Musika. Argitaratu berriak

Argitaratu berriak.

JULEN AZPITARTE, MIKEL LIZARRALDE, JON ESKISABEL
2011ko uztailaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
YUSSUF JERUSALEM

'A HEART FULL OF SORROW'

Floridas Dying

Diskoaren azal itzaltsuaren atzean musikari frantziar ezezagun baten bederatzi kantu ezkutatzen dira. Lehendabiziko kantuak entzulea erabat nahas dezake, black metal kutsuko pieza azkar eta basatia baita. Gainontzeko doinuak, berriz, pop eta psikodelian iltzaturik daude. Hala, diskoari izena ematen dion kantuan songwriter-aren joerak pop sekuentziekin uztartzen dira; We Ain't Coming Back 80ko hamarkadako usaina darion dantzarako pieza aproposa da, eta With You in Mind-ek izpi psikodelikoak isurtzen ditu. Belarrientzako sorpresa gozagarria da.

PETER MURPHY

'NINTH'

Nettwerk

Go White Away diskoarekin Bauhausi betiko agurra eman ondoren, Peter Murphyk berriro hartu du bakarkako ibilbidea. Ninth entzuten hasi, eta lehendabizi harritu egiten du diskoaren parte handi bati darion rock kutsuak. Velocity Girl Iggy Popek ere kantatuko luke lasai asko. Baina Murphyk beti izan du kameleoi izaera, eta jauzi egiten du ganbera musikatik (The Prince & Old Lady Shade) popera (Slowdown); pasarte ilunetatik (Secret Silk Society) argitasunera (Crème de la Crème). Rock gotikoaren aitapontekoa (oraindik) bizirik dagoela erakusten du diskoak.

THE LOW ANTHEM

'SMART FLESH'

Nonesuch

Lehen entzunaldietan Smart Flesh ez da bereziki nabarmentzen, americanako beste disko bat ematen du, baina hatzarekin azala urratuz gero ezohiko detaileak agertzen dira. Horietako bat da hainbat kantuk hartzen duten ganbarako musikako kutsua, klarinete moldaketen bidez (Ghost Woman Blues, Golden Cattle, eta zer esanik ez,Wire pieza instrumentalean). Isiluneen artean elektrizitatea sartzen da tarteka (Boeing 737 epikoan edota Dylanen kutsuko Hey, all you Hippies-en), baina egiazko emozioa Love and Altar, Matter of Time edota Burn-en biltzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.