Zintzilikatu dituzte Donostiako Ekain galeriako paretetan Raul Urrutikoetxea (Donostia, 1962-2002) zenak haren ibilbide artistikoaren hasieran paketatzeko paperaren gainean osatu zituen erretratu batzuk. Lanpara beraren bi margolan ere badaude, eta akuarelarekin sortutako sofa gorri argitsu batek egiten dio harrera galerian sartzen den ikusleari. Baina batez ere margolan bihurtutako elementu arkitektonikoek betetzen dute Urrutikoetxearen Hamahiru erakusketa antologikoa. Haren obra figuratiboa —53 pieza, hain zuzen ere— uztailaren 13a arte egongo da ikusgai.
Hil zenerako, artista ezaguna zen, «asko saltzen zuena», Amaia Ollokiegi haren alargunaren esanetan. Arco arte garaikidearen azokan ere egon zen Altxerri galeriarekin 2002an, eta 50 pieza pasatxo erosi zizkioten, formatu txikikoak gehienak. Garai bertsuan haren obra erakutsi zuen, esaterako, Chicagon eta New Yorken.
Sasoi hartan «beste zerbaiterantz» eboluzionatzen ari zela iruditzen zaio Ollokiegiri. «Batez ere paisaia eta arkitektura konbinatzeagatik nabarmendu zen ordura arte, baina paisaia gutxiago sortzen hasi zen eta irudikatzen zuen arkitektura hura ere gogorragoa zen». Urrutikoetxearen azkeneko lanetako bat, Gizontxoak, esaterako, teknika mistoa erabiliz taula baten gainean margotutako 150 irudiz osatuta dago. Hor ez dago arkitekturarik. «Irudiak dira, mugimendua». Lan horren lagin bat dago ikusgai Ekainen, besteak saldu egin direlako.
Hari buruz esaten zen «errealismo fotografikoa» lantzen zuela. Ollokiegi ez dago ados: «Errealismo figuratiboa zen harena. Jendeak, orokorrean, ez ditu ezagutzen margolanetako elementuak. Ingurunea soilik ez, errealitatea ere aldatzen zuen». Jesus Mari Lazkanorekin parekatu izan zuten. «Bai, hala da. Baina Lazkano errealistagoa da, antzeko korronteetatik edaten zuten arren».
Ikusten zuenari, «edozein egoerari», etekina ateratzen zion Urrutikoetxeak, haren alargunaren ustez. «Argazkiak ateratzen zituen: toki bat, laukiratze bat... Emaitza, beharbada, zeharo diferentea izango zen, baina unea gordetzen zuen eta gero interpretatu». Haren lana «oso ondo» antolatzen zuenetakoa zen, gainera. «Artistez uste da buhameak direla, utziak, gauez lan egiten dutela... Raul oso arduratsua zen bere gauzekin».
Asmatutako eraikinak
Ollokiegik uste du baietz, zehatzak direla haren senarra zenaren margolanak. «Gaztetan arkitektura ikasteko intentzioa zuen, baina gero Arte Ederrak aukeratu zituen». Eta arkitekturarekiko zaletasun horren berri ematen dute litografiek. 1992an lau eraikinenak egin zituen —Donostiako Ospitalearena eta Antigua auzoko ospitale geriatrikoarena, besteak beste— , eta handik urte batzuetara, 2000. urtearen bueltan, berriro heldu zien, haiek mozteko edo manipulatzeko. Horietatik abiatuta, irudizko eraikinen margolanak sortu zituen.
Eraikinak, hortaz, eta haien artean, paisaiak. Edo zubiak: Bilboko eta Donostiako hainbat margotu zituen. Horregatik ulertzen du Ollokiegik jendearen erreakzioa, erakusketa aretora sartu eta bestelako margolanak, sofarena edo lanparenak, ikusterakoan. «Jendea jokoz kanpo bezala geratzen da. Lan horiek bere bizitzako inflexio edo hausnarketa momentu batean margotu zituen». Dena den, pentsatzen du haren obra ondoen azaltzen duten piezak eraikinenak direla. «Zuatzuko industria-barne bateko barrualdea erakusten duena, adibidez».
Hamahiru erakusketan dago ikusgai. Izen hori jarri diote zenbaki horrek harreman zuzena duelako Urrutikoetxearen bizitzako hainbat gertaerarekin. Haren zenbakia zen; haren abizenak hamahiru hizki ditu, gurasoen etxea 13. atarian zegoen, haien bi jostailu dendak bezala. Erakusketa, gainera, maiatzaren 31n ireki zuten —buelta emanda, 13—, eta uztailaren 13an itxiko dute.
Arkitektura margolan bihurtuz
Raul Urrutikoetxea zenaren obra figuratiboaren erakusketa antologikoa dago ikusgai, Donostian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu