Musika

Arima Soul taldeak dantzagarriagoak diren doinuekin ondu du bigarren diskoa: 'Gaua'

1980ko eta 1990eko hamarkadetako funk, disko eta pop doinuetara gerturatu da orain Mikel Unzurrunzaga Schmitz 'Makala'-k eta Lidia Insaustik gidatutako proiektua. Madrilgo Subterfuge Records diskoetxe ezagunarekin argitaratu dute lana.

Lidia Insaustik eta Mikel Unzurrunzaga Schmitz 'Makala'-k osatzen dute Arima Soul. GALDER IZAGIRRE
Lidia Insaustik eta Mikel Unzurrunzaga Schmitz 'Makala'-k osatzen dute Arima Soul. GALDER IZAGIRRE
edurne begiristain
2025eko maiatzaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela bost urte sortu zuten Arima Soul proiektua Mikel Unzurrunzaga Schmitz Makala ekoizle eta musikariak eta Lidia Insausti abeslariak, pandemia betean. Handik bi urtera eman zuten argitara izen bereko lehen lan luzea, 1960ko hamarkadan oihartzuna izan zuten soul, funk eta jazz doinuak euskaraz kantatzea erronka hartuta. Harrezkero, taldeak eskarmentua bildu du taula gainean eta laudorioak jaso han eta hemen, eta hori guztia akuilu izan da estudioko bigarren diskoa kaleratzeko: Gaua.

Lehenengo estudioko lanarekin alderatuta, jauzi edo aldaketa bat dago bigarrenean. Aurreneko diskoan 50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetako musika beltzaren doinuetatik edan zuten, eta orain 80ko eta 90eko musika funk, disko eta popetik, nabarmenki. Hala, soul-funk erritmo klasikoetatik urrundu, eta dantzagarriagoak diren doinuetara gerturatu da taldea. Musikaren erritmoan mugitzeko eta mugiarazteko premia zutela azaldu du Makala baxu jotzaileak: «Lehen diskoa pandemian egin genuenean ia eserita egotera kondenatuta geunden, aldakak eta ipurdiak eserita baino ezin genituen mugitu. Baina orain gozatu eta gozarazi egin nahi dugu; dantza egin, lotsak eta beldurrak gainetik kendu eta musikarekin gozatzeko gonbita egin nahi diogu jendeari».

«Gaua izaten da dantzarako une magikoena». Preseski gauari egin dizkiote hainbat «keinu» diskoan. Insaustik azaldu duenez, gaua da lanaren «ardatza», diskoaren azala eta mamia aldez alde zeharkatzen duen inspirazio iturria. «Disko-funk soinuak mahai gainean jarri ditugu, gauaren misterioarekin eta magiarekin jantzita». Diskoari izena ematen dion abesti bat ere egin dute —«galaxiara bidaiatzeko une egokia» iradokitzen duena, Insaustiren esanetan—, eta Txarly Brown arte diseinatzaileak azaleko irudirako egin dituen orbitak eta sateliteak ere ideia beraren bueltakoak dira.

Euskal Herria eta Katalunia eskutik

Zortzi kanta dira denera, horietako zazpi euskaraz eta bat gazteleraz. Zarautzen (Gipuzkoa) grabatu dute diskoa, Noisestudioan, kolaboratzaile ugariren parte hartzearekin. Lalo Lopez arduratu da ekoizpenaz, Bartzelonako Fundacion Tony Manero taldeko gidari izandakoa, eta Nacion Funk kolektiboko kidea: «Argi genuen berarekin lan egin nahi genuela», aitortu du Makalak. Musika afro-amerikarrean eskarmentu handia du Lopezek, eta «pasio handia» jarri du Arima Soulen proiektuan, Insaustik gaineratu duenez.

«Orain gozatu eta gozarazi egin nahi dugu; dantza egin, lotsak eta beldurrak gainetik kendu eta musikarekin gozatzeko gonbita egin nahi diogu jendeari»

MIKEL UNZURRUNZAGA 'MAKALA'Baxu jotzailea

Lopezen arrastoa aise sumatu da diskoak transmititzen duen giroan, Arima Souleko kantariaren ustez: «Lopezen ekoizpena ezinbestekoa izan da nahi genuen galaxia berri honetara iristeko». Hark idatzitako kanta bat ere sartu dute diskoan: Despedida. Gazteleraz kantatutako abesti bakarra da. Hasiera batean, Lopezek bere proiekturako erabili behar zuen, baina Insaustik abestea aproposago ikusi zuen ekoizleak, eta gustura hartu zuen erronka taldeak. Jatorrizko hizkuntzan abestearen alde egin zuten: «Berak sortua bazen, gazteleraz kantatzea egokiagoa zela iruditu zitzaigun, eta oso pozik gaude emaitzarekin», esplikatu du Makalak.

Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko «konexioa» hainbat kolaboratzaileren izenetan ikus daiteke. Oinatzak abestian Lide Hernandok esku hartu du, eta Zentzuz eta Denbora kantetan, berriz, Bilboko The Cherry Boppers taldeko Mikel Pirisek eta Urtzi Martinek haize instrumentuak jo dituzte —tronpeta eta saxoa—. Bartzelonako zenbait «lagun» musikari ere aritu dira grabazio prozesuan; esaterako, Bartzelonako Nacion Funk estudioko Miguelito Superrestarrek egin ditu nahasketa lanak. Jon Caffery soinu ingeniari britainiarrak masterizatu du diskoa Alemanian.

Hitzetan ere, laguntza aparta izan dute, Rakel Pardo Perez poetak idatzi baititu Denbora eta Arrakala kantuen hitzak. Adiskide dute Pardo, eta argi izan zuten harekin lan egin nahi zutela. Hausnarketaz eta minaz hitz egiten dute bi abestiek, eta, Insaustiren ustez, Pardoren hitzek «biziki eta eder» jasotzen dute kanten mezua. Baztango euskaran idatzita egoteak, gainera, «aberastu» egin ditu abestiok, Makalaren ustez.

«Iristen zaizkigun musikak eta influentziak gure erara elkartu, eta euskaraz abestu eta konposatzen jarraitu nahi dugu»

LIDIA INSAUSTIAbeslaria

Madrilgo Subterfuge Records diskoetxe ezagunaren Musica Para Un Guateque Sideral azpi-zigiluarekin kaleratu dute lana. 35 urtean diskoetxeak euskaraz argitaratu duen aurreneko proiektua da Arima Soulena, eta «oso pozgarria» dela onartu du Makalak.

Kasualitate baten ondorio izan da Espainiako zigiluak euren lana argitara ematea. «Serendipia hutsa izan zen», kontatu du Makalak. Izan ere, Carlos Galan diskoetxearen arduradunak Zarautzen (Gipuzkoa) igarotzen ditu udak, han ezagutu zituen Makala eta Insausti, eta haien kontzertu bat ikustera joan zenean «txundituta» geratu zen abeslariaren ahotsarekin. Bigarren lana zigiluarekin argitaratzeko proposamena berehala iritsi zitzaien. Insaustik uste du diskoetxearekin lan egitea erakusleiho «aparta» izango dela euskal kultura Euskal Herriko mugetatik at zabaltzeko.

Proiektua martxan jarri zutenetik ibilbide «gozoa» egin dutela azpimarratu du abeslariak, eta bide beretik jarraitu nahi dute: «Iristen zaizkigun musikak eta influentziak gure erara elkartu, eta euskaraz abestu eta konposatzen jarraitu nahi dugu». Agenda betea du taldeak: bihar Tolosan (Gipuzkoa) ariko dira, 3 tabernan, maiatzaren 29an Bilboko Bizkaia aretoan, eta maiatzaren 31n Baionan, Kalostrapen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.