Durangoko 51. Azoka

Arnasa emakumeari eta euskarari

Pentsamendu feministari eskainitako Eskafandra bilduma estreinatu dute Angela Davisen 'Emakumeak, arraza eta klasea' liburua euskaratuz. Lorea Agirrek Davisi egindako elkarrizketa ere badakar lan berriak

Lorea Agirre, Amagoia Gurrutxaga, Ainara Lasa, Idurre Eskisabel, Maialen Lujanbio, Danele Sarriugarte, Eider Rodriguez, Anari Alberdi eta Olatz Osa. J.FONTANEDA /ARP.
gorka erostarbe leunda
Durango
2016ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
«Nork zaintzen ditu gure zaharrak? Nork garbitzen gure komunak?». Danele Sarriugartek jaulkitako galderak gogoetarako ez ezik autokritikarako intentzionalitatea ere dakar. Hark itzuli du Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea liburua, Jakinek eta Elkarrek batera estreinatu duten Eskafandra bildumaren lehen alea. «Zuria izanik bere burua ez-pobretzat» duen ororentzat autokritikarako baliagarri eta ernamuin izan litekeen galdera gordina da.

Davisek emakume, beltz eta klase sozial apalekoa izateak dakartzan hiru zapalkuntzak lotu zituen, «aurreneko aldiz», 1983an plazaraturiko liburuan. «Esklabotza sistema, mugimendu abolizionista eta sufragista, abortua edota etxeko lanak problematizatu zituen, eta horrekin, ordura arteko feminismoa, hau da, feminismo zuria arraza eta klase menderakuntzekiko itsu izan zela agerian utzi zuen». Sarriugarteren iritzian, «hutsune bati erantzuteko beharrak» bultzatu zuen Davis saiakera liburu hura idaztera. «1970eko hamarraldian esklabotzaz hitz egiten zuten liburu akademikoen sukarraldi bat izan zen, baina bakar batek ere ez zuen kontuan hartzen emakumezko beltzaren rola eta egoera». Bi mito eta topiko ziren nagusi lan akademiko haietan. «Emakumezko beltzak sexualki promiskuoak ziren, batetik. Egiatan gertatzen zena zen, ordea, beraien jabeek bortxatu egiten zituztela. Eta, bestetik, aipatzen zuten beltz komunitate esklaboetan matriarkatua zela nagusi. Hori Euskal Herrian ere ezagun egiten zaigu...». Bi mito horiei erantzuna emateaz gain, esklabotzaren ikerketa egin zuen Davisek. Honela zioen: «Ikerketa egin behar da ez soilik zehaztasun historikoaren izenean, baizik eta esklabotza garaiari begira hainbat lezio ikas ditzakegulako». Eta lezioa garbi du Sarriugartek: «Arrazakeriak eta matxismoak elkar elikatzen dute, eta, gainera, kapitalismoari mesede handia egiten diote».

Eta puntu horretan hartzen du gaurkotasunaren indarra, eta ezartzen du paralelismoa Euskal Herriko errealitatearekin Davisen pentsamenduak. Eskafandra bildumako edizio taldeak, feminismoaren inguruko kezka izateaz gain, euskaldun izatearena ere bere-berea baitu, «euskalgintzarena, euskaldun oso izatearena, nor izateko erabakimena izatearena», Idurre Eskisabel EHUko irakasle eta edizio taldeko kideak nabarmendu bezala. «Zapalkuntza bikoitzaren ideia ez da guk asmatua. 1970eko hamarraldiaren bukaeran loratzen hasitako mugimendu feministak bazuen kezka hori, nazio borroka, klase borroka eta genero borroka parekatzearena; uztarketa horren berrartze bat egin dugu. Arraza aipatzen du Angela Davisek. Guk gutasun kolektibo baten esanahia ematen diogu horri. Nor izatea herri izatearekin lotuz, eta herri izate hori hizkuntzaren gainean eraikiz. Eta horregatik uste dugu pertinentea dela Davisen pentsamendua plazara ekartzea».

Ahalduntze baten irudia

Bilduma bat da Eskafandra, pentsamendu feministari eskainitako bilduma. Baina horren aurretik kolektibo bat zen, eta bada gaur egun ere. «Adiskidetasunak eta gai batzuekiko kezkak batu gintuen». Lorea Agirre Jakin taldeko zuzendariak zehaztu du kezka horien nolakotasuna eta taldearen jatorria. «Euskarak eta feminismoak kezkatzen gaitu, besteak beste. Kezka horien inguruan hasi ginen biltzen duela bi urte. Bilatzaileak gara, batez ere. Galdera egokien bila gabiltza, eta garbi ikusi genuen Angela Davisen liburu horrek galdera horiek planteatzen zituela eta euskarara ekarri behar genuela». Eskisabelez eta Agirrez gain, Amagoia Gurrutxaga BERRIAko kazetariak, Ainara Lasa artista eta BERRIAko marketin eta publizitate arduradunak —liburuaren diseinuaren arduraduna—, Maialen Lujanbio bertsolariak, Eider Rodriguez idazleak eta Anari Alberdi musikariak osatzen dute taldea. Guztiak elkarrekin. Atzo egin zuten Eskafandra bildumaren eta lehen liburuaren aurkezpena jendez beteta zegoen Durangoko Azokako areto nagusian. Alboan zituzten Danele Sarriugarte bera eta Olatz Osa Elkar argitaletxeko arduraduna ere. Argazkiak adierazten du taldetasunaren indarra eta ahalduntze baten gorpuztea ere.

Oxigenorik ez dagoen leku batean, arnasa hartzeko erabiltzen da eskafandra. «Euskarari eta feminismoari, biei, eskutik helduta arnasa ematea da gure helburua. Hortik dator izena», azaldu zuen Agirrek. Azkenaldian pentsamendu feministak izan du erdiratze bat euskal kulturgintzaren baitan. Hala uste du Jakineko zuzendariak. «Horren adibide dira Susak sorturiko Lisipe bilduma eta Katakrak liburu dendak plazaraturiko Angela Davis beraren Askatasuna, etengabeko borroka. Gogaide eta bidaide sentitzen ditugu horiek, eta ez lehiakide. Elkar indartzen diren proiektuak dira gureak».

Angela Davis Euskal Herrian izan zen otsailean, Ipar Hegoa Fundazioaren eta Gite-Ipes Elkartearen bidez. Davis ezagutzeko baliatu zuten Eskafandrako kideek, eta Lorea Agirrek elkarrizketatu egin zuen. Elkarrizketa hori ere jaso dute bildumaren lehen alean. Honela dio Davisek erantzunetako batean: «Euskal borrokaren testuinguruan hizkuntza benetan da garrantzitsua, zapalkuntzaren marka darama, beraz, AEBetako testuinguruan arrazak eta arrazakeriak daukaten antzeko funtzioa bete dezake».

Davisen etorrera aprobetxatuz Fermin Muguruzak eta beste hainbat musikarik kontzertua antolatu eta osatu zuten Bilboko Kafe Antzokian. «Kontzertu hartatik ateratako diruarekin ordaindu ahal izan dugu lehen ale hau, eta esker oneko gatzaizkie bai musikariei eta baita lagundu diguten beste guztiei ere».

Eskafandra bildumak urtero pare bat liburu ateratzeko asmoa dauka, betiere feminismoaren inguruko autoreak eta Euskal Herriko begirada uztartuz. Gainera, abenduaren 29an kolektiboko kideek emanaldi bat egingo dute Bilboko Biba areto sortu berrian, lehenago Eako Poesia Egunetan egin zutenaren antzeratsu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.