Arnasbide eta elikagai

Poesia errezitaldiek, kontzertuek, hitzaldiek eta antzezlanek poesiaz zipriztindu dute herria 'Eako poesia egunak' jaialdianSarrionandiaren argitaratu gabeko lau poema ziren irakurtzekoak gauean Ean

Mikel Elortza poesia eta musikaren arteko harremanen inguruan aritu zen 'Lp bat poema' hitzaldian, goizean, Eako Beletxen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ea
2012ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Zuhaitzaren sustraiek ura xurgatzen duten legez, azalak poesia xurgatzen du egunotan Ean (Bizkaia). Hitzok paperetik begietara salto egin eta behin ahoak ahoskatzen dituenean airea zeharkatzen dute eta belarrietatik sartzen dira, entzuleen barrenak astinduz batzuetan, baretuz, besteetan. Badira bederatzi urte fenomeno bera errepikatzen dela herrian, urtero-urtero, poesiak bertoko txoko guztiak zipriztintzen dituela uda heldutakoan. Eta hala, uztail erdialdera helduta, Ea poesiaren sinonimo bihurtzen da. Aurtengoan, sorpresa ederrak ekarri dituzte. Atzo arratsaldean, Mikel Lasak emanaldi bitxia eskaini zuen, eta Eara bertara Joseba Sarrionandiaren argitaratu gabeko lau poema heldu ziren. Ondoren, gauean ziren irakurtzekoak.

Ostiralean hasi ziren Eako poesia egunak, eta gaur amaituko dira. Aurtengo jaialdiaren izenburuak aurreratzen zuen bezalaxe, poesia hutsa eta azukrearekin dastatzeko aukera izan da. Errezitaldiek ez ezik, kontzertuek, hitzaldiek, antzezlanek eta errezitaldi musikatuek ekarri dute poesia herrira.

Musikak ezagutarazitako poemez aritu zen atzo goizean Mikel Elortza. Lp bat poema hitzaldian, bere bizitzako musikaren parte nimiño bat ekartzearekin batera, euskal musikari eta poeten arteko harremanez mintzatu zen Beletxen. «Musika poesiari ateak zabaltzeko bidea» dela aldarrikatu zuen Elortzak. Askotan oharkabean pasatzen bada ere, poesia asko musikaturik heltzen baitzaigu. Oskorrik musikatutako Gabriel Arestiren poemak, Itoitzek musikatutako Joseba Alcalderenak, Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionandiaren letrak oinarritzat dituzten Ruper Ordorikaren kantak eta Xabier Montoiak musikatutako Mikel Antzaren poemak izan zituen mintzagai, besteak beste.

70eko hamarkadatik egun arte musika, poesia eta gizartea asko aldatu badira ere, musikariek poesiari bideak zabaltzen jarraituko dutela iritzi dio Elortzak. Bide horretan, poemak margolanekin parekatu zituen. Kantu eta poemen arteko harremanean, musikariak poemari argia gainean jartzen diola uste du: «Musikariak ilunpean zegoen poema hori argitara atera eta ikuspuntu batetik begiratu eta erakusten digu». Bide horretan, kantua ezagutzeak egiten ditugun poemen irakurketetan eragina duela iritzi dio.

Poesia hutsa eta musikarekin

Ahoskatutako hitzak entzuteari uzten diogunean ere, soinuak garraiatzen dituzten uhinak ez dira sekula desagertzen, airean pilatuz doaz, eta horretan galtzen dira. Bederatzi urtean poesia berba asko metatu dira Ean. Horietako gehienak euskarazkoak badira ere, urtero beste hizkuntza bateko poeta bat ekartzen dute jaialdira. Aurten, Yolanda Castaño poeta galegoak ekarri ditu berba horiek. Atzo eguerdian bere poemak irakurri zituen Idazleak irakurle saioan; Iñigo Astiz, Jon Gerediaga eta Ione Gorostarzurekin batera. Poeta bakoitzak hiruzpalau poema irakurri zituen, The Soul Stompers taldearen soul doinuak tartekatuta.

Bazkalostean, berriz, Mikel Lasa poeta tartean zela, Mikel Lasa gure artean saioan Garazi Izagirre eta Itziar Etxetegia musikariek poesia eta musika uztartu zituzten. Azken hamarkadetan Lasa oso gutxitan agertu izan da jendaurrean, eta, neurri batean, isiltasun horrek harenganako mirespena handitu egin du, antolatzaileen iritziz. 19:30etik aurrera, berriz, antzerkiak hartu zituen herriko kaleak; Iñigo Aranbarrik idatzitako Munduan beste lana ikusteko aukera egon zen lehenengo, poesia egunetarako bereziki sortua. Dantzaz Konpainiaren eta Biraka dantza taldearen Sarritsasoa lanak, berriz, Joseba Sarrionandiaren hainbat poema ditu oinarritzat. Sarrionandiaren poesia izan zen atzoko protagonista nagusia Ean. Gauean, haren poemak oinarritzat hartuta, Ruper Ordorikak eta Jon Pirisek Oroimenaren mapa-n kontzertua eman zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.