Harri bat altxatu, zuloa handitu, lurra baztertu, baina etorkizun arrastorik ez iraganeko aztarna artean. Zimendurik gabe ikusten dute egun Euskal Herriko arkeologiaren egoera profesionalek. Badago lana, baina lanerako dirua dute faltan, eta ezegonkorra da horregatik egoera. Badago tradizioa, badaude aztarnategiak, badaude afizio hutsez lanean jarraitzeko prest dauden boluntarioak, eta badira bertan formatutako ikerlariak ere, baina estu hartu ditu orainak arkeologoak. Murriztu egin dituzte diru laguntzak, gutxitu egin dira hirietako eraikuntza lanen harira egin beharreko ikerketa arkeologikoak, eta urritu profesionalizatzeko aukerak. Aho batekoa da diagnosia horregatik: «Ezinezkoa da arkeologiaz bizitzea». Eta alarma puntu bat ere badute hitzek, arkeologorik gabe ez baitago arkeologiarik. Baina iragan dira iraganaren garaiak?
Modan egon izan da historiaurrea Euskal Herrian, eta baita arkeologia ere, oro har. Sasoika garrantzizkoa izan da kultur eztabaidetan, eta erraz metatzen dira adibideak. Pisuzkoa izan zen denbora luzez Jose Migel Barandiaran antropologo eta ikerlariaren itzala. Oihartzuna izan dute fantasiatik gertu zebiltzan Jorge Oteizaren neolitoko euskaldunei buruzko teoriek. Piztu dute lilura Nafarroako Erresumako gazteluen aztarnek. Hor daude Iruña-Veleiako euskarazko idazkunen inguruko eztabaidak.... «Euskal Herrian arkeologiarekiko miresmena dago». Zalantzarik ez Juantxo Agirre Mauleon arkeologo eta Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusiaren hitzetan. Baina eztenarekin azaltzen du zaletasun horren zergatia gero. «Gure identitatearen arazoen aurrean, iraganean oinarritzen ditugu erantzunak, baina miresmen hori ez da gauzatzen. Alkateek laudatzen dituzte egiten ditugun ikerketak, baina gero aurrekontuetan ez dute onartzen Erdi Aroko ermita hau edo hura arkeologikoki aztertzeko beharrezko dirurik. Miresmena badago, baina ekonomikoki ez da gauzatzen».
Mugarri argia aipatzen dute Joseba Rios Eusko Ikaskuntzako kide eta arkeologoak eta Bizkaiko Arkeologi Museoko Diego Garate arkeologoak. Badago Barandiaranen aurreko eta Barandiaranen osteko garai bat, eta horregatik 2011ko artikuluaren izenburua: Una reflexion sobre el estado de la arqueología prehistórica vasca 20 años después de Barandiaran (Historiaurreko arkeologiaren egoerari buruzko gogoeta, Barandiaranen osteko 20 urteetan). Bi gertakari nabarmentzen dituzte 80ko hamarkadan, adibidez. Bat: EHUko historiaurre eta arkeologia sailaren sorrera. Eta bi: Kultur Ondarearen legea. Museo arkeologikoen sorrera dator 90eko hamarkadan, eta baita zenbait aztarnategiren museizazioa ere. Baina aipatzen dituzte itzalak ere. «Gehiegizko burokratizazioa», indusketa guneen babes gabezia, eta arkeologia ikerketa lanen falta. Eta hor bi arkeologoen kezka. «Arazo hauek larritu egingo dira, baldin eta, itxura denez, ikerketa arkeologikoentzako laguntzak, ondare zerbitzuen, museoen eta bestelakoen aurrekontuak murrizten badira». Eta, hain zuzen ere, hori gertatu da.
Eraikuntzaren beherakadarekin lotzen du arkeologiaren beherakada Agirre Mauleonek. «1985etik 2005era arte gora egin zuen arkeologiak, obra handiak egiten zirelako eta legez indusketa arkeologikoak egin behar zirelako. Premiazko arkeologia deitzen zaio horri, eta horrek mugitu du dirurik gehiena, uzta zientifiko handirik utzi ez arren. Arkeologia mota hori krisiarekin desagertu egin da. Desagertu egin dira enpresa eta profesional independente gehienak. Egun, arlo honetatik ezin da bizi. Zorionez hainbat ikerketa bide zabaltzen ditu gure unibertsitateak [EHUk], eta udaro egoten dira lantaldeak indusketetan, baina ikusgarria da nola desagertu diren enpresa horiek, edo nola murriztu duten beren lantaldea %90».
Izoztutako ikerketak
Ibaia, mendiak eta animalia batzuk. Irudi xume batzuekin irudikatzen du harriak Abauntz kobazulotik ikusten den paisaia (Arraitz, Nafarroa). Harri xume bat da, irudi xumeekin, eta, halere, baita harribitxi bat ere. Europa mendebaldeko maparik zaharrena, orain dela 13.660 urte ingurukoa. Mendeak eman zituen lurpean, harik eta 1993an Pilar Utrilla eta Carlos Mazo arkeologoek gidatutako taldeak aurkitu zuen arte, eta 2009an aurkeztu zuten. Baina ez da bertan aurkitutako bitxi bakarra. Izan ere, geruza sorta du kobak, eta informazio pilaketa hori ere bada nahikoa altxor. Europa hego-mendebaldeko aztarnategi garrantzitsuenetariko bat da, Utrillaren hitzetan, baina geldi dago: «1995 ingurutik Nafarroako Gobernuak ez du dirurik bideratu ikerketa arkeologiara, eta premiazko lanei baino ez dizkie eman laguntzak». Eraikuntza lanen ondorioz agertutako edo arriskuan gelditutako ondarea baino ez du ikertu, alegia.
«Geruzarik zaharrenak falta dira ikertzeko». Abauntz kobaz ari da berriz Utrilla. Zaragozako unibertsitateko katedraduna da bera, baina sakon ezagutzen du Nafarroako txoko hori. Hainbat egonaldi egin ditu bertan 1976tik 1996ra bitartean. «Urtegi bat egiteko asmoa zutelako egin ziguten enkargua». Eta erreskate lan moduko horretan aurkitu zuten mapa. Baina gehiago dago egiteko. «Jarraipena eman behar litzaieke geruzarik zaharrenean egindako zundaketei. Gure betebeharra da. Zulo txiki bat baino ez genuen egin, eta 11 aizkora aurkitu genituen. Ez zen Neanderthal garaiko gizakiaren arrastorik agertu, baina oso aztarnategi aberatsa da, eta litekeena da arrastoren bat egotea». Horixe, bere hipotesia. Baina, halere, ez da ozenegia bere kexa. «Koba itxita eta babestuta mantenduz gero, aurrerago ere ikertu ahal izango dugu. Dirua dagoenean».
Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban aldundiek urtero egiten dituzte diru laguntza deialdiak arkeologia lanetarako. Eta horiekin betetzen dute indusketen zuloa ikerlari eta elkarteek. Agirre Mauleon: «Gipuzkoan eta Bizkaian ez dira izaten 200.000 euro baino gehiagokoak, eta hortik lortzen da indusketetan aritzeak dakarren gastuen zati bat ordaintzea. Indusketa batzuek jasotzen dituzte 15.000 euro, jende asko baldin badago, datazioak egin behar badira, garraioak ordaintzeko, boluntarioen egonaldiak...». Nafarroan ez dago ikerketa lanerako diru sailik, eta antzera Zuberoa, Behe Nafarroa eta Lapurdin ere. Antzera, edo baita estuagoa ere, Agirre Mauleonek dioenez. Agintariek ez dute begi onez ikusten auzolanean egiten den arkeologia: «Iparraldeko erabaki guneak oso urrun daude, eta Frantziako Errepublikak ez ditu maite bere funtzionario saretik kanpo sortzen diren dinamikak. Nahiago ditu basamortuak bere kontroletik kanpo gelditzen den ikerketa mugimendu aktiboa baino».
Lurralde guztietan aritzen da Aranzadi lanean, eta lurralde denetara moldatu behar. «Lege ezberdinak daude bost eremu administratiboetan, eta baita funtzionario ezberdinak ere. Eta oso inportantea da kudeatzaile publiko horien izaera eta jarrera ere». Postu horretan dagoen pertsonaren borondatearen menpe gelditzen da ikerketaren zati handi bat, beraz, baina kritikarik ez, ordea. «Oso profesionalak dira, zorrotzak, diru saila onartzea ez dago haien esku, baina maiz bidea errazten dute. Jende gaztea da, eta ikerkuntzatik ezin zelako bizi heldu dira gehienak horra».
Espektakuluaren aurka
«Nahiko ezegonkorra da egoera», onartu du Jone Castañosek. Paleontologoa da bera, eta bukatu berria du doktore tesia. Mutrikun Kiputz IX aztarnategia ikertu du (Gipuzkoa), eta bertan aurkitu du Iberiar Penintsulan osorik mantentzen den bisonte garezur bakarra. Hori bere harribitxia. Baina ez da bakarra. Historiaurreko faunaren argazki bizia gorde du aztarnategiak: 18 bisonte, 23 elur orein eta 48 orein. «Sima bat da Kiputz IX; animalientzako tranpa natural bat». Eta horregatik haren garrantzia, gizakiaren esku hartzerik gabe erakusten duelako garai bateko basoa. Bertan bizi zena, bertan hil zen, eta bertan aurkitu dute orain. Bizirik, aspaldi desagertutako basoaren irudia. Ez dago penintsula osoan hainbeste bisonte, elur orein eta orein arrasto dituen beste gunerik. «Horrek erakusten du hemen oso handia zela animalia horien populazioa». Lau urte eman ditu arrasto horiekin, baina orain aste batzuk aurkeztu du tesia, eta akabo basoa. Ikertzen jarraitzeko aukera handirik ez aurrerantzean.
Mortu xamar deskribatzen du Castañosek paisaia. «Tontakeria da jendea unibertsitatean prestatzea gero lan hori kanpoan beregana dezaten; zeren azkenean denek joan behar izaten dute kanpora ikasketak amaituta. Hemen prestatzen zaituzte oso ondo, baina gero ez daukate lanik».
Espektakuluaren aurka mintzo da Joxean Mujika EHUko arkeologia saileko irakasle eta historiaurrean aditua. «Ondare bat berreskuratzea da arkeologiaren funtsa, eta indusketa duinak behar dira horretarako. Gero laborategietan ikertu behar da, eta ondoren ezagutarazi eta balioa aitortu. Eta inplikatu behar lukete kultura sailek, hezkuntzakoek, turismoko jendeak... Baina ez da halakorik gertatzen. Askotan arkeologia gaiak ikusten dira espektakulu gisa. Beti izan behar du aurkikuntzarik zaharrena, arrastorik handiena...». Baina arkeologoaren hitzetan, arkeologiaren aurka doa arkeologia espektakular hori. Aparrik gabeko ikerketa aldarrikatzen du berak. «Planteamendu arruntagoak behar dira, ezin da soilik harribitxien atzetik joan, konturatu behar dugu inguruan daukaguna ez dela munduko muturra. Gauza arruntagoak ditugu, baina guk daukaguna hori da, eta jakin behar dugu hori ulertzen, hori aztertzen eta horri balioa aitortzen».
Altxor arteko altxorra
Ezkorra da Mujikaren diagnosia: «Oso ilun ikusten dut egoera. Balio ekonomikoa da gaur egungo oinarria, eta ez bada ikusten inbertsio batek etekin ekonomikoak duenik, baztertu egiten da». Eta, hain zuzen ere, bazter xamarrean ikusten du arkeologia berak. «Diru aldetik, proportzionalki, orain dela 30 urte baino okerrago gaude. Landa lanean diferentzia handiak daude kasuz kasu, baina oro har okerrera egin dugu». Eta, haren hitzetan, ezin esperoan egon. «Gaur egun premiazko indusketetara doa dirua, baina lan horri ez zaio jarraipenik ematen. Gainera hiri guneetan egiten dira ikerketa horietariko gehienak, baina hirietatik kanpo ere badaude aztarnak, eta ez gara enteratzen, kasualitatez ez bada. Baina ikerlaria ezin da egon bere gaia noiz aterako zain».
Paradigma aldaketa bat gertatu dela dio Agirre Mauleonek.«Fedea galdu dugu. Arkeologook jadanik ez dugu sinesten arkeologiaz bizitzea posible denik. Ikerkuntzaz ezin da bizi, eta bide hori egin nahi duenak egin behar du unibertsitateko bidea eta Europakoa. Lehen pentsatzen zen posiblea zela freelance modura edo teknikari modura bizitzea, baina galdu dugu sinesmen hori». Altxor artean lanean aritzen den altxorra zaindu beharraz mintzo da horregatik bere azken gogoetan.
«Erakunde publikoek gehiago lagundu behar lituzkete arkeologia lanak. Ez da nahikoa miresmena, gauzatu egin behar da zaletasuna diru laguntzetan. Askotan laudatzen dira aztarnak, eta zaindu behar dira aztarnak, noski, baina ikerlariak dira garrantzitsuenak. Ikerlaririk ez badago, ez da ezer egongo. Gakoa ez da lege berri bat edo araudi berri bat egitea, baizik eta hobeto zaintzea ikerlariak. Daukazun altxorra zaintzea da lehena, eta arkeologoen eta ikerlarien kolektibo hori da dugun altxor nagusia. Askotan begiratzen dugu su-harria edo zeramikazko lapiko erromatarra, baina atera duenari ere begiratu behar zaio. Azaldutako aztarna bezain inportantea baita aztarna atera duen jende hori».
Arkeologia
Arkeologiaren leizeak
Garai estuak dira arkeologiarentzat Euskal Herrian, profesionalek diotenez. Badago zer ikertua eta non lan egin, baina lan egin ahal izateko dirua falta da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu