Arketipoa eta abstrakzioa

Sigfrido Koch argazkilariaren Nafarroari buruzko 37 lan bildu dituzte Iruñeko Ziudadelan

Sigfrido kochen bi alaba, aitaren lan bati begira, Iruñean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Funtsezkoa bilatzen zuen Sigfrido Koch argazkilari artistikoak (1936-1992, Donostia) bere lanetan: arketipoa. Gizaki bakoitzaren baitako gizatasun orokorra, nolabait ere. Motibo konkretutik sakoneko errealitatera iristen saiatzen zen, eta argazkiz argazki lortu zuen irudiaren poeta ezizena. Munduko estudiorik behinenetarikoetan aritu ondoren, Madrilen hasi zen lanean. Baina herriminak jo, eta Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen, 1973an. Bertan landu zuen bere ibilbide artistikoa geroztik. Nafarroan egindako edo Nafarroari buruzko 37 argazki bildu dituzte orain Iruñeko Ziudadelan Lur gorri irritsu izeneko erakusketan. Azaroaren 13ra arte izango da zabalik.

Nafarroarekin «maiteminduta» zegoela esaten zuen Kochek. Sakon ezagutzen zuen, eta bertako jendearen eta lurraren muina ezagutu nahi zuen. Hala azaltzen zuen bere asmoa: «Nafarroara sartzen naizen unetik sentitzen dut baduela zerbait ezberdina. Badutela zerbait bere jendeak, bere paisaiak, bere lurrak. Horregatik, egingo dudan lana fotografikoa beste izango da etnografikoa. Paisaiaren ikerketa etnografiko bat dela esango nuke, baina hori baino gehiago ere bada. Nafarroa etengabeko ezusteko bat da, eta interes handikoa zait eskaintzen didan guztia: totemak, juduak, agotak...». Erakusketan argazkiz ikus daiteke, Kochek Nafarroarekiko hitzez adierazitako maitasuna.

Ziudadelako Armen Areto osoa hartzen dute haren argazkiek, eta bi multzotan daude antolatuta. 70eko hamarkadako lanak daude hormetariko batean. Figurazioa, nagusiki; Aralarko San Migelen irudiak, aizkolariak, baserritarrak, laino arteko herriak, eta baita Oteiza, Caro Baroja, Juan Mari Urbeltz eta Jose Miguel Barandiaranen erretratuak ere. Abstrakzioarekin egindako lanaren emaitzak dira, ordea, erakusketako beste horman daudenak. Kochen alderik esperimentalena.

Harriak harriago

Sekula errepikatuko ez zen unea harrapatzen saiatzea zen argazkigintza errealistaren helburua. Hori izan zen garai bateko joera nagusia: kamara errealitateari so jartzea, eta gertatzen ari zen eta sekula berriz gertatuko ez zena harrapatzea. Bestela jokatzen zuen Kochek, Oteizaren hitzek azaltzen dutenez: «Estudioan muntatzen ditu natura artifizialak / gelditasunaren kolorea maketatzen du harri batzuekin / harriak harriago izan zitezen».

Korrontearen aurka aritu zen urte luzez, bisitariak erakusketan irakurri ahal izango dituen Francisco Javier San Martin arte historialariaren hitzen arabera. Bere garaian indarrean zen estetikari bere estetika propioa kontrajarri zion. Eta eutsi egin zion, gainera, bereari. Abstrakziorantz jo zuen pixkanaka-pixkanaka. Testurak, tolesturak eta koloreak dira nagusi erakusketako bigarren multzoan, horregatik. Zuzenean film gainean egindako margolanak dira batzuk, oso hurbiletik hartutako argazkiak besteak, eta bada zuhaitzen irudi batetik abiatuta beste zerbait irudikatzera heltzen den bat ere. Esperimentazio ariketak, funtsean. «Batzuetan neure buruari galdetzen diot egiten dudana argazkigintza, pintura edo eskultura den».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.