Arrotz baten tokian jartzeko gonbidapena

Xabier Etxeberria idazleak 'Berriro itzuliko balitz' thrillerra plazaratu du. Orain arte idatzi duen libururik «odoltsuena eta krudelena» da

Miren Garate.
Donostia
2018ko urriaren 27a
00:00
Entzun
L. P. Hartley idazlearen The-Go Between eleberriko lehen esaldian du ernamuina Xabier Etxeberriaren (Zarautz, Gipuzkoa, 1974) nobela berriak. «Iragana atzerriko herrialde bat da» esanez hasten da hura, eta esaldia gogoan geratu zitzaion. «Aipua aspalditik neukan buruan, eta baneukan gogoa iraganari eta atzerritar izateari lotutako istorio bat sortzeko». Antzeko ideiez ari da Xabier Leteren Habanera ospetsua ere, eta haren hasierako hitzetatik etorri da izenburua: Berriro itzuliko balitz. Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako XVII. Augustin Zubikarai beka irabazi zuen Etxeberriak iaz, eta sari horren emaitza da eleberria.

Idazleak kontatu duenez, tarteka koaderno batean apuntatzen ditu bere burutazioak, eta hitz joko bat ere bazuen han jasota: harrotza, harro eta hotzaren arteko konbinazioa. «Hitz horrekin, neure buruarekiko pentsatzen nuen arrotza denari, atzerritarrari, zer klasetako begirada zuzentzen diogun: askotan, harro eta hotza. Eta istorio honen bitartez, nahiko nuke irakurleek ariketa bat egitea: 'Zer sentituko zenuke zu bazina arrotza'?».

Euskal Herrira etorrirako atzerritar baten kasua kontatzea izan zitekeen aukera bat, baina kontrakoa egitea erabaki du Etxeberriak. Eleberrian, Karlos Jaso musikari iruindarra da arrotza. Heinsborg izeneko uharte txiki batean bizi da, Danimarkan. Eta bi arrazoik bultzatu dute idazlea kokaleku hori aukeratzera. Alde batetik, egunkari batean irakurritako erreportaje batek: «Istorio hau buruan bueltaka nuenean irakurri nuen, eta harrituta geratu nintzen, ipintzen baitzuen Danimarka oraintxe bertan Europako herrialderik arrazistenetakoa dela».

Horrez gain, aspalditik zuen istorioa uharte txiki batean kokatzeko gogoa, eta Danimarkak halako asko ditu. «Nahi nuen komunitate itxi batean gertatzea istorioa, ferryan iritsi behar den toki batean, eta hango gizarte endogamiko horren kontaketa egitea». Kasualitatez, gainera, beka eman ziotela jakin zuenean uharte batean bizi zen Etxeberria bera ere, urtebete eman baitu Irlandan. «Ez dakit horrek eraginik izan duen idazketa prozesuan».

Norabide aldaketak

Alargundu berria da Karlos protagonista, eta Maddi hiru hilabeteko alabarekin bizi da. Musika banda utzi, emaztearen jaioterrira itzuli, eta herri horretako musika eskolan hasten da lanean. Ebbe da beste protagonista nagusia, desagertutako alabaren bila dabilen emakume bat. «Lasai hasten da argumentu aldetik, baina, pixkanaka, apartekoak ematen zuten arren, bi pertsonaia horien istorioak gerturatuz doaz». Azkartu egiten da erritmoa. «Ikusten duzu hodeiak badatozela, eta momentu batean ekaitza lehertzen da. Hortik aurrerakoa zaparrada da». Etxeberriaren esanetan, orain arte idatzi duen «libururik odoltsuena eta krudelena» da Berriro itzuliko balitz. Umorea ere aurreko lanetan baino gutxiago erabili du: «Ilunagoa da; tonuak berak eskatzen zidan umore gutxiago sartzea».

Idazketa aldetik, estilo sinpleagoan idazten ahalegindu dela azaldu du, eta kapituluen muntaketa gehiago fintzen edo lantzen ere bai. Hain zuzen, bi ataletan banatu du kontakizuna: Iragan denbora arrotza izena du aurrenekoak, eta Berriro itzuliko balitz bigarrenak. «Erritmoari, intrigari, suspenseari eta argumentuko norabide aldaketei garrantzia eman diet. Liburu hau gauza bat dela pentsatuz zoazen arren, gero beste panorama bat aurkitzen duzu».

Etxeberriaren bakarkako laugarren nobela da Berriro itzuliko balitz. Egun denak ez dira berdin (2001); Udazkeneko lorea (2012); eta Eman amore (2015) dira besteak. Anaia Martinekin batera beste hainbeste argitaratu ditu: Itxoidazu Café de Passy-n (2004); Ez dadila eguzkia sartu (2006); Arrain abisalak (2009); eta Gizon gogorraren sekretua (2015).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.