ARTEA. Identitatea

Ismael Manterola
2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Aurreko asteko artikuluan Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak aurkeztu duen planari buruz idazterakoan identitate hitza behin baino gehiagotan azaldu zen.

Identitatea ardatz zuen balizko kultur politikaren aurrean herritartasunean oinarritutakoa eskaintzen digute kulturaren gestore berriek. Identitatedun kultura edo identitatean oinarritutako kultura baztertu behar omen dira herritarrari kultur produkzio eta eskaintza egokiagoa emateko.

Beraz, identitatearen gaineko eztabaida jarri zuen mahai gainean Kultura Sailak plan berriaren aurkezpenean. Baina ba al dute lehendakariak, Kultura sailburuak eta sailburuordeak identitaterik? Eusko Jaurlaritzako lehendakari edo kide izatea, Renania-Westfaliako lehendakari edo gobernuko kide izatearen antzekoa al da? Norbaitek bere burua hauteskundeetara aurkezten duenean arrazoiren bat izango du. Zergatik izan nahi zuen Patxi Lopezek Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakari?

Antonio Rivera Kultura sailburuordeak, Historiako eskolak ematen zituenean, zein hizkuntzatan ematen zituen? Esperantoz ematen al zituen? Berdin-berdin emango al zituen beste batean? Zer ospatu zuen Eusko Jaurlaritzak Madrilen urriaren 12an, Hezkuntza sailburua desfile militar batera bidalita?

Zaila egiten zait imajinatzea Kultura sailburuari edo Hizkuntza Politikarako zuzendariari berdin zaiela, bertsolaritza edo payadore-en lana, berdin-berdin zaiela Mikel Laboaren Lekeitioa edo John Cageren lanen bat entzutea, berdin irakurtzen dutela Kirmen Uriberen New York-Bilbao-New York euskaraz edo gaztelaniaz, berdin-berdin ikusten dutela Picassok pintatutako Gernika edo Rubensen Gerraren ondorioak koadroa, jarrera berdina dutela Txillidaren Haizearen orrazia-ren edo Madrilgo Alcalako atearen aurrean, berdin zaiela Ibon Aranberriren pinudien argazkiak edo Carles Congostek nerabeei ateratakoak.

Nire ustez, identitate ezberdin askoz (nazional, sexual, politiko, sozial...) osatutako izakiak gara, onerako eta txarrerako. Gurea bakarra edo onena dela pentsatzea eta besteei inposatzea izango litzateke txarra, baina kasualitatez nirea da beti gutxiengoan dagoen identitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.