Arte merkatua, poltsiko guztien eskura

Arteando arte azokan, 800 artistaren lanak salgai izango dira gaurtik astelehena bitartean, Irunen

Irungo Ficoba aretoan, Arteandoren iazko arte azokan, 10.000 bisitari izan ziren. BERRIA.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2012ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Artelanak miresteko aukeraz gain, erostekoa ere emango du, bigarrenez, Arteando arte azokak. Erakusketa erraldoia antolatu dute aurten, 800 artistaren obrekin osatutako 50 erakusgela antolatu baitituzte Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa). Baina, kantitatearekin batera, kalitatea zaindu dute Arteandoren antolatzaileek, eta artearen munduko egile ezagunenetako batzuen obrak izango dira salgai; esate baterako, Antoni Tapies, Eduardo Txillida, Jorge Oteiza, Luis Feito, Joan Miro, Salvador Dali eta Pablo Picasso maisuenak. Azoka gaurtik astelehena bitarte egongo da irekita, eta arte garaikideko mota guztietako piezak egongo dira ikusgai eta salgai, hala nola margolanak, eskulturak eta baita argazkiak ere. Horrekin batera, Nestor Basterretxeari omenaldia egingo diote, bizi osoko lana gogora ekarriz, eta artistaren hainbat pieza salgai izango dira.

Dena den, izen handiak ez dira erakusketaren helburu bakarra. Marta Scapellini azokaren zuzendariaren esanetan, benetako helburua da artea guztien eskura jartzea, salmenten inguruko aurreiritziak amaitzeko: «Askok uste dute artea erostea aristokraten gauza dela, eta ez da horrela. Azoka honetan ez daude salmenta handiak, familia guztientzako moduko piezak baizik». Iaz egin zuten lehen aldiz azoka, eta 10.000 bisitari inguru izan ziren Irunen. Azokaren zuzendariaren esanetan, arrakasta nabarmena lortu zuten: «Askok uste dute jendeak ez duela artea erosten, baina gaur egun familia gehienek dute piezaren bat etxean». Aurten, erakusketa kopurua bikoiztu dute, eta jende gehiago etortzea espero du Scapellinik: «Salmentak gorabehera, jendeak azokaren muntaketa miretsi zuen iaz. Aurtengoa oraindik ikusgarriagoa da, eta bisitari kopurua handitzea espero dugu». Ficobako aretoko erakusketekin batera, eraikinetik kanpo eskulturen lorategia gehitu dute.

Azokan parte hartuko duten artisten % 70 iaz ere bertan izan ziren. Scapelliniren arabera, artistentzat aukera paregabea da zuzenean erosleekin harremanetan aritzeko: «Artea normalizatu beharra dago. Jendeak dirutza gastatzen du kotxeak edota punta-puntako teknologia erosten, baina gehiegikeria iruditzen zaie mila edota bi mila euro inbertitzea margolan batean». Krisiak ez du onik egin artelanen merkatuan, baina azokaren zuzendariak uste du beharrezkoa dela artea erostea: «Emozioekin lotuta dagoen erosketa bat da; ez da funtzionala, ezta aberasgarria ere; ez, behintzat, gure azoka. Etxea edota lantegia apaintzeko pentsatutako obrak dira, jendeak gozatzeko, musika kontzertuekin edota antzerki emanaldiekin egiten den bezala».

Omenaldia Basterretxeari

Azokak Nestor Basterretxeari (1924, Bermeo) omenaldia egitea erabaki du, Euskal Herriko arte garaikidearen mugimenduaren bultzatzaile nagusietako bat izan delako. «Basterretxea hemengo arte garaikidearen irudia da, eta ezinbestekoa iruditu zaigu halako ibilbide oparoa eskaini digun artista bati omenaldia egitea. Gainera, oso garrantzitsua iruditu zaigu omenaldia bizirik dagoen artista bati egitea, batez ere, hari eskainita dagoelako. Oteiza eta Txillidarekin batera, Euskal Herriko eskultura eskolaren oinarria izan da Basterretxea, eta garai hartako arte mugimendua ezagutu zutenen artean Basterretxea da bizirik dagoen bakarra».

Euskal Herriko eta nazioarteko egilerik ezagunenekin batera, arte garaikideko punta-puntako artisten lanak ere salgai izango dira azokan. Besteak beste, Miquel Barcelo, Menchu Gal, Eduardo Urculo, Fernando Mikelarena, Benjamin Palencia, Dario de Regollos, Manolo Valdes eta Antonio Sauraren lanak egongo dira Ficoban. Argazkilaritzak gune berezia izango du, eta bertan izango dira Marco Russo eta Virginia Panichi argazkilari italiarren lanak, besteak beste. Scapellinikjendea animatu du azokatik pasatzera eta ikusten duenarekin gozatzera: «Ez da arteaz jakin behar edertasuna sumatzeko. Beldurrik gabe etor dadila jendea, ondo pasatzea baita helburua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.