Sol Pico. Dantzaria eta koreografoa

«Arraro egin zitzaidan 'enfant terrible' bat nintzela entzutea»

Dantza da oinarria beti Picoren ikuskizunetan, baina 23 urte daramatza diziplinen mugak gurutzatzen. Maskulinitatea ironikoki lantzen duen lan bat estreinatzekoa da berehala.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2017ko irailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Diziplinen arteko bidegurutzearen erdigunean bertan pausatzen ditu oinak Sol Pico dantzari eta koreografoak (Alcoi, Herrialde Katalanak, 1967). 23 urte daramatza bere izen bera daraman konpainiarekin antzerkiaren, kontzertuaren, eta, batez ere, dantzaren korapiloan dabiltzan ikuskizunak sortzen. Ez da arraroa ballet oinetakoak puntetan dituela flamenko mugimenduak egiten ikustea, ahoz gora testu bat botatzen duela. Espainiako Dantza Saria irabazi zuen iaz, eta bere ibilbidea errepasatzen duen One-Hit Wonders pieza aurkezten izan da Dantzaldia jaialdiaren barruan Bilboko Azkuna zentroan. Maskulinitatea ardatz duen Dancing with frogs pieza estreinatuko du urriaren 7an, Madrilen.

Publikoaren barreak ohikoak izaten dira zure piezetan.

Ez pentsa umorea bilatzen dudanik, ez dut buruan izaten gag bat egin beharra edo halako ezer ere. Umorea baino gehiago, halere, esango nuke ironia dela erabiltzen dudana. Hori bai. Oso gustuko dut lehen-lehenik neure buruaz barre egitea, eta, gero, baita munduko kontuez ere.

Dantza garaikidean baduzu horrekin bat egiten duen kiderik?

Denetarik dago. Bada umorera zuzenago joaten denik, eta bada bizitzari are transzendentzia handiagoa ematen dionik ere. One-Hit Wonders piezan ere barre egiten duzu, baina oso ongi zer egin ez dakizulako izaten da, porrotari buruz mintzo naizelako, zahartzeari buruz, erretiroa ematen dizuten uneari buruz...

23 urteko ibilbideari egindako errepasoa ere bada pieza hori. Hainbeste urteren ostean, eta dantzaren munduan dagoen prekaritate zama ere kontuan hartuta, nola eusten diozu jarraitzeko goseari?

Esnatu, eta oraindik ere sekulako gogoa izaten dut entrenamenduak eta entseguak egiteko, eta ikertzen jarraitzeko gogo handia dut, eta bizitzari buruz hizketan jarraitzeko. Bizitza filosofia baten parte da sorkuntza niretzat.

Arriskatutzat jotzen zen zure lana hasieran. Hainbeste urteren eta hainbeste sariren ostean, kontsolidatuta sentitzen duzu zure proposamena?

Ea orain ez dudan arriskurik hartzen galdetu nahi duzu? [barrez].

Haize kontra egitea tokatzen zaizun oraindik.

Nik ez dut sekula sentitu haizea aurka nuenik. Kanpoko jendeak jartzen dituen etiketak izaten dira horiek. Nik neuk beti sentitu dut babarrunak baino arruntagoa naizela. Enfant terrible bat nintzela ere esan izan zuten hasieran, eta niri oso arraroa egiten zitzaidan. Baina esan dezala bakoitzak nahi duena. Egia da oso pertsonala dela nire lana, eta hori batzuetan alde izaten dut, eta beste batzuetan kontra. Mundu batzuetan, oso aurka itzultzen zait. Frantziako dantza garaikidean, esaterako, ez dute batere ongi hartzen dantza garaikideari dramatismoa kentzeko dudan joera hori. Uste dute dena brometan hartzen dudala, baina ez da egia, sakontasun handiko emakumea naiz. Irribarrea eraginez gero, badirudi jadanik ez zarela aski intelektuala. Baina nik seriotasun handiz egiten diet aurre gauzei. Oso gai serioak dira nire lanetan lantzen ditudanak, baina nahikoa da publikoari irribarre txiki bat eragitea beste modu batera begiratu zaitzaten.

Tituluetan ere agerikoa da ironiarako joera hori.

Hain zuzen ere. Bésame el cactus [Muxuka iezadazu kaktusa] titulua esan, eta barrez hasten da jendea, baina kontuz, arriskuak hartzeari buruz hitz egiten dut-eta pieza horretan. Begiak itxita kaktusen artean egiten dut dantza pieza horretan.

Obra berri bat estreinatuko duzu urriaren 7an: Dancing with frogs.

Lan horrekin bai, hartu ditut arriskuak. Adinarekin, nik uste, muturrerago jotzen dut arriskuak hartzerakoan, betiere, maila profesionala eusteari inolaz ere muzinik egin gabe. Bikaintasuna oso garrantzitsua da, eta gogor egiten dut borroka horren alde.

Bost emakumezko dantzarirekin, XXI. mendeko emakumeaz egin zenuen gogoeta We women piezan, eta maskulinitatea da estreinatuko duzun hurrengo lanaren ardatza.

Gai horri buruz hitz egiteko unea da hau niretzat.

Airean dagoen gai bat ere bada.

We women egin nuenean, oso argi ikusi nuen hori, bai. Baina oso bitxia da emakumeari buruz hitz egiterakoan, nola egoten den ahots bat galdera egiten duena: «berriz ere kontu berarekin?». Aldiz, gizonari buruz hitz egin, eta mundu guztiak du ilusio handia hori entzuteko. Zergatik izango da? Oso gai emankorra da maskulinitatearena, batez ere gehiegizko maskulinitatearena. Guztiok kezkatzen gaitu horrek, baita maskulino direnak ere. Zer gertatzen da XXI. mendeko gizonaren nagusitasunarekin? Badirudi ez dela inoiz bukatzen. Gai horiek guztiak lantzen ditut, nire ikuspegitik, eta, tarteka, baita gordintasunez ere. Gainera, zortzi sortzaile gizonezko izango dira oholtzan nirekin, eta plazer hutsa da haiekin lan egitea.

Eguneroko ogi bihurtu da hibridazioarena eta fusioarena kultur programazioetan, baina zu horrekin hasi zinenean, oraindik normalizatu gabe zegoen. Nola bizi izan duzu garapen hori?

Grazia egiten dit fusioa egiten dudala esaten dutenean-eta, hori baita nik bizitza guztian egin dudana. Dantza da niretzat oinarria, baina beti gustatu zait beste mundu batzuen bila abiatzea. Naturala izan da niretzat, oso organikoa.

One-Hit Wonders piezan oin puntetan Flamenkoa dantzatzen duzun pasartea izan daitezke horren ikurra.

Mugimendu klasiko hori flamenkoaren munduarekin eta izpiritu flamenkoarekin uztartzen dut, eta testuatxertatzen diot. Gorputzarekin pentsatzen dut nik, eta modurik tuntunenetan heltzen dira ikuskizunetarako ideiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.