Musika

Modus Operandiren iraganaren eta orainaren arteko bidaia

Musika taldeak 'Atzo/Gaur' hirugarren diskoa kaleratu du, hamar kantu bilduta. La Polla, Barricada, Latzen, Ken Zazpi eta Berri Txarrak taldeen bost abestiren bertsioak egin dituzte. Kolaboratzaile batzuen laguntza izan dute.

MODU OPERANDI
Modus Operandi taldeko kideak, 'Atzo/Gaur' diskoa eskuetan. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2023ko abenduaren 26a
05:30
Entzun

Aldapatsua izan zen hasiera lehenengo lanarekin, eta oztopoz beterikoa bigarrenarekin. «Arriskuak» hartu dituzte orain, hirugarrenarekin. 2018an sortu zen Modus Operandi, estreinako diskoa argitaratzearekin batera, eta lan berria atera du taldeak, hirugarrena: Atzo/Gaur disko bikoitza. «Zerbait ezberdina egin nahi genuen», Iñaki Ortiz de Villalba abeslariak azaldu duenez. «Atzoko abestiei gaurkotasun kutsu bat eman diegu».

Iraganetik orainerako bidaia bat egin du Modus Operandik, hamar kantaren bitartez: Euskal Herriko zenbait talderen bost abesti esanguratsuren bertsioak egin dituzte, eta beste bost sortu. Aurreko diskoan sumatu zen aldaketaren bidetik jarraitu du taldeak lan berrian, askotariko doinu, erritmo eta estiloak uztartuta: autotunea, trapa, cumbia, popa, ska, rocka... Taldea eroso dago estilo nahasketan. Izan ere, bereak dituen ska doinuetatik erabat aldendu gabe, musika estilo eta erritmo berriak jorratzea gustuko dutela erakusten du lan berriak.

«Hirugarren diskoa beti izaten da garrantzitsua talde guztien ibilbidean, eta guk kutsu berezia eman nahi genion lan honi». Josu Erbiti perkusionista eta produktoreari esker lortu dute bigarren lanean hasitako norabide aldaketa horretan areago sakontzea. Haren lorratza sumatzen da kantetan, Ortiz de Villalbaren ustez: «Sukaldari hori egon ez balitz, seguru asko ez genukeen horrelako disko bat egingo. Ziur asko, zerbait gordinagoa izango zen, baina ez hau bezalakoa». 

Disko ausarta da, batez ere Atzo-n bildutako bertsioei erreparatuz gero. 2000. urtetik 2022.era desagertu ziren musika talde batzuen bost abesti aukeratu dituzte, eta haien bertsioak egin dituzte, kolaboratzaile banarekin. Latzenen Laztana izan zen kaleratu zuten lehen kanta, Zea Mays taldeko Aiora Renteriarekin. Haren ostean, arrapaladan etorri ziren gainerako abestien kolaborazioak: Berri Txarrak-en Oreka Danae abeslari gaztearekin grabatu dute; La Polla Recordsen Ellos dicen mierda Aguraingo Duplarekin egin dute; Barricadaren Mañana sera igual kanturako, Afrika Bibang izan dute bidelagun, eta Ken Zazpiren Itsasoa gara kanturako, berriz, Janus Lasterreko Jokin Pinatxo izan da haiekin kantatzen. Guztiekin bideoak grabatu dituzte estudioan, eta pixkanaka argitaratuz joango dira.

«Hirugarren diskoa beti izaten da garrantzitsua talde guztien ibilbidean, eta guk kutsu berezia eman nahi genion lan honi».

 IÑAKI ORTIZ DE VILLALBA Abeslaria

Bertsioetan jatorrizko kantak «goitik behera apurtu» nahi izan dituztela aitortu du Ortiz de Villalbak. «Abestiak beste eremu batera eraman nahi izan ditugu, atzoko kantak gaurko bilakatuta». Jakitun zeuden abestien bertsioek zeresana emango zutela, eta hala izan da: hainbat kritika txar jaso dituzte, batez ere Laztana kantari buruz. «Bagenekien ortodoxoen kritikak jasoko genituela; arriskua hor zegoen». Hala ere, kritika txarrekin batera feedback ona ere jaso dute, eta hori hartu nahi dute gogoan.

‘Gaur’, kezka sozialez

Atzo diskoaren aldean, Gaur diskoaren abesti denak dira berriak. Gizarte gaiak dira hizpide nagusia kantuetan, eta, abeslariak aletu duenez, askotarikoak dira: desamodioa, maitasuna, bazterkeria, denboraren joana... Musikaren bitartez inguruko arazoak behatu ditu taldeak, eta Ortiz de Villalbak idatzi ditu kantu guztien hitzak. Aitortu du nekeza egin zaiola idaztea, eta inspirazio bila eman zuela uda osoa. Uda igarota hasi zen sormena loratzen, eta irailerako, grabatzen hasi zirenerako, ia kanta guztien hitzak zituen.

Zure bihotzetik onena kanta diskoa atera aurretik argitaratu zuten. Abeslariak bere amari eta oro har ama guztiei egindako omenaldia da. «86 urte ditu amak, eta makal dabil. Ikusten dut urteen higadura harengan». Eskerrak emateko kanta bat da, «beren bihotzetik onena eman didalako». Denboraren aizkora kantua, berriz, denbora geldiarazteko dei bat da, bizitzan askotan «benetan inporta duena» ahaztu ez dadin.

Maiteak mindu zituen kutsurik sentikorrena duen abestia da. Amodioaren eta desamodioaren arteko talkari buruzkoa da, «fideltasun gabeziaz dihardu, eta zintzo jokatzeaz». Itxurari buruzko kritika bat da Egun zarena abestia, nork bere burua onartzeko aldarri bat: «Guztiok begiratzen dugu geure burua ispiluan, eta beti gazte mantendu nahi dugu».

Eta Downen sindromea duten lagunez osatutako Verdini dantza taldean inspiratuta dago Berdinak ezberdinak kanta. Gizartean «baztertuta eta ikusezina» den edozein kolektiborentzat balio du abestiak, Ortiz de Villalbaren iritziz.

Hirugarren lanarekin taldea egonkortzeko bidean bada ere, oraindik «bere tokia bilatzen» ari direla aitortu du Ortiz de Villalbak. Durangoko Azokan egon berri dira lan berria aurkezten, eta zuzeneko gehiago emateko gogo biziz dira. Badauzkate hainbat data lotuta: urtarrilaren 20an, Ziburun egongo dira (Lapurdi); 25ean, Bilboko Kafe Antzokian; eta otsailaren 17an, Gasteizko Jimmy Jazzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.