Arotzak, umeak, irakasleak, adinekoak, dendariak, etxekoandreak... Alice Munro sarituaren (Wingham, Kanada, 1931) liburuetako pertsonaiak «oso jende normala» dira, Eider Rodriguez idazlearen iritziz. «Jende horren balio, mundu ikuskera eta ohiturak biltzen ditu, nahigabe bezala». Horien «bakartasuna» erakusten du. Baina, hain zuzen, hor dago «koxka» Rodriguezen ustez. «Jende arrunta izanagatik jende bakana delako, haien berezitasun eta arrarotasunekin». Munro ez da «sofistikatua», ez pertsonaietan, ez hizkuntzaren erabileran, ez eta egituraketan ere. «Baina jende arruntari buruzkoak izanagatik, dotorezia eta perfekzio handiko liburuak dira». Zorion handiegia hamar ipuineko bilduma da horietako bat. Estreinako aldiz itzuli daeuskarara Munroren lan bat —Nagore Tolosa, Naroa Zubillaga, Aiora Jaka eta Itziar Otaegi arduratu dira—, eta Meettokek kaleratu du.
Too Much Happiness-en (2009) itzulpena irakurriz «zoriona, zorion handiegia sentitu du» Rodriguezek. «Eta bukatu ondoren, aldiz, sekulako pena. Beharbada, haren azken liburua izango delako. Ez dut akabatu nahi, baina 81 urte dauzka. Hau bada azkena, literatura herren geratuko da aurrerantzean». Guztira hamazazpi liburu osatu ditu Munrok, literaturan «berantiarra» izan zelako. «Ez hainbeste idazten, argitaratzen baizik». Gehienak kontakizunak dira, eleberri bat salbu. «Ez da ohikoa errelatoak idaztetik bizi den norbaitek ospea edukitzea. Agian, horregatik deitzen diote Txekhov kanadarra». Eudora Weltyrekin konparatu izan dute, eta baita Raymond Carverrekin ere, «estiloagatik eta ipuinak idazteagatik».
Meettok argitaletxeak kaleratutako liburuko ipuinak azken urteetan osatu ditu Munrok, eta The New Yorker eta Harper's aldizkarietan argitaratu zituen, liburu batean bildu aurretik. Ipuin bakarra da aspaldikoa,Egurra izenekoa, 80ko hamarkadaren hasierakoa. «Hortaz, ez dira orain 50 urte idatzitakoak eta mailarik eman ez zutelako tiraderan gordeta egon direnak». Rodriguezek uste du, ofizioa menderatu baino gehiago, ofizioa dela ahaztu, eta gustu ikaragarria duen eta sasoi betean dagoen idazlearen lana dela Munroren azkenekoa.
Jende arrunta hizpide
Biltzen dituen istorioek aipatutako jende arrunt hori dute hizpide. Seme-alabak hil dituen aitaren kontakizuna, ikasle dabiltzan bi neskarena, urritasun bat daukan haur baten heriotzarena, ohean gaixo dagoen gizonarena, aurpegian jaiotza marka bat duenarena... Familia erdia hil eta ihesean doan gizonaren bizipenak ere kontatu ditu. «Askotan erabiltzen du umorea, kontatzeko dituen gauzak umorezkoak ez izan arren».
Hirugarren pertsonan, «jainko txiki baten begietatik» idazten du, baina inoiz ez du epaitzen. Rodriguezen irudiko, Munrok «putzu sakon batera» eramaten du irakurlea. «Badu gaitasun hori. Eta putzu horretatik hitzak bueltatzen zaizkizu guztiz desitxuratuak». Lortzen du irakurlea istorioarekin «kolpetik» lotzea. «Kosta egiten da, gainera, hortik ateratzea». Rodriguezi iruditzen zaio oso modu sinplean irakur daitekeen lana dela; halere, «konplexutasun handiko» irakurketa ere izan daiteke. Argi dauka: literaturako «ahots berezienetako bat» da. «Esango nuke oso zaila izan dela itzultzea, bere deskribapenen zoramena kontuan hartuta».
Nagore Tolosa itzultzaileak, berriz, pentsatzen du «beste baten talentua» erabilita jaso dutela «ordainsaria». Arrunta dotore bihurtzen duenaren talentua.
Arrunta dena dotore bihurtuz
Alice Munroren 'Zorion handiegia' ipuin liburua euskaratuta argitaratu du Meettok argitaletxeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu