Musika. Argitaratu berriak

Argitaratu berriak.

ANDONI TOLOSA, MIKEL LIZARRALDE, JON ESKISABEL
2011ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
PAUL OSCHER

'BET ON THE BLUES'

Blues Fidelity

Muddy Watersekin urteetan harmonika jo baduzu, Keith Richards bezalako pertsonaiek beren miresmena aitortzen badizute, bakarkako disko bakan baina garrantzitsuak utzi badituzu 40 urteko ibilbidean... zer gehiago eska diezaiokezu musikari? Ezagunagoa gertatzea? Milaka lagun biltzea emanaldietan? Ez zaio hori Paul Oscher jaunari gertatuko, baina delta zapore klasikoko disko borobil bat entzun nahi duenak hitzordua du Brooklyneko musikariaren azkenarekin. Benetan sumatuko duzu Watersen itzala alde batean dantzari.Gozatzekoa.

GRUFF RHYS

'HOTEL SHAMPOO'

Turnstile

Super Furry Animals, Galesko talde garrantzitsuena izatearen ospea izan arren, Gorky's Zygotic Mynci baino gutxiago interesatu zait beti. Agian Radiator (1997) izan zelako entzun nion lehen diskoa, oraindik ere arrunt samarra iruditzen zaidan lana. Horregatik, Gruff Rhys abeslariaren hirugarren diskoa ikaragarrizko sorpresa atsegina izan da, Hotel Shampoo pop bilduma bikaina delako. Batzuetan dotorea (Vitamin K, Take a Sentence), eta besteetan psikodelia goxokoa (Sensations In The Dark). Baina beti koloretsua eta bizia. Eta dibertigarria, gutxi bezala.

COWBOY JUNKIES

'NOMAD SERIES VOL. 2: DEMONS'

Proper / Mastertrax

Duela lau urte, The Trinity Sessions —Cowboy Junkiesen disko mitikoa, 1987koa— berrinterpretatzea erabaki zutenean, kanadarrek Vic Chesnutt gonbidatu zuten kantatzera. Chesnutt 2009ko abenduan zendu zen, eta orain Timmins anai-arrebek haren kantuez osatu dute Nomad Series bildumako ale hau. Taldearen azken diskoetan bezala, apenas dagoen harridura edo ustekaberako tarterik bertsio hauetan, urteetan ondo ikasitako ofizioa eta jarrera erosoa baizik. Bidean, Chesnutten kantuei darien hauskortasunaren emozioa galdu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.