Bi euskaldun ere ageri dira filmean, panpako landetan, bizkaieraz hitz egiten. Tanbero-ak deitzen zaiela argitu du Veronica Chen zinemagile argentinarrak (Buenos Aires, 1974). «Euskal herritarrok langile ospea duzue han». Argentinan film ugari egiten ari dira azken hamar urteetan. Chenen ustez, gobernuak onartutako Zinema Legeari esker da. «Frantziari kopiatu genion eredua bikaina da».
Untxi mutanteak, emakume eder bat, ustelkeria, ezinezko amodio bat, marrazki bizidunak, panpako gaucho-ak, komunitate txinatarra, mafia... Zer da Mujer conejo?
Nahasketa bat. Bizi garen mundu garaikidearen isla da. Jada ez dago kutxatilategi garbirik; ez arrazarenak, ez kulturarenak, ez hizkuntzarenak... Donostian bertan ere ikusten da hori. Nahi nuen Ana Yangek, protagonistak, daraman nahasketa hori pelikulan ere estetikoki erakustea.
Zein nahasketaz ari zara zehazki?
Jatorri asiarrekoa da, baina Argentinan jaio eta bizi da. Itxura txinatarra du, ez daki txineraz, gaztelera oso porteñoa hitz egiten du... Ez dute ez mundu batean ez bestean guztiz onartzen.
Pelikulak Buenos Airesko komunitate txinatarraren ez du oso irudi ona ematen...
Ez nago ados... Azaldu nahi izan dut Mendebaldean daukagun ikuspegi parainoko hori. Horren arabera, txinatarrek inbaditu egiten gaituzte, lana kentzen digute, dena merkeago saltzen... Ikuspegi hori areagotu nahi izan dut, horri, nolabait, barre egiteko. Txinatarrei buruz ere esaten da untxiak bezala ugaltzen direla, toki guztietan daudela...
Zuk ere jatorri txinatarra daukazu, aitaren partetik. Diskriminazio hori, ikuspegi paranoiko hori, pairatu al duzu inoiz?
Kontua da ez zaidala nabaritzen jatorri txinatarra dudanik. Aditzen ditut kontu horri buruz esaten diren gauzak... Ni ur horietan mugitu izan naiz betidanik.
Ana Yang ez dute ez mundu batean ez bestean guztiz onartzen. Hari gertatzen zaiona beste komunitate edo eremu batzuetara ere estrapolatu al daiteke?
Bai, noski. Arraza, kultura edo hizkuntza eremu itxiak arriskutsuak dira. Horrek borroka bat sortzen du. Nahasketa dagoen bitartean, iraun egingo da; eremuen purutasunari eustea, aldiz, arriskutsua da. Ghettoak erraz desegin daitezke, hor ikusgai daude, baina ghettoa toki guztietara hedatzen baldin bada, ezin da identifikatu. Nahasketak babestu egiten du.
Argentinan errezeloz hartzen al da nahasketa hori?
Bai. Argentinan inbasio bat balitz moduan hartzen dute. Adibidez, azkeneko bospasei urteotan dezente handitu da afrikarren komunitatea. Argentinar ohikoarentzat ikusezinak dira, ez dira existitzen. 'Bai, urrea-edo saltzen dute...'. Horrelako komentarioak egiten dira...
Baina itxikeria hori elkarrenganakoa izango da...
Bai, noski, baina gertatzen da alderdi bat uzkurtuta, baztertuta sentitzen dela, eta ez dela sartuko toki batera, nik zer dakit, enpanada batzuk erostera.
Zergatik txertatu dituzu marrazki bizidunak filmaren %35ean?
Batetik, nahasketa indartzeko. Bestetik... Marrazki mota hori ez da Futbolín, ez da Pixar... Asia da, anime bi dimentsiotan egindako artisau marrazkia. Beste gauza bat da, oso erromantikoa, egiteko oso zaila. Gainera, eszena bortitzetarako erabilgarriagoak dira marrazkiak. Gauza bat da marrazki batean ikustea nola hiltzen duten ume bat, eta beste bat gauza bera hezur-haragizko pertsonaiekin erakustea. Marrazkiek biolentzia arintzen dute.
Donostiako 61. Zinemaldia. Zabaltegi. Veronica Chen. Zinemagilea
«Arraza, hizkuntza edo kultura eremu itxiak arriskutsuak dira»
Mafia txinatarraren kontu ilun batetik abiatuta, 'Mujer conejo'-k mundu garaikidea azaltzen duela uste du egile argentinarrak. «Nahasketa bat, non kutxatilategi garbirik ez dagoen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu