezala asimilatu izan behar baititu. Hor ere, baina, musikariekin bezala, urteen poderioz lorturiko «konplizitateak» asko leundu du bidea. «Egile hauekin dudan identifikazioa urrundik dator. Munduari nire antzera begiratzen diote».

Gai sozialak nagusi dira kantetan, irekitako leihotik begira ari baita. Abesti zerrenda errepasatu eta ez zaio adibiderik falta Muguruzari. Jose Luis Padronek idatzitako Problemak abestia da aurrenekoa, eta hor eguneroko arazoez mintzo da. Ezjakintasunak, berriz, Harkaitz Canok idatzi du, eta kasu bakoitzean jendea nola agurtu behar den ez dakien pertsonaren zalantzak jorratzen ditu. «Gai inozoa dirudi, baina ez da hala, eskua eman ala ez, buruarekin bakarrik noiz agurtu, noiz besarkatu... Ziur nago guztiok ditugun zalantzak direla».

Aurreko diskoan heriotzaren gaiak pisu nabarmena zuen, eta Taxirik ez-en ere agertzen da, behin baizik ez, ordea, eta beste modu batera. «Mendekua da», Muguruzaren iritziz. Bernardo Atxagak idatzitako Clementine abestian agertzen da. «Ikuspuntu aldaketaren eredua da, Atxaga heriotzaz mendekatu egiten da. 85 urteko amonak duelua irabazten dio heriotzari. Kantak nire amona Josefina dakarkit gogora, 95 urterekin hil berri da, eta berak duelu asko irabazi zizkion heriotzari».

Azken kanta, berriz, desberdina da, Tan petita katalanez baita. Maria-Merce Margal zenaren olerki bat da, eta haren omenezko disko baterako grabatu zuen Muguruzak. «Gustura gelditu nintzen, eta sartzeko baimena eskatu nuen. Disko osoaren arrastotik irteten den abesti bakarra da».



Joseba Apaolaza eta Jose Ramon Soroizen alboan, 'Aitaren bidaia' antzezlanean

Diskoaren nahasketak Aitaren bidaian antzezlaneko entseguekin uztartu ditu Jabier Muguruzak. Hika Teatroa konpainiaren lana da, eta urriaren 15ean estreinatuko dute, Durangon. Agurtzane Intxaurraga da zuzendaria, eta Jose Ramon Soroiz eta Joseba Apaolaza dira aktoreetako bi. Hasiera batean, musikatzeko eskatu zioten bakarrik, gero zuzenean jotzeko, eta, azkenean, aktore ere bada. «Lan gogorra da, eta presioa sumatzen dut. Nik musikan maila emango dut, baina antzerkian...». Rol txikiak egin izan ditu aurretik, baina lan hau desberdina dela dio. «Aurrekoan zuzendariak poz aurpegi nabariagoa jartzeko esan zidan, eta nik ezin nuela erantzun nion, ez nintzela aktorea. 'Bada orain aktorea izan behar duzu!', bota zidan gero. Dena den, oso gustura ari naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.