«Arkitektura, Espainian, ez da existitzen, ez dago arkitektorik: pastelgileak daude. Zergatik ez dira egongo turroigileak urte osoan, turroia hain polita izanda? Jaun batzuek, agiri ofizial batekin beren buruari arkitekto deitzen dioten horiek, beroriek sailkatzen dute beren burua: 'ni arkitekto eraikitzailea naiz'; 'horiek arkitekto dekoratzaileak dira'; 'haiek arkitekto fatxadagileak dira'». Masak sailkatuak ditu horiek, eta galdetzen du: «Non dago arkitekto arkitektoa?». Jose Manuel Aizpurua arkitektoak (Donostia, 1902-1936) 1930ean La Gaceta Literaria aldizkarian argitaratutako manifestuaren hasierak ederki laburbiltzen du Aizpuruak berak eta Joaquin Labaienek (Tolosa, 1900-1996) egindako aldarria. Aldarri hori jasotzen du, are laburbilduago, bien lanari buruz Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko ganbaran zabaldu duten erakusketaren izenburuak ere: Arkitektura, noizko?, hain zuzen. Aizpurua eta Labaienen proiektuen maketak, planoak, argazkiak eta bestelako dokumentuak daude ikusgai erakusketan, haietako asko argitaragabeak. Apirilaren 21a arte izango da zabalik.
Arkitektura ikasketak bukatu zituztenetik 36ko gerraren hasierarako bederatzi urte eskasetan egitasmo asko diseinatu zuten Aizpuruak eta Labaienek, Walter Gropius, Sigfrid Giedion, Le Corbusier, Victor Bourgeois eta garai hartako arkitekto berritzaileren ideien ildoan beti, garai hartako hiriek eta bizimoldeek eskatzen zutenari erantzun arrazionala eman nahian. Egitasmo haietako gutxi gauzatu ziren hala ere. Haien lanik ezagunena Donostiako Klub Nautikoaren eraikinaren diseinua da, itsasontzi baten forma duen lana.
«Boterearen inertziari aurre»
Aizpurua eta Labaieni «boterearen inertziari aurre egiten» saiatu izanaren meritua aitortzen die Santos Bregaña diseinatzaileak, baina haiena «istorioa tristea» dela uste du, faktore askoren batuketak eragin duelako garrantzi handia izan zuten bi arkitektoen lana mereziko zukeen oihartzunik ez izatea. «Adibidez, beti eman izan dit arreta Renato de Fusco arkitekturaren historialariak Donostiako Klub Nautikoren eraikina Le Corbusierren eta orduko beste arkitekto batzuen obren parean jartzeraino laudatu izanak, hemen, modu misteriotsuan, gutxietsia eta are erabiltzaileen aldetik gaizki tratatua izan baita». Erakusketak bidegabekeria hori konpontzen laguntzea espero du. Jose Angel Medina ikertzailearekin batera, erakusketaren apailatzaileetako bat da Bregaña.
Jose Angel Medinak Aizpurua eta Labaieni buruz idatzitako liburua kaleratu zuen iaz Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak, eta liburu haren «jarraipena eta bukaera» da erakusketa, Medinaren ustez. «Erakusketak, arkitektoen familiei esker neurri handi batean, jatorrizko dokumentazio asko dauka, balio arkitektoniko nahiz historiko handikoa», Medinaren ustez.
Erakusketari eman dioten izenburuak —Arkitektura, noizko?—, Aizpurua eta Labaienen garaiko arkitekto berritzaileenen aldarria izateaz gain, gaurko egunetarako ere baliagarri den galdera egiten duelakoan dago Medina. «Aizpuruak eta Labaienek 1929ko ostegun beltza-ren ondotik, artean ere ikasketak bukatu berri zituztela, aurkitu zuten krisi egoerak badu gaur egungoaren antzik, eta egoera haren aurrean zentzuaren arkitektura aldarrikatu zuten, balio komertzialekiko eta arkitekto-izarrekiko mendekotasunari ihes egingo ziena. Erakusketak agerian uzten du izan zela hemen gaur egun ditugunen antzeko arazoei aurre egin zien jendea, eta modu eredugarrian egin zutela gainera».
Arkitektoak, ez pastelgileak
Jose Manuel Aizpurua eta Joaquin Labaien arkitekto berritzaileen inguruko erakusketa zabaldu dute Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu