Zer kontatua bazuen, nola kontatu asmatzea izan da arazoa. Umeen aurkako sexu abusuez hitz egin nahi zuen Montxo Armendarizek, eta baita egin ere. Hori da No tengas miedo (Ez izan beldurrik) filmaren gaia. Aste honetan bukatu ditu filmatze lanak, Iruñean. Erraz joan da filmatzea, Armendarizen hitzetan; gaia izan da zaila. «Tonua aurkitzea izan da gogorrena. Bi urte eman ditut terapeuta eta psikologoekin gaiaz hizketan. Istorioak badaude, 200.000 bai, eta ongi legoke 200.000 film egitea, baina tonua aurkitzea izan da erronka. Ez nuen morboan erori nahi, baina biktimek bizi izandako minaren neurria ere eman nahi nuen».
Michelle Jenner aktore kataluniarrak jokatzen duen Silvia pertsonaia baliatu du horretarako.25 urteko neska bat da Silvia, bere bizitza berregin eta iraganeko pertsona, sentimendu eta emozioei aurre egingo diena. Haren haurtzaroa, gaztaroa eta helduaroa azaltzen ditu pelikulak. Lluis Homar eta Belen Rueda aktoreak dira hiru garaietan haren gurasoen rola jokatzen dutenak.
Sexu abusuen biktimekin hitz eginda piztu zitzaion Armendarizi No tengas miedo filmeko istorioa idazteko nahia. «Atsekabe handia hartu nuen haien lekukotzak entzutean eta halako eraso irrazionalak sortu dizkieten ondorioak ikustean. Baina, batez ere, miresmen handia sentitu nuen beren bizitza berregiteko beharrari egunero aurre egiteko duten adorea ikusita». Biktima horien eta borroka horren irudia eman nahi izan du Obaba, Tasio eta Secretos del corazón filmen zuzendariak bere bederatzigarren lanean.
Iruñean egin dute filmatze ia guztia, eta baita Egues inguruan ere (Nafarroa). Pisu handia du, beraz, Nafarroako hiriburuak Armendarizen lanean. Ez zen hori, ordea, hasierako asmoa, Puy Oria ekoizlearen hitzetan. «Hamaika hiri aztertu ditugu grabazio lanetan hasi baino lehen, eta, azkenean, Iruñean egitea erabaki dugu».
Iruñeak bustitako istorioa
Ez da zehazki Iruñeari buruzko istorio bat, baina hiriak bere lekua egin du filmean, Oria Produkzioak ekoiztetxeko kideak azaldu duenez.«Armendarizek identifikazio handia du Iruñearekin, eta ume eta gazte sasoiko garaiak gogoratuz aberastu du kontakizuna». Esker ona azaldu du Armendarizek, horregatik.«Agertoki ona izan da Iruñea filmarentzat, batez ere jendearen laguntasuna izan dugulako».
Hasiak dituzte edizio lanak jadanik, eta 60 bat minutu badituzte muntatuta. Udaberri aldean helduko da filma zinema aretoetara.
Armendarizek bukatu du sexu abusuei buruzko pelikularen filmatzea
Muntatze lanak hasiak ditu, eta hurrengo urteko udaberri aldera izango da 'No tengas miedo' filma aretoetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu