Ambroise Vollardek, Parisko marchand-ik ezagunenak Georges Rouault pintorearekin kontratua sinatu zuen 1913. urtean haren lan guztiak erosteko. Rouaultek pintatutako koadroak Vollardek saltzen zituen eta marraztutako eta grabatutako liburuak Vollardek berak argitaratzen zizkion.
Hogeita bost urte baino gehiago arazo handirik gabe pasatu ondoren, 1939. urtean Ambroise Vollard auto istripu gogor batean hil zen. Orduan Rouaultek lanen gaineko eskubidea aldarrikatu zuen Vollarden oinordekoen aurrean saldu gabeko eta bukatu gabeko lanak berreskuratzeko. Baina arazoa era baketsuan konpondu beharrean, auzitara jo behar izan zuten artistaren egile eskubideak onar ziezazkioten. Azkenean, Rouaultek auzia irabazi zuen, eta Vollardek eskuratutako hainbat eta hainbat lan pintoreari bueltatu behar izan zizkioten.
Baina haietako lan asko bukatu gabe zeuden, eta Rouaultek saltzeko aukera izan arren (Vollardek horretarako erabili nahi zituen, noski), urte batzuk lehenago hasitako lanak aztertzea erabaki zuen. Rouaulten kalitate irizpidearen arabera sailkatu ondoren, pintoreak 315 lan erretzea erabaki zuen mailarik ez zutela iruditu zitzaiolako.
Gaur egun, Rouaulten erabaki horrek harritzen gaitu. Artistaren etika zer den oso ondo ez dakigun garaian, BERRIAk berak orain dela aste batzuk argitaratutako Iñigo Astizen artikuluan irakurritakoaren arabera, zaila da horrelako zerbait errepikatzea. Errazagoa da enkante etxean edozein artistak, Picassok adibidez, paperezko ezpain-zapi baten gainean egindako zirriborro eskasa, prezio ikaragarrian salgai ikustea. Garbi dago artista askok zirriborroak eta frogak puskatzen dituztela, baina saltzeko gai direla frogatu ondoren suntsitzea, gutxitan gertatzen dela iruditzen zait.
Gainera, arte garaikideak prozesuari emandako garrantziak zeharo aldatu du bukatu gabeko artearen gaineko ikuspuntua. Rouaultek bukatu gabeak behin eta berriz estaltzen zituen bila zebilen irudia edo kolorea aurkitu arte. Gaur egun ideiari ematen zaion nagusitasunak azken emaitzari tokia kendu dio, eta horregatik artelanaren egiteko prozesua interesgarria iruditzen zaigu.
Egoera horrek, arte merkatuaren aldaketak ekarri beharrean, bere horretan mantendu du, eta horregatik ez da arraroa gaur egun bukatu gabeko lanak, frogak edo zirriborroak behin betiko lanen antzera saltzea. Ikertzailearentzat oso interesgarria da artearen sortze ibilbidea ezagutzea, eta erakusketetan gustura ikusten dugu, baina artearen merkatuaren kontrako enegarren saioa izan behar zuena erraz irentsi dute salerosketetan ibiltzen direnek.
Gaur egun, Rouaulten erabakia ulertezina izango litzateke.
ARTEA. Erabakiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu