Donostiako 60. Zinemaldia

Arima pizteko, lirismo bisuala

Kartzelan 30 urte igaro dituen poeta kurdu baten ezina erakutsi du Bahman Ghobadik 'Fasle kargadan' filmean

Igor Susaeta.
Donostia
2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Urduri, nekatu itxurarekin eta txalo artean igo zen Bahman Ghobadi zinemagile kurdua Kursaaleko auditoriumeko oholtzara atzo eguerdian, inprobisatuz. Fasle kargadan / Rhino Season berak zuzendutako filma ziren ematekoak, Sail Ofizialaren barruan. Mikrofonoa hartu, eta azaldu zuen une horretan ematekoak ziren kopiaren irudiekin eta soinuarekin ez zegoela gustura, eta bezperan goizeko 5ak arte esna egon zela kopia hori konpontzeko ahaleginean. Baina ez zela posible izan. Ordu batzuk geroago iritsiko zela kopia egokia, Istanbuldik, eta arratsaldeko zein iluntzeko emanaldietan ikusi ahal izango zela pelikula berak onetsitako soinu eta irudiekin.

Izan ere, esanahi berezia dauka Ghobadirentzat. 1979ko Iraultza Islamikoaren errepresioaren ondorioz Teheran (Iran) kartzela batean 30 urte preso pasatu dituen Sahel izeneko poeta kurdu baten istorioa kontatu du; nola atxilotu zuten, nola torturatu, nola eman zuten hiltzat, ateratakoan nola jotzen duen Istanbulera Mina emazte zuenaren bila, eta 30 urte geroago nola ezin dion iraganari aurre egin, zer-nolako ezina sentitzen duen.

Ghobadik ere ezina sentitzen du, arrazoi politikoengatik Irandik erbesteratu behar izan baitzuen orain lau urte. Hitz egiten jarraitu ahala, emozionatzen hasi zen. «Ez hiltzeko egin dut film hau, eta nire espiritua indarberritu duela uste dut». Bizitzarekin «berriro topo egiteko» ahalegina da, «ni neu izateko ahalegina». Bere arima piztu nahi izan du, eta, horretarako, lirismo bisuala baliatu du, maisuki, Urrezko Maskorra bitan irabazi duen zuzendariak —Turtles Can Fly-rekin irabazi zuen 2004an, eta Half Moon-ekin 2006an—. «Irudi eta soinu egokiarekin, poesia baten modukoa izan nahi du pelikulak».

Behruz Vosughi aktoreak jokatu du Sahel zaharrararen rola, Caner Cindorukek Sahel gaztearena, eta Monica Bellucik, berriz, Mina emaztearena. Prentsaurrekoa gaurko utzi dute, baina aktore italiarrak Efe agentziari esan zion emakumezko mediterranearrek DNAn duten «drama» baliatu duela Minarena egiteko. «Gure amek eta amonek matxismoaren ondorioz sufritutakoa jaso dugu oinordetzan». Filmak ez ditu elkarrizketa asko, baina dituenak persieraz egin ditu Belluccik. Kritika onak jaso ditu Fasle kargadan / Rhino Season-ek, txalo jo zioten erruz, eta Ghobadi bihur daiteke, hortaz, Urrezko Maskorra hirutan irabazi duen lehen zuzendaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.