Argitsu eta distiratsuak

Hamar urteren ostean, biran dabil Luna, eta larunbatean Donostian joko du. 1990eko hamarkadan The Velvet Underground eta Televisionen lekukoa hartu zuen taldea da.

Lee Wall (bateria), Dean Wareham (gitarra eta ahotsa), Sean Eden (gitarra) eta Britta Phillips (baxua) dira Luna. GINMUSIKA.
Igor Susaeta.
2015eko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Elkarrekin jotzeaz eta egoteaz aspertuta, are gogaituta, zeuden Lunako kideak. Erabakita zeukaten azkeneko bira izango zela, taldea desegingo zela, eta 2005eko otsailaren 12an Madrilgo Arena aretoko oholtzara igo ziren. Taldekideek ez zioten elkarri begiratu ere egiten, eta, halako batean, diskurtso bat ahoratzea bururatu zitzaion Dean Wareham gitarrista, abeslari eta liderrari (1963), eta aitortu zuen, esaterako, kontzertu aretoraino furgonetan egindako bidea «nazkagarria» izan zela. Bi aste geroago, azken kontzertua eman zuten New Yorkeko, haien hiriko, Bowery Ballroom mitikoan.

New Yorkeko rock soinu-aren talde ikurretako batek, 1990eko hamarkadan The Velvet Underground eta Television ikonoen lekukoa hartu zuenak, berriro bira bat egitea deliberatu du, ordea, eta datorren larunbatean Donostian joko du. Gitarra argitsu eta eta melodia distiratsuen gainean sortutako pop-rockeko doinu ameslari eta landuak plazaratuko dituzte Warehamek eta lagunek —Britta Phillips (baxua), Lee Wall (bateria) eta Sean Eden (gitarra); hau da, 2000 eta 2005 arteko formazioa— Intxaurrondoko kultur etxean.

Baina ez datoz disko berri batekin. Warehamek ez du itzuleraren zioen berri eman. Txio bat zintzilikatu zuen joan den urriaren 28an. «Lunaren azken kontzertutik hamar urte igaro direnean, apirilean Espainian egingo dugun bira bat prestatzen ari gara —AEBetan ere badira jotzekoak—». 2005ean ere, desegingo zirela-eta, modu pragmatiko bezain argigarrian mintzatu zen nerabezaroan newyorktu-tako zeelandaberritarra: «Talde batean egon den edonork daki zer gertatzen den. Hau da taldeek egiten dutena. Ez da egon ez istilurik, ez borrokarik, ez halakorik. Denbora luzez ibili gara hortik zehar». Eta ondoko azalpen argigarria eman zuen jarraian: «Urte luzez elkarrekin segitzen duten taldeeierreparatzen badiezu, normalean milioika dolar irabazten ari dira».

Ez zen, ez, Lunaren kasua izan. Dena den, estudioko zazpi disko kaleratu zituzten 1992 eta 2004 artean, eta indie-poparen jarraitzaileen estimua lortu zuten—Euskal Herrikoena barne, hainbatetan aritu baitziren hemen— Ez hori bakarrik; izan ere, jada mito bihurtutakoek ere babestu zituzten. Sterling Morrison The Velvet Undergroundeko gitarra jotzaile izandakoak, Bewitched (1994) laneko pare bat piezatan kolaboratu zuen, eta Tom Verlaine Televisioneko buruak gitarra jo zuen Penthouse-ko (1995), taldearen disko laudatueneko, Moon Palace eta 23 Minutes in Brussels zoragarrietan.

Wareham da abesti ia gehienen sortzailea eta hitzen egilea. Galaxie 500en burua zenari —1980ko hamarkadako bukaerako talde hipnotikoa— hamaika aldiz galdetu diote estiloaz, eta ados dago Lunari malenkoniatsua eta intimoa deritzon etiketa jartzearekin: «Hala defini daiteke, nahiz eta ni malenkoniatsua ez izan». Eta adi erremateari: «Egia dena da modu gutxi gorabehera kontziente batean pertsona malenkoniatsuentzat dela gure musika».

Gitarren talde bat da, batez ere, Luna. Warehamek eta Edenek abestietan elkar zirikatzen dutela dirudi. Taldearen buruak nahiago du zehaztapen hori arrazoitu: «Ez gara gitarra talde bat, hitzaren adiera tradizionalean. Ehundurak interesatzen zaizkigu, eta tonalitateak lantzen ditugu margolariak paletarekin moduan. Baina, oro har, gitarra talde bat garela esango nuke». Izaera markatuko morroia da. Umoretsua izan daiteke —«ni ez naiz [David] Bowie, beti daukala teoria okurrenteren bat egiten duena azaltzeko»— eta baita sarkastikoa ere, neurri berean. The Days of Our Nights (1999)-en Guns N' Rosesen Sweet Child o' Mine abestiaren bertsio bat sartu zuten. Ura eta olioa bezalakoak dira bi taldeak, eta horri buruz galdetuta, zera erantzun zuen: «Egiazki gustatzen zaigu. Horrek erakusten du edozein memelok sor dezakeela kantu on bat».

Autobiografiaren arrakasta

Lunaren diskoek beraiek baino arrakasta handiagoa eduki zuen Warehamek 2008an argitaratutako autobiografiak, Black Postcards-ek. Hartan kontatzen da, esaterako, harreman «klandestino» bat eduki zuela Britta Phillipsekin —bikote dira oraindik, eta hiru disko kaleratu dituzte elkarrekin—, eta, horren berri eduki zuenean, emazteak etxetik bota zuela. Eta musikaz duen ikuspegiaren erakusgarri, Nirvana kritikatzen du: «Ez ditut gorroto, baina musika alternatiboa negozio bihurtu zuten».

Liburuan hustu zituen barrenak Warehamek. Los Angelesen bizi da orain —«eguzkiak badauka garrantzia norberaren ongizatean»—, rol txiki bat jokatu zuen Frances Ha (2012) pelikulan, eta bakarkako disko bat ondu zuen iaz. Badira, halere, aldatzen ez diren gauzak: bira bat egin behar duela pentsatzen duenean «gaixotu» egiten da. «Gero, baina, gozatu egiten dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.