SUSANA BACA
'AFRODIASPORA'
Luaka Bop
Ameriketako musika beltzak dira Peruko kantariaren ardatz, baita disko honetan ere. Kontua da gehienetan Peruko musika duela ardatz nagusi. Baina, oraingo honetan, zirkulua pixka bat zabaldu eta Kuba, New Orleans, Argentina eta Kolonbiabisitatzen ditu. Gozamena da forro, cumbia, plena, bomba, tango edo soul musikak halako jakinduriarekin kantatzen entzutea… Ezagutzen baduzu, ez da aho zabalik uzteko moduko diskoa; bai, ordea, azken urteetan kaleratu duen diskorik borobilena.Erraietan darama kantaera perutarrak. Ez dago zalantzarik.
ALELA DIANE
'ALELA DIANE & WILD DIVINE'
Rough Trade
To Be Still-en folk doinu akustikoak atzean utzi eta rockera —edo popera— jo du Alela Dianek. Joanna Newsomekin izan zitzakeen antzekotasunen gainetik, disko hura estrainioa baina kitzikagarria zen, folk intimoaren adibide ederra. Hirugarren disko honetan, countryaren eragina askoz nabarmenagoa da, eta soinua, oro har, konbentzionalagoa. Mainstream kutsu horrek ez die mesede handirik egiten berez oso disdiratsuak ez diren kantuei. Ez da disko txarra (Suzanne); gustagarria ere gerta daiteke, eta Dianeren ahotsak erakargarritasun handia du. Baina ez da nahikoa.
SMITH WESTERNS
'DYE IT BLONDE'
Domino
80ko hamarkadako house munduaren ikur bilakaturiko Smiley aurpegiaren irudi txikiek betetzen dute diskoko karpeta —biniloaren edizio berezia ere hori kolorekoa da—. Irribarre horrek ongi adierazten du Chicagoko hirukote gaztearen kantu hauek entzulearengan eragiten duten erreakzioa. The Pains of Being Pure at Heart-ek bezala, Smith Westernsek Erresuma Batura begiratzen du erreferente bila: The Beatles, Teenage Fanclub, Oasis eta glam-rocka. Gitarra saturatuak, melodia zerutiarrak, eta nerabezaroko oroitzapenetara kateatzen gaituzten hitzak.
Musika. Argitaratu berriak
Argitaratu berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu