Durangoko 58. Azoka

'Argizagi' proiektuak irabazi du Sormen Beka

Ihintza Iriartek, Miren Bereziartuak eta Uxue Bereziartuak osatutako Marramiau sorkuntza taldearen proposamena hautatu du epaimahaiak. Haurrentzat animaziozko telesail bat sortuko dute, eta heldu den urteko Durangoko Azokan estreinatuko.

DURANGOKO 58. AZOKA
Sormen Bekaren irabazleak eta Gerediaga elkarteko Nerea Mujika, beka jakinarazteko ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Durango
2023ko abenduaren 9a
14:23
Entzun

Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz izeneko proiektuak irabazi du Durangoko 58. Azokaren Sormen Beka. Aurtengo deialdia «haurren eta familien ikuskizunei begirako sorkuntzan» oinarritu da. Bekaren epaimahaiak Marramiau sorkuntza taldea osatzen duten Ihintza Iriarte Apezetxeak, Miren Bereziartua Lonbidek eta Uxue Bereziartua Lonbidek animaziozko telesail bat sortzeko egindako proposamena aukeratu du. Hirukoteak 15.000 euroko laguntza jasoko du, eta urtebeteko epea izango du proiektua garatzeko; heldu den urteko azokan estreinatuko dute ikus-entzunezko lana.

Pozarren, sorpresaz, esker onez eta «ilusio handiz» hartu dute erabakia saridunek. «Lehendik pentsatua genuen haurrentzat halako proiektu bat aurrera eramatea, gure interesak batzen dituelako», azaldu du Ihintza Iriartek. Hain zuzen, azaldu du berak bikoizketan, Miren Bereziartuak soinugintzan eta Uxue Bereziartuak irudigintzan dihardutela. Miren Bereziartuak aurreratu duenez, bost-hamar minutu iraungo duten bost-sei atalek osatuko dute animaziozko telesaila, eta, horietan, Izei lurtarraren abenturak ezagutuko dituzte haurrek. Hain zuzen, Ekai eta Nahi estralurtarrak ezagutuko ditu Izeik, urteetan itxita egon den argi-zubi bat irekiko baitute, bi planeten artean bidaiatzea ahalbidetzen duena.

Hori guztia elkarlanean landu nahi dutela nabarmendu du Uxue Bereziartuak. «Hastapenetan gabiltza animaziogintzan, eta, proiektu honekin, gure helburua da gurekin ariko diren beste sortzaile esperimentatuagoekin batera elkarlan bat egitea. Nahiz eta gazteak izan, dagoeneko ezagutu ditugu oso profesionalak diren sortzaile batzuk, animazioan dabiltzanak, bikoizketan, gidoigintzan... eta haiekin elkarlan bat sortu nahiko genuke, haien jakintzak gurekin konpartitu eta denen artean proiektu hau aurrera eramateko». Oraintxe gidoiaren idazketan murgilduta daudela, eta emaitza polita izatea espero dutela ere gaineratu dute hiru kideek.

Sormen Bekaren aurtengo epaimahaia lau kidek osatu dute: Amaia Henneboute antzezleak, Ana Revuelta Artaziak hezkuntza artistikorako egitasmoko kideak, Josu Bergara sortzaileak, eta Martxel Zubia Berbaro elkarteko kide eta Saguganbara espazioko arduradunak. Denen izenean Revueltak adierazi duenez, «euskarak eremu digitalean duen beharrari erantzuten dio egitasmoak, haurrei zuzendutako kalitatezko edukia plazaratuz». Halaber, epaimahaikideek nabarmendu dute «proiektu transbertsala eta diziplina anitzekoa» dela, eta eremu pedagogikoan ere ekarpena egin dezakeela. Eta garrantzia eman diote Argizagi animaziozko telesailak «hizkuntzaren eta balioen transmisioan» izan dezakeen eraginari.

Saguganbara gunean eman dute jakitera aurten erabakia; hain zuzen ere, haurrei begirako proposamena da beka irabazi duena, eta azokako bisitaririk txikienei eskainitako espazioa, berriz, Saguganbara.

Seigarrenez, sortzaile hasiberriei bultzada

Edozein diziplinatan dabiltzan sortzaile hasiberriei bultzada emateko helburuarekin jaio zen Sormen Beka, eta seigarrenez banatu du aurten Durangoko Azokak, Gerediaga elkarteko lehendakari Nerea Mujikak gogora ekarri duenez: «Orain dela sei urte jarri genuen martxan Sormen Beka. Atopia, Kai Nakai, Bañolet, Barraka, Eukaliptus... literaturan, musikan, ikus-entzunezkoetan, mundu digitalean eta arte eszenikoetan hasiberriak diren sortzaileei lagundu diegu. Hasierak, gehienetan, zailtasunez beteak izaten dira, eta hor egon gara».

Urteotan Durangoko Udala izan du bidelagun azokak beka antolatzeko —12.000 euroko laguntza ematen du—, eta eskerrak eman dizkio horregatik Mujikak. Aurreko bost proiektu irabazleak gogora ekarrita, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak iritzi dio «ibilbide oparoa» egin duela egitasmoak. «Oso lan interesgarriak eta ezberdinak bultzatu ditugu guztiok elkarrekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.